Eusko Jaurlaritzako Osasuneko sailburu Alberto Martínezek adierazi du aitortza hori guztiz lerrokatuta dagoela Euskadiko Osasun Itunaren balioekin eta konpromisoekin, euskal osasun-sistema publiko hurbila, irisgarria eta pertsona ardatz duena sustatzea baitu helburu
Osakidetzaren Santa Marina Ospitaleak Humans ziurtagiria lortu du humanizazioan, aitortza hau lortzen duen lehen ospitalea estatuan. Humans Fundazioak emandako ziurtagiri honek pertsona ardatz duen zaintzaren bikaintasuna nabarmentzen du, eta Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailaren eta Osakidetzaren konpromisoa indartzen du, asistentziaren alderdiak ez ezik, pazienteen, familien eta profesionalen ongizate emozionala eta psikologikoa ere biltzen dituen arretarekin.
Ospitalean bertan izan den ekitaldian, Eusko Jaurlaritzako Osasuneko sailburu Alberto Martínezek, Gontzal Tamayo Osasuneko sailburuordea ondoan zuela, saria “Osakidetzak eskaintzen duen arreta humanizatu eta kalitatezkoaren berariazko aintzatespena” dela nabarmendu du, eta lorpen horrek euskal osasun-sistema publiko osoarentzat adierazten duen harrotasuna azpimarratu du.
Bere hitzaldian, Martínez sailburuak nabarmendu duenez, “humanizazioaren aitortza hau erabat lerrokatuta dago Euskadiko Osasun Itunaren balioekin eta konpromisoekin, euskal osasun-sistema publiko hurbila, irisgarria eta pertsona ardatz duena sustatzea baitu helburu”. Gaineratu duenez, “osasun-arreta humanizatzea Itunaren giltzarrietako bat da, asistentziaren kalitatea hobetzeaz gain, pazienteen, familien eta profesionalen arteko giza lotura indartzea ere dakarrelako”.
“Guztiok ospatu eta harro egoteko moduko eguna da gaurkoa. Santa Marina Ospitalea estatuan humanizazio-kalifikazio gorena lortu duen lehen ospitalea da, hemen zientziatik eta bihotzetik zaintzen delako. Pertsonei beren bizitzako unerik delikatuenetan laguntzen zaie, arreta medikorik onena ez ezik, paziente eta familia bakoitzaren duintasuna aintzat hartzen duen begirada errukiorra ere bermatuta”, adierazi du sailburuak bere hitzaldian.
Santa Marina, erreferente gizatasunean eta zaintza integralean
Santa Marina Ospitalea, kronikotasunean, adinekoetan eta zainketa aringarrietan espezializatua, erreferente gisa finkatu da arreta integralean eta koordinatuan, Osakidetzaren zerbitzu-sarearen eta eremu soziosanitarioaren barruan. Zentroak kalifikazio gorena lortu du (A+), sei ardatz tematikotan antolatutako 117 adierazleren ebaluazio sakona egin ondoren: pazienteak eta familiak; koordinazio sanitarioa, soziala eta komunitarioa; profesionalentzako prestakuntza eta arreta; baliabideak eta prozesuak; instalazioak; eta soluzio teknologikoak eta digitalak.
“Santa Marina gaur egun erreferente bat da, kronikotasunari eta zainketa aringarriei dagokienez ez ezik, batez ere gizatasunari dagokionez”, azpimarratu du Martínez sailburuak. “Izan ere, osasuna humanizatzea ez da prozesuak edo protokoloak hobetzea bakarrik; entzutea, laguntzea eta zaintzea da. Pertsonari begiratzea da, eta ez gaixotasunari bakarrik”.
Talde-lana eta konpromisoa
Bestalde, Itziar Larrea Santa Marina Ospitaleko zuzendari gerentea harro agertu da zentroko profesional guztien konpromisoaren eta dedikazioaren emaitza dela adierazita: “Lorpen hori paziente eta senide bakoitzak tratu duina eta errespetuzkoa jasotzea bermatzen dutenen ahalegin kolektiboaren eta konpromisoaren emaitza da, benetako tratu gizatiarra, langileen euren zaintza alde batera utzi gabe”.
Era berean, Almudena Santano Humans Fundazioaren Patronatuko idazkariak nabarmendu duenez, “ziurtagiri honekin Santa Marina Ospitalearen lana aitortzen dugu, bikaintasunarekin, zientziarekin eta zaintzaren dimentsio gizatiarrenarekin konprometitutako erakundea delako. Hemen, humanizazioa ez da gehigarri bat, baizik eta ezinbesteko baldintza kalitatezko osasun-arreta zorroztasunez, konpromisoz eta ebidentziaz eskaintzeko”. Bestalde, Julio Zarco Humans Fundazioaren Patronatuko presidenteak Santa Marina zoriondu du, “ospitale horren adibidea funtsezko tresna izango delako osasun-sistema eraldatzeko”. Euskal osasun-sistema aitzindaria izan den mugarriak ekarri ditu gogora, besteak beste, Kronikotasunaren Plan Estrategikoa, eta azpimarratu duenez, “Euskadin berriro ere aitzindariak, denboran aurreratuak eta erronka horri ekiteko ausartak izan dira, bakarrak, eta beste erakunde batzuek beren burua islatuta ikusteko adibide bat dira”.
Pertsona ardatz duen osasun-eredua
Ziurtagiri hori lortzeak berretsi egiten du Eusko Jaurlaritzak eta Osakidetzak bikaintasun teknikoa, enpatia eta giza laguntza uztartzen dituen osasun-ereduaren alde egiten duten apustua. “Aitortza hau, batez ere, ospitale honetako kide zaretenon konpromisoari, sentsibilitateari eta profesionaltasunari egiten zaien omenaldia da”, esanez amaitu du Osasuneko sailburuak.
Horrela, Santa Marina Ospitaleak mugarri bat ezarri du euskal osasun publiko gizatiarragoa, hurbilagoa eta pertsona ardatz duena lortzeko bidean, Euskadiko Osasun Itunaren helburuen ildotik.