Nafarroako Gobernuko Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako departamentuak, Memoriaren eta Bizikidetzaren Zuzendaritza Nagusiaren bitartez, «Ipuina eskuz esku Giza Eskubideak / Cuento-cadena Derechos Humanos » ekimenaren zazpigarren edizioa jarri du abian, Giza Eskubideen Nazioarteko Eguna dela eta. Hilabete oso batez burutuko da, eta Nafarroako hainbat ikastetxetako Lehen Hezkuntzako ikasleek parte hartuko dute.
Foru Gobernuaren Bizikidetza eta Giza Eskubideen Zerbitzuak, «Bakea eta Bizikidetza lantzen duten eskolak» programak, Giza Eskubideekiko errespetua eta esparru horretan egindako edozein urraketaren aurrean salaketa sustatzen dituenak, parte-hartzaile guztien artean, katean, bi ipuin sortzea proposatzen die ikastetxeei, bata euskaraz eta bestea gaztelaniaz, giza eskubideak gaitzat hartuta. Ariketa horren bidez, ikasleek beren errealitatera eramango dituzte eta bere egingo dituzte Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsalean aitortutako eskubideak. Ikasleek, jardueran parte hartzen duten irakasleek gidatuta eta lagunduta, beren lanean alderdi garrantzitsuak erakutsiko dituzte hala nola hurkoaren duintasuna, eta, modu naturalean, errespetu hori zaintzeko bitartekoak eta mekanismoak nabarmendu eta baloratuko dituzte.
Urriaren 7an hasi zen proiektuaren zazpigarren edizioan, Nafarroako 36 ikastetxetako 1.170 ikaslek hartzen dute parte. Ikastetxe horietako hiru bi hizkuntzetan arituko dira, euskaraz eta gaztelaniaz. Ekimenak azaroaren 17ra arte iraungo du eta, oraingoan, Katrin Pereda idazlea eta Angel Erro filologo eta idazlea dira ipuinei hasiera emateko arduradunak.
Eskola-egun bakoitzean, ikastetxe bat arduratuko da narrazio bakoitzari paragrafo bat edo bi gehitzeaz. Giza eskubideen inguruko hilabete osoko lana, dedikazioa eta hausnarketa. Ikasleen eta irakasleen parte-hartze zuzena eta aktiboa sustatuz, bi ipuinak liburu batean bilduko dira. Argitalpen hori Nafarroako ikastetxeetan banatu eta herritar guztientzat eskuragarri egongo da ere. Aurreikusi denez, datorren abenduaren 11n aurkeztuko da Iruñeko San Frantzisko liburutegi publikoan.
Gainera, bi narrazioak Nafarroako lau herritan taularatuko dira abenduaren 8tik 12ra bitarteko astean. Ekitaldi horietan ahozko narrazio-saioak eta giza eskubideei buruzko hausnarketa egingo dira.
Hauek dira «Ipuina eskuz esku Giza Eskubideak” ekimenaren zazpigarren edizio honetan parte hartuko duten ikastetxeak: San Miguel IP (Agoitz), La Balsa LHI (Arroniz), Paz de Ziganda Ikastola (Atarrabia), Santa Luisa de Marillac Ikastetxea (Barañain), Arizkungo IP (Baztan), Iruritako Herri Eskola (Baztan), Elizondo IP (Baztan), Legasako Eskola (Bertizarana), Arotzenea IP (Narbarte/Bertizarana), Regina Pacis Ikastetxea (Burlata), CPEIP Teresa Bertrán de Lis (Cadreita), CPEIP Virgen de Nievas (Dicastillo), San Miguel IP (Doneztebe), CPEIP San Miguel (Noain-Elortzibar), CEIP Auzperri (Aurizberri-Erroibar), Lizarra Ikastola (Lizarra), CP Justo Pastor y Santos (Fustiñana), Atakondoa Eskola Publikoa (Irurtzun), Arrano Beltza IP (Iturmendi), CPEIP Ximénez de Rada HLHIP (Rada-Murillo el Cuende), CP San Miguel (Orkoien), Bernart Etxepare IP (Iruña), Hegoalde Ikastola (Iruña), Colegio Santa Catalina Labouré (Iruña), Colegio Dominicas (Iruña), CPEIP San Jorge (Iruña), CEIP Colegio Vázquez de Mella-Bayonne (Iruña), Hezitzaile Eskola II (Iruña), Colegio FEC Vedruna (Iruña), CP Juan Bautista Irurzun (Azkoien), CPEIP San Bartolomé (Ribaforada), CP Alfonso X El Sabio (San Adrián), Garcés de los Fayos Ikastola (Tafalla), Larraintzar Ikastetxea (Ultzama), Erentzun ikastola (Viana), Erreniega IP (Zizur Nagusia).