Euskadiko Etxebizitza Foroak adostasun handiz onartu du etxebizitzaren erronkei aurre egiteko ibilbide-orria

0
  • Premiazko hiru ardatz nagusi dituzte akordioek: Lurzoruaren Legea arintzea alokairu publikoko erreserbak sortzeko; berrikuntza lankidetza publiko-sozialean, eta eraikuntzaren industrializazioa bultzatzea.
  • Proposamen batzuk, etxebizitza-politikak arintzekoak, Eusko Jaurlaritzak urtea amaitu baino lehen onartzea aurreikusten duen Premiazko Neurrien Dekretuan txertatu dira dagoeneko.
  • Foroak birgaitzeari eta berroneratzeari buruzko lan-mahai berri bat sortzea onartu du, 2036rako Etxebizitzaren aldeko Itun Sozialean ezarritako 350.000 etxebizitza birgaituak lortzeko helburuarekin bat.

50 eragilek baino gehiagok parte hartu dute Euskadiko etxebizitzaren erronkei erantzuteko parte-hartze eta lankidetza gune berri honen bigarren osoko bilkuran, eta Denis Itxaso Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburua izan da buru.

Foro hori parte hartzeko eta lankidetzan aritzeko gune egonkorra da, lankidetzan aurrera egiten jarraitzeko eta Euskadin etxebizitzaren erronkei erantzuteko. Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko Euskal Legean (2/2006 Legea) aurreikusitako tresna da, eta Etxebizitzaren aldeko Itun Soziala 2022-2036 planaren baitan adostua; itun hori 2022ko azaroan sinatu zuten etxebizitzaren alorrarekin lotutako duten erakunde instituzionalek, sozialek eta enpresaburuek. Foroak 51 kide ditu, baina Euskadin etxebizitza hobetzeko konpromisoa duten beste eragile batzuek ere parte har dezakete saioetan; bereziki, Itun Soziala sinatu dutenek.

Bilera horretan, Forotik ateratako lehenengo 3 lantaldeek egindako Gomendioen Txostenak onartu dira. Lehenengoa, Etxebizitza eta Hirigintza arloko erreformei buruzkoa, aldeko 28 botorekin eta 2 abstentziorekin atera da aurrera; bigarrena, berriz, eta hirugarrena, aho batez. Lankidetza-ereduen eta finantzaketa publiko-pribatuaren berrikuntzari eta industrializazioari buruzko lantaldeak dira, hurrenez hurren. Hiru lantalde horietan 132 erakundetako 170 pertsonak hartu dute parte.

LURZORUARI ETA HIRIGINTZARI BURUZKO 2/2006 LEGEAREN ANALISIA

Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko 2/2006 Legea aztertzeko Lantaldeak etxebizitza-politikak bultzatzeko eta arintzeko neurriak eztabaidatu eta gomendatu ditu. Neurri horiek barne hartzen dituzte: berehala eta epe laburrean hartu beharrekoak (adibidez, hirigintza-ekintzak sortutako gainbalioetan partaidetza aldatzea, lurzoruaren erreserba estrategikoa eratzeko —hala Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailari alokairuko etxebizitza babestuen parkea garatzea ahalbidetuko dio—, edo hirigintza-tresnen eta horiekin lotutako baimenen izapideak bizkortzea eta sinplifikatzea) eta epe ertainerako neurriak, hirigintzako plangintzan eta garapenean esparru malguagoak eta erresilienteagoak ezartzeko, etxebizitza azkarrago garatu ahal izateko eta egungo bizitoki-larrialdiari erantzuteko.

Proposamen horietako batzuk Etxebizitzaren arloko erregelamendu-xedapenak presaz aldatzeko dekretuan (Presazko neurrien Dekretuan) txertatu dira dagoeneko, eta urtea amaitu baino lehen onartzea espero da.

BERRIKUNTZA LANKIDETZA ETA FINANTZAKETA PUBLIKO-PRIBATUKO EREDUETAN

Lantalde honek oinarri hau izan du abiapuntu: Etxebizitzaren aldeko Itun Sozialaren helburuak bete ahal izateko, ezinbestekoa da eragile guztien inplikazioa eta haien arteko lankidetza, bai esparru publikokoak, bai pribatu eta sozialekoak (Etxebizitzaren aldeko Itun Sozialaren 6. ildoa). Horretarako, garatu edo sustatu beharreko lehentasunezko 6 tresna definitu ditu, hala nola housing associations, fundazioak edo antzeko formulak, Euskadiko Hirugarren Sektore Sozialak protagonismo handiagoa izan dezan alokairu eskuragarriko etxebizitzen sustatzaile eta kudeatzaile gisa, kolektibo zaurgarriei eta bazterketa-arriskuan daudenei etxebizitza-irtenbideak eskaintzeko. Kapital mistoko erakundeen figura ere jorratu da, eremu publikoa nahiz ekimen pribatua integratzen dituzten sozietateen edo bestelako sozietate-tresna kolektiboen formularen bidez, arrazoizko alokairuko babes publikoko etxebizitzak sustatzeko jarduketei ekiteko.

INDUSTRIALIZAZIOA, ERAIKUNTZA-SEKTOREA MODERNIZATZEKO BEKTORE

Lantalde horren helburu nagusia izan da neurriak ematea eraikuntza-sektore lehiakor, moderno eta berritzailea industrializazioaren bidez eratzeko, eta hiru arlo handitan eman ditu gomendioak:

  • Laguntza eta babes irmoa eraikuntza industrializatuaren sektorea garatzeko eta, horretarako, laguntza ekonomiko eta finantzarioko esparrua eratzea, pizgarri fiskalak ematea eta kontratazio publikoa sektorearen garapena eta ezarpena bizkortzeko palanka estrategiko gisa erabiltzea.
  • Industrializaziora egokitutako prestakuntza arin eta malgua sustatzeko neurriak.
  • Berrikuntza eta ziurtapena sustatzeko neurriak, Euskadi identitate-zeinua duen eraikuntza industrializatuko marka/labela sustatzea barne, produktuen kalitatea ikusarazi eta estatuko eta nazioarteko merkatuan posizionatzeko, eta ahalik eta azkarren martxan jartzea ziurtapen ofizialeko sistema propio arin eta malgu bat.

ETXEBIZITZA-PARKEA BIRGAITZEKO, BERRONERATZEKO ETA MANTENTZEKO LANTALDE BERRIA

Osoko Bilkurak beste lantalde bat sortzea erabaki du aho batez, hiru gai nagusitan aurrera egiteko neurriak azter ditzan:

  • Etxebizitzaren arloan birgaitzearen eta berroneratzearen inguruan landu beharreko lehentasunak.
  • Birgaitze-sektorearen gaitasunak egokitzea eta hobetzea.
  • Birgaikuntzarako laguntza publikoen kudeaketa arinagoa eta eraginkorragoa.