Garazi Albizuak, Koldo Bigurik, Markos Zapiainek eta Itxaso del Castilok jasoko dute Euskadi Literatura Saria 2025

0
  • Gaztelaniazko Literatura, Euskarazko Literatura Itzulpena, Saiakera Euskaraz eta Saiakera Gaztelaniaz modalitateetako irabazleak izan dira, hurrenez hurren.
  • Termita”, “Arturoren uhartea. Ume baten oroitzak”, “Txillardegi hizkuntzalari” eta “Mujeres furiosas. El monstruo femenino en el audiovisual de terror” lanekin irabazi dute saria.

 

Kultura sailburuorde Andoni Iturbek gaur goizean eman ditu ezagutzera Euskadi Literatura sarietako aurtengo azken lau irabazleen izenak. Gasteizeko Montehermoso Kulturgunean egin den aurkezpenean jakinarazi ditu sailburuordeak: Gaztelaniazko Literatura, Euskarazko Literatura Itzulpena, Saiakera Euskaraz eta Saiakera Gaztelaniaz modalitateetako 2025eko irabazleak:

  • Gaztelaniazko Literatura: Garazi Albizua. Termita (Galaxia Gutenberg)
  • Euskarazko Literatura Itzulpena: Koldo Biguri. Arturoren uhartea. Ume baten oroitzak (Erein eta Igela)
  • Saiakera Euskaraz: Markos Zapiain. Txillardegi hizkuntzalari (Elkar)
  • Saiakera Gaztelaniaz: Itxaso del Castillo. Mujeres furiosas. El monstruo femenino en el audiovisual de terror (EHU)

 

Gaztelaniazko Literaturako sariduna – Garazi Albizua

Epaimahaiak azpimarratu duenez, Garazi Albizua ahots berri, lotsagabe eta deserosoa da, eta bere prosa bihurri eta zehatza urrundu egiten da amatasunaren eta zaintzaren betebeharrari buruzko irudi erabat adostuetatik. Haren metafora gogorrek leialtasunari, adiskidetasunari eta biziraupenari buruzko pertzepzio finak gorpuzten dituzte. Termita, beraz, diskurtso sozial hegemonikoei kontrajarritako kontakizunak planteatzen dituen apustu berritzailea da.

Garazi Albizua (Santurtzi, 1985). Diseinatzaile grafikoa, komiki-gidoilaria eta idazlea, esatari-lanetan ere aritu zen Irakurrieran literatura-saioan (Bizkaia Irratia). Gaur egun haur eta gazte literatura egiteaz gainera, komunikazio-teknikari gisa ere lan egiten du Euskal Idazleen Elkartean.

 

Euskarazko Literatura Itzulpena sariduna – Koldo Biguri

Aurtengo Itzulpeneko Euskadi Saria Koldo Biguriri ematea erabaki du epaimahaiak, bikain itzuli duelako euskarara Elsa Morante italiarraren Arturoren uhartea eleberri mardula. Itzultzaileak oreka egokia lortu du jatorrizko lanari zor zaion fideltasunaren eta xede-testuak helburu duen irakurgarritasunaren artean. Ezin hobeki eman ditu euskaraz Moranteren lirikotasun eta sakontasun psikologikoaren ñabardurak, eta ongi asmatu du XX. mendearen lehen erdian uharte italiar batean gertatzen diren gorabeherak deskribatu eta kontatzeko hizkera apropos bat aurkitzen. Azpimarratzekoak dira erabili duen euskararen zuzentasuna, batuari han eta hemen gehitu dizkion ukitu dialektalak, lexikoaren hautaketa landua, irakurketa gozagarri egiten duen sintaxi arin baina aldi berean jasoa eta elkarrizketetan lortu duen erritmo bizia. Euskaraz irakurketa-ordu luze eta atseginez gozatzeko liburu paregabea.

Koldo Biguri (Gasteiz, 1962). Itzultzaile eta EHUko irakaslea. Senez aldizkariaren zuzendari eta EIZIE elkartearen lehendakari izandakoa. Autore ugari itzuli ditu, italieratik batez ere: Alessandro Baricco, Norberto Bobbio, Carlo Collodi, Benedetto Croce, Paolo Giordano, Carlo Levi, Vasco Pratolini, Giuseppe Tomasi di Lampedusa, Claudio Magris, Alberto Moravia, Cesare Pavese eta Leonardo Sciacia. Haur eta Gazte literaturako lan ugari ere euskaratu ditu.

 

Saiakera Euskaraz sariduna – Markos Zapiain

Epaimahaiak nabarmendu duenez, Markos Zapiainen lana ez da Txillardegiren inguruan kaleratu diren obren artean bat gehiago, haien neurria eman dezakeen testua baizik. Izan ere, lana eratzen duten atal nagusiek Txillardegiren pentsamenduaren oinarriak azaltzen dituzte. Hau da, hizkuntzatasunaz eta euskal hizkuntzaz, eta horien gainean ardazten diren psikologiaz, antropologiaz, soziolinguistikaz edota politikaz, Txillardegiren iturri intelektualak zeintzuk diren argitzen digu Zapiainek. Saiakeragileak jatorrizko testuak ezagutu eta gerturatzen ditu, prosa zuzen eta didaktikoan, eta Txillardegiren idatz-esana ulertzeko gakoak eskaintzen dizkigu, atalez atal. Atal bio-bibliografikoak Txillardegiren ideia eta proposamen teorikoetara hurbiltzeko saiakera aberasten du, eta liburu osoan barrena doan eta hura josten duen hari eroaleari begia jartzen dio. Euskal pentsamenduan aditua izan ala ez, Txillardegik jorratutako hainbat eta hainbat arloetan jakituna izan ala ez, liburua pentsalari eta ekintzailearen obran murgiltzeko gida aproposa izan dakioke irakurleari.

Markos Zapiain (Irun, 1963). Filologian lizentziatua eta Filosofian doktorea. Batxilergoko irakaslea izan da urtetan, eta komunikabide askotako kolaboratzaile. Saiakera ugari idatzi du, literatura, filosofiaa eta gizarte gaiak uztartuz, hala nola, Errua eta maitasuna (2002), Zenbait terrorista (2003), Ia guztiaren funtsaz (2006), Txillardegi eta ziminoa (2007), Talatik tiroka (2009), Saizarbitoria eta iragana (2015).

 

Saiakera Gaztelaniaz sariduna – Itxaso del Castillo

Epaimahaiak adierazi duenez, lan honek gai original bat jorratzen du: beldurrezko zinema garaikidean munstro femeninoen analisia, munstroek, egilearen beraren hitzetan, “feminitatearen eta gorputzarekin eta boterearekin duten harremanaren definizio kontraesankorrak kristalizatzen” dituztela azpimarratuz. Beldurrezko filmak ez dira gizarte-eraldaketatik kanpo geratzen; aitzitik, haietan aktiboki parte hartzen dute, beren garaiko tirabira eta erronkekin solasean aritzen diren kultura-produktuak baitira. Liburu hau sormen artistikoaren, kritika kulturalaren eta aldaketa sozialaren elkargune horren isla da.

Eta emaitza lan ausart eta erakargarria da, zinema-estudioetako espezialistei ez ezik gizarte-errealitate berriak eta eguneroko bizipenak irudikatzeko modu berriak ulertzeko interesa duen publiko zabalago bati ere zuzenduta dagoena. Azterlanaren zorroztasun akademikoa idazkera atsegin, arin eta zehatzarekin uztartzen da, eta horrek irakurketa-esperientzia irisgarri bihurtzen du, analisi kritikoa eta dibulgazio gogoetatsua bateratzeko gai dena.

Itxaso del Castillo (Bilbo, 1972). Euskal Herriko Unibertsitateko ikus-entzunezko Komunikazio Saileko irakasle laguntzailea da. Kazetaritzan lizentziaduna da EHUn; Film and TV Studies masterra egin zuen Amsterdamgo Unibertsitatean eta Sorkuntzako Dokumental Masterra Pompeu  i Fabran, eta doktorea da Gizarte Komunikazioan (2020). 20 argitalpen inguru ditu hainbat aldizkari eta argitaletxetan, eta ADI Ikus-entzunezko industria, narratibak eta generoak ikerketa-taldeko ikertzaile nagusietako bat da.

 

Andoni Iturbe, Kultura sailburuordeak, adierazi duenez, “kulturak, eta euskal kultura-sortzaileok, errealitatea begirada ezberdinetatik ikusteko eta ulertzeko aukera ematen diguzuela. Eta sari hau jasotzen duten lanak, horren adierazle dira. Sortzaileok mundua ikusteko leiho ezberdinak zabaltzen dizkiguzue, eta ikuspuntu eta begirada ezberdin horiek dira gure gizartea aberasten dutenak”.

 

Sariak

Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika sailak zazpi Euskadi Literatura sari banatzen ditu. Saridun bakoitzak 18.000 euroko saria jasoko du, eta 4.000 euro gehiago lan saritua beste hizkuntza batean argitaratuz gero. Euskarazko Literatura Itzulpenaren irabazleak 18.000 euro jasoko ditu.

Aurtengo Euskadi Literatura Sariak banatzeko ekitaldia azaroaren 26ean izango da Donostiako San Telmo Museoan.