- Hurrengo bilera larunbat honetan egingo da, urriaren 11n, Gernikako Elkartegian, 10:30ean
- Lasaitasun-mezua bidali du Sailak, eta ziurtatzen du prozesuan parte hartzeko izena eman duten pertsona guztiei entzungo zaiela
- Gernikakoaz gain, entzute-saioak urriko larunbatetan egingo dira, Gipuzkoan zein Bizkaian.
Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailak joan den larunbatean Orion egin zen lehenengo entzute-saioaren balantze positiboa egin du, Eusko Jaurlaritzaren eskumenekoak diren portuetako amarratzeen araudia berritzeari dagokionez.
Leandro Azkue Eusko Jaurlaritzako Arrantza, Portu eta Itsasertzeko sailburuordeak azpimarratu duenez, lehenengo topaketak izan duen parte-hartze handia prozesuak piztu duen interesaren erakusle argia da. “Lasaitasun-mezua bidali nahi diegu entzute-prozesu hauetan parte hartu nahi dutenei. Guztiak entzungo dira, kezkak azaldu ahal izango dituzte eta kontuan hartuko dira beren iritzia eta proposamenak. Araudia guztion artean berrikusiko dugu”.
Joan den larunbatean Orion egindako bileran, aurrez deialdia jaso zuten gaur egungo berrogeita hamar amarratzaile elkartu ziren; horiei gehitu behar zaie egun horretan Orioko Arraunetxera hurbildu ziren beste hainbeste. Gehienezko kopurua (berrogeita hamar pertsona) gainditu arren, sartzeko gonbita ere egin zitzaien, eta prozesuaren faseen berri eman zitzaien. Halaber, hurrengo egunetan beste entzunaldi-saio batera deitzeko konpromisoa hartu zen.
Aldez aurretik deituta zeuden berrogeita hamar pertsonek parte hartu ahal izan zuten topaketan. Bertan, lan- eta entzunaldi-saioa egin zen, talde-dinamiken bidez. Amarratzaileek beren iritzia eman ahal izan zuten. Azkenik, taldeko saio bat egin zen parte-hartzaile guztiekin, eta saileko arduradunak ere bertan izan ziren. Talde bakoitzaren ondorioak bateratu eta partekatu ziren.
“Entzute-prozesuaren lehen topaketa hau oso pozgarria izan da. Euskal amarratzaileen ekarpenak ezinbestekoak dira 2017ko Amarratze Agindua eguneratzeko orduan. Hau lehenengo saioa baino ez da izan, eta hurrengo asteetan gehiago egingo ditugu” adierazi du Leandro Azkuek.
Orion egindako lehen entzute-saio honetan, Gipuzkoako Lurralde Historikoan izena emanda zeuden 280 amarratzaileetatik 50ek hartu dute parte. Entzute-saio horiek urriko larunbat guztietan egitea aurreikusi da. Izena eman duten Bizkaiko amarratzaileentzako entzute-prozesu honen bigarren saioa datorren larunbatean, urriak 11, egingo da Gernikako Elkartegian, goizeko 10:30ean.