Javier Hurtado Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuak Europako Bide Berdeen Nazioarteko Konferentzia industria-turismo jasangarrirako tresna gisa jardunaldia inauguratu du gaur Abanto-Zierbenan. Topaketa horren bidez, Euskadi Europako erreferente bihurtu da mugikortasun aktiboari, jasangarritasunari eta industria-ondarearen balorizazioari dagokienez. Jardunaldian erakundeetako ordezkariak, Europako adituak eta sektoreko erakundeak bilduko dira, esperientziak eta jardunbide egokiak partekatzeko. Bide berdeak lurraldea suspertzeko, gizarte-kohesiorako eta industria-ondarea bultzatzeko tresnak izan daitezkeela azalduko dute.
Konferentziaren esparruan, European Greenways Awards sarien 12. edizioa ere egingo da. Aurten, 33 hautagai jaso ditu, Europako 13 herrialdetakoak, bide berdeek mugikortasun jasangarriaren, ondarearen berreskurapenaren eta lurralde-kohesioaren eredu gisa duten gero eta garrantzi handiagoaren isla.
Sailburuak Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak zikloturismoaren eta bide berdeen alde egindako apustu sendoa azpimarratu du, horiek baitira Euskadiko Turismo Jasangarriaren Estrategiaren oinarriak. “Proiektu horien bidez, eskaintza dibertsifikatu, turismo-jarduera desestazionalizatu eta lurraldea egituratu dezakegu, tokiko garapenerako aukerak sortuta eta gure irudia indartuta, ingurumenarekin arduratsu eta konprometitua den helmuga gisa”, esan du.
Ildo beretik, sailburuak gogorarazi du Helmugako Jasangarritasun Turistikoko Planek 80 milioi euro baino gehiago bideratu dituztela Europako funtsetatik EAEko hainbat eskualde eta udalerritako 34 proiektutara, tokiko erakundeen inplikazioari eta Next Generation EU funtsen laguntzari esker. “Proiektu horiek turismo jasangarriagoa eta lehiakorragoa garatzen laguntzen ari dira, eta, horrez gain, gure historiaren eta kulturaren balioak hedatzen dituzte Euskadin eta Euskaditik kanpo”.
Azkenik, sailburuak nabarmendu du erakundeen eta gizartearen lankidetza funtsezkoa dela turismo-jasangarritasuneko politikek arrakasta izan dezaten: “Bide berdeen arrakasta erakundeen, enpresen eta herritarren ahalegin bateratuaren emaitza da. Horrelako foroek erakusten dute lankidetza dela aurrera egiten jarraitzeko bidea, ez bakarrik lurralde gisa, baita herrialde gisa eta turismo kontzienteago, errespetuzkoago eta inklusiboago baten alde egiten duen Europa baten zati gisa ere”.