Etxebizitzaren Euskal Behatokiak Espainiako etxebizitza-politiken lau hamarkada aztertu ditu

0
  • Gaur argitaratutako txostenak jakinarazten du, gainera, Euskadik hirukoiztu egin duela etxebizitza babestuen parke publikoko Estatuko batez bestekoa, eta 17,7 etxebizitza ditu 1.000 biztanleko, Espainian batez beste 6 etxebizitza direnean.
  • Guztira, 110.000 etxebizitza babestu baino gehiago eraiki dira Euskadin 1981etik, hau da, aldi horretan amaitutako etxebizitza guztien % 31.

Etxebizitzaren Euskal Behatokiak azken lau hamarkadetako (1980 – 2023) etxebizitza babestuko eraikuntzaren balantze konparatua argitaratu du ostiral honetan. Azterketa horren ondorioen arabera, Espainian etxebizitza publikoaren alde gehien egin duen erkidegoa da Euskadi. Dokumentuak azaltzen du Espainia osoan eraikitako babes ofizialeko etxebizitzen % 12 Euskadin eraiki direla, biztanleriaren % 4,5 besterik ez duen arren. Gainera, Euskadik hirukoiztu egin du etxebizitza babestuen parke publikoko Estatuko batez bestekoa, eta 17,7 etxebizitza ditu 1.000 biztanleko, Espainian batez beste 6 etxebizitza direnean.

Denis Itxaso Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburuak azpimarratu duenez, “agerikoa da etxebizitzaren arloan orainak agintzen duela, oraingo larrialdiak: etxebizitza gutxi eta garestia dela-eta etxe bat eskuratzeko zailtasun ikaragarriak dituzten hainbeste familiaren estutasuna”. Azaldu duenez, “badakigu larrialdi honi era guztietako neurriekin erantzun behar zaiola, eta horretarako ari gara neurri sorta hedatzen: legearen, baliabideen eta ekintza publikoaren aldetik”. Baina Etxebizitzaren Euskal Behatoki bat izateak, gaineratu du, “aukera ematen digu atzera begiratzeko eta Espainia osoan azken 40 urteetan egin denaren analisi haztatua egiteko”.

Txostenak lidergo historiko hori berresten du. Guztira, 110.000 etxebizitza babestu baino gehiago eraiki dira Euskadin 1981etik, hau da, aldi horretan amaitutako etxebizitza guztien % 31.

Azken bi hamarkadetan, Euskadin amaitutako etxebizitza guztien artean etxebizitza babestuen proportzioa handia da, Espainia osokoa baino askoz handiagoa: 2001 eta 2010 artean, amaitutako etxebizitza guztien % 28,4 izan ziren babes ofizialeko etxebizitzak; hurrengo hamarkadan, 2011 – 2020, proportzio hori % 50era igo zen, eta 2021 eta 2023 artean % 37 inguruan mantendu da —Estatuko batez bestekoa hiru aldiz txikiagoa izan da—.Atzeraldi Handian ere, Euskadik sustapen publikoari egonkor eutsi zion, eta, Eusko Jaurlaritzaren inbertsio kontraziklikoari esker, urtean etxebizitza libre baino etxebizitza babestu gehiago eraiki zen batez beste.

Itxasok berak nabarmendu duenez, “horrelako txostenak aztertzen direnean, ikusten da Euskadik hirukoiztu egin duela etxebizitza babestuen parke publikoan Estatuko batezbestekoa, eta 17,7 etxebizitza dituela 1.000 biztanleko; Espainian, berriz, 6 etxebizitza dira batez beste. Halaber, ikusten dugu Euskadik Espainian eraikitako babes ofizialeko etxebizitzen % 12 duela, nahiz eta biztanleriaren % 4,5 besterik ez garen”.

Etxebizitza babestuaren % 40 baino gehiago, alokairuan

Behatokiaren txostenak, halaber, alokairu babestuaren bultzada handia nabarmentzen du, horixe baita Euskadiko etxebizitza-politikaren ezaugarrietako bat. 2005etik, Euskadin, 1.000 biztanleko 5,2 – 5,3 alokairuko etxebizitza babestu eraiki dira, Estatuko batez bestekoaren bikoitza (2,7). Gaur egun, alokairuak etxebizitza babestu berriaren % 40tik gora hartzen du, eta etxebizitza eskuratzeko eredurik eskuragarri eta jasangarriena da.

Sailburuak aitortu duenez, «gauza asko egin ditugu ondo, baina eskariak gainditu gaitu», eta gaineratu du: «Horrek ez du esan nahi babes ofizialeko etxebizitza parke sendo baten alde egiten jarraitu behar ez dugunik, orainaldiko eta etorkizuneko beharrei aurre egin ahal izateko».

Egiturazko neurriei esker —hala nola 2003tik babes ofizialeko etxebizitzen kalifikazio iraunkorra eta lurzoru publikoa azalera-eskubidean lagatzea 75 urtez—, Euskadik parke publiko egonkorra finkatu du. Emaitza horrek Euskal Autonomia Erkidegoa kokatzen du autonomia-erkidego guztien buru, Madril edo Extremadura eskualdeen aurretik, eta gizarte- eta lurralde-kohesioa indartzen lagundu du.

Azken batean, Etxebizitzaren Euskal Behatokiaren txostenak berresten du Euskadiko arlo horretako politikak izaera estrukturala, jasangarria eta kontraziklikoa izan duela, eta parkearen tamainan eta orientazio sozialean ageriko inpaktua izan duela. Euskadi etxebizitza babestuaren ekoizpen erlatiboaren buru izateaz gain, politika publiko sendo eta jarraituari eutsi dio, etxebizitza eskuragarria eta duina izateko eskubidea bermatzeko.