Euskal ekonomiaren “sendotasuna” nabarmendu du Torres Lehendakariordeak eta hazkunde iraunkorra aurreikusten du, nazioarteko testuingurua gorabeheratsua izan arren

0

Eusko Jaurlaritzak hazkunde iraunkor, lehiakor eta inklusiboarekin duen konpromisoa berretsi du, Industria Planean, Euskal Finantza Aliantzan eta 2030 Enpleguaren Euskal Estrategian oinarrituta  

Tentsio geopolitikoek, gatazka belikoek, muga zergen politika protekzionistek eta Europaren dezelerazioak –batez ere, industriaren sektorean– markatutako nazioarteko agertokiaren aurrean euskal ekonomiak izandako erresilientzia eta egokitzeko gaitasuna azpimarratu ditu Mikel Torres Lehendakariordeak eta Ekonomia, Lan eta Enplegu sailburuak gaur, ostirala, Eusko Legebiltzarraren kontrolerako osoko bilkuran.

“Mundu mailako zailtasunak gorabehera, bere hazkundeari eusteko, enplegua sortzeko eta produkzio sarea indartzeko aparteko gaitasuna duela ari da erakusten Euskadi”, adierazi du haren hitzartzean.

Torresek balioan jarri ditu azken datu ekonomikoak. Datu horien arabera, EAEko BPGa % 3,0 hazi zen 2023an eta % 2,5 2024an, hasieran zenbatetsitakoa baino hiru hamarren gehiago. Gainera, aurreikuspen eguneratuen arabera, hazkundea % 2,2 izango da 2025erako, aurreko estimazioak bi hamarren hobetuta, eta horrek oinarri ekonomiko sendoa eta egonkorra islatzen du, baita testuinguru gorabeheratsu batean ere. “Datu horiek berresten dute Euskadik ekonomia sendoa eta orekatua duela, aurrera egiteko gai dena, baita kanpoko testuinguruak laguntzen ez duenean ere”, azaldu du.

Lan merkatuaren indarra azpimarratu du Lehendakariordeak, barne eskariaren eta gizarte egonkortasunaren eragilea baita. 2025eko irailean, 2.200 langabe gutxiago izan ziren, eta Gizarte Segurantzako afiliazioak 1.018.000 kotizatzaile baino gehiago izan zituen, bere maximo historikotik gertu. Gainera, kontratazio mugagabea % 28ra iritsi zen, bi urteko daturik onena. “Enplegu eredu egonkorra sendotzen ari gara, kalitatezko kontratuekin eta afiliazio errekorrarekin. Hori da gure ekonomiaren lorpen handienetako bat”, nabarmendu du.

Ildo horretan, iragarri du 2025ean lanaldi osoko 14.000 lanpostu baliokide inguru sortzea aurreikusten dela, eta horri esker langabezia tasa % 6 ingurura jaitsiko dela. “Euskadin kalitatezko enpleguaren sorrera eta lan egonkortasuna sendotzen duen bilakaera da”, gaineratu du.

Torresek azpimarratu duenez, EAEko industria BPGren % 25 da Euskadin, eta Espainiako gainerako lurraldeetakoa, berriz, % 15. “Hori positiboa da, eta zaindu eta sendotu egin behar da”. Eta aitortu du euskal industriak, bereziki automobilgintzaren, siderometalurgiaren edo ekipamendu ondasunen sektoreek, Europako jarduera txikiagoaren ondorioak jasaten dituztela. Hala ere, nabarmendu du kanpo saldoaren ekarpen txikiagoa ez dela lehiakortasun galeraren ondorio, barne kontsumoaren sendotasunak eragindako inportazioen igoeraren ondorio baizik.

Gainera, EAEko esportazioak, % 0,1 baino hazi ez zirenak 2024an, aurreikuspenen arabera,
% 2 baino gehiago handituko dira 2025ean, eta ia % 3 2026an, kanpo sektorearen normalizazio progresiboa eta industria hazkundearen susperraldia aurreratuz.

Ekonomia, Lan eta Enplegu sailburuak berretsi du Eusko Jaurlaritzak “hazkunde iraunkor, lehiakor eta inklusibo baterako konpromisoari” eutsiko diola, Industria Planean, Euskal Finantza Aliantzan eta 2030erako Enpleguaren Euskal Estrategian oinarrituta, “hazkunde iraunkorra, lehiakorra eta kalitatezko enplegua sortuko duena bermatzeko helburuarekin”.

Torresek gogoratu du “epe labur eta ertainean baikortasun zuhurra” dagoela, eta berretsi du Euskadi “prest” dagoela aurrera egiten jarraitzeko. “Ekonomia sendoa dugu, gizarte konprometitua eta bide orri argia hazkundea ongizate, kohesio eta pertsona guztientzako aukera bihur dadin”.

Hori dela eta, Torres Lehendakariordeak eskatu du “konfiantza izatea Euskadin, bere eredu ekonomikoaren oinarri sendoetan, bere industrian, berrikuntzaren eta lehiakortasunaren aldeko apustu sendoa egiten baitu, inbertitzeko gaitasun handia duena, eskulan prestatu eta produktibo baten alde, eta, bereziki, egungo garai politikoetan, Euskadin dugun egonkortasun instituzional sendoaren alde, etorkizuneko erronkei aurre egiteko beharrezkoak diren egiturazko erreformak egiteko bermea ematen baitu”, amaitu du.