- Horrela, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak Euskadiko Osasun Itunean hartutako konpromisoa betetzen du, hau da, egungo itun-ratioa ez gainditzea eta sistema publikotik arreta indartzea
- Gaur egun, Euskadiko emakume guztiek ziurtatuta dute doako zerbitzu hori, berdintasunean, unibertsaltasunean eta gure osasun-sistemaren barruan, egiaztatutako klinikekin lankidetzan
Imanol Pradales lehendakariak gaur Legebiltzarreko kontrol-saioan iragarri duenez, 2026tik aurrera, progresiboki, Osakidetzak bere baliabideekin artatuko ditu bere osasun-zentro eta ospitaleetan haurdunaldia borondatez eten nahi duten emakume guztiak. Neurri horrek Euskadiko Osasun Itunean hartutako konpromisoa beteko du, hau da, egungo itun-ratioa ez gainditzea eta sistema publikotik arreta indartzea.
2024an, haurdunaldiaren borondatezko 4.210 etendura (HBE) erregistratu ziren Euskadin. Eusko Jaurlaritzak gogorarazi du euskal gizarteak beti defendatu duela eskubide hori, autonomia pertsonala, osasuna eta ongizatea, genero-berdintasuna eta duintasuna direla eta. Abortu segurua lortzea justizia sozialaren, osasun publikoaren eta giza eskubideen errespetuaren bermea da, eta Euskadiko emakume guztiek dute gaur egun zerbitzu hori ziurtatuta, berdintasun- eta unibertsaltasun-baldintzetan eta osasun-sistemaren barruan.
Orain, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eta Osakidetzak beste urrats bat eman dute ildo horretan. Konpromiso hori Euskadiko Osasun Itunaren lankidetza publiko-pribatuaren ildo estrategikoaren parte da, eta sistema publikoaren onena eta erakunde pribatuekiko lankidetza konbinatzea du helburu, osasun-zerbitzuen kalitatea, irisgarritasuna eta jasangarritasuna bermatzeko. Estrategia horri esker, egungo itunen ratioari eutsi ahal izango zaio, igoerarik gabe, Osakidetzak baliabide propioekin eta bere zentroetan zerbitzu horiek eskaintzeko gaitasuna erabat garatzearen aldeko apustua eginez.