Pradalesek eta Chivitek Lankidetza Protokolo Orokorra berritu dute, hurrengo 4 urteetarako

0

Imanol Pradales Lehendakariak eta María Chivite Nafarroako presidenteak gaur eguerdian Nafarroako Gobernuaren eta Eusko Jaurlaritzaren arteko Lankidetzarako Protokolo Orokorra izenpetu dute Ajuria-Enean jauregian, 2029ra arte bi administrazioen arteko elkarlana berritu eta finkatzeko. Modu horretan, harremanak sendotzen jarraitzeko konpromisoa hartu dute bi gobernuek eta interes komuneko arloetan elkarrekin lan egiten jarraitzeko beharra azpimarratu dute, besteak beste, osasunean, azpiegituretan, kulturan eta euskaran, bai eta lehiakortasun industrialean eta lehiakortasun industrialak Europar Batasunaren esparruan duen proiekzioan.

Hitzarmen berri hau sinatuta, Pradales eta Chivite komunikabideen aurrean azaldu dira, protokolo berriaren xehetasunak azaltzeko. Zentzu horretan, Euskadiren eta Nafarroaren arteko elementu komun gisara, euskarak, kulturak eta autogobernuak duten garrantzia nabarmen du Lehendakariak eta azpimarratu duenez “akordio hau katebegi bat gehiago da lotzen gaituen kate horretan. Kate hori egunero zaindu eta indartu behar dugu”.

“42 jarduera eremu zehaztu ditugu helburu garbi batekin: aldebiko lankidetza sustatzea. Gaur gure arteko loturak estutu ditugu, eta oinarrizko arlo batzuei beste bultzada bat eman diegu, esaterako, osasunari, segurtasunari, etxebizitzari, azpiegitura estrategikoei, migrazioari, mugikortasunari, kulturari, euskarari eta industria-eraldaketa eta -garapenari. Gure neurriaren jakitun eta bi industria-lurralde izanik, Europaren berrindustrializazioan protagonistak izan nahi eta izan behar dugu”, esan du. Era berean, Lehendakaria tinko azaldu da erakundeen arteko lankidetzarekiko konpromisoaren alde: «Biok bi koalizio-gobernuren parte gara, egonkortasunaren balioa lehenesten dugu eta gobernu-estilo bera sustatzen dugu: beti ‘gauzen politika’ lehenestea ‘politikaren gauzen’ aurretik». Gure errezeta argia da: diskrezioa, seriotasuna, egonkortasuna eta lana», gaineratu du.

Ildo horretan, Chivite Presidenteak azpimarratu du protokolo hori bi lurraldeen arteko kidetasun-harremanetatik «haratago» doala, eta harreman horiek berariaz aipatzen dituela gaur sinatutako akordioak, «bi erakundeen eta bi herrien artean leialtasun-, errespetu- eta lankidetza-harremana» dagoela uste baitu. «Azken batean, adiskidetasun-harreman zintzoa», eta lehendakariaren apustua da «seriotasuna, konfiantza eta erakunde publiko eta pribatuen arteko lankidetza areagotzea, guztion ongia hobetzeko».

Berrikuntzak

Alde biek izenpetutako hitzarmenak, guztira, 42 jarduera-eremu jasotzen ditu, eta Euskal Autonomia Erkidegoak eta Nafarroako Foru Erkidegoak partekatzen dituzten kidetasun historiko, kultural, linguistiko, turistiko eta soziokulturalei erantzuten die.

Jarduera eremu berrien artean pisuzko gaiak daude, adibidez, trantsizio energetikoa, eta elkarlan honek energiaren arloan praktika onak partekatzea eta lankidetzarako sinergiak sustatzea du helburu, adibidez, honakoak elkarrekin garatzeko: bektore energetiko berriak, hidrogeno berdea, deskarbonizazio industriala edo Energiaren Euskal Erakundearen (EEE) jarduera Jaurlaritzaren erakunde publiko gisara, Nafarroako Trantsizio Energetikoaren sorreraren testuinguruan (ATENA).

Era berean, energiaren ekoizpenaren eta kontsumoaren balantzean hitzarmeneko bi komunitateek dituzten desberdintasunak kontuan hartuta, dokumentuan berariaz jasota dagoenez, batak bestea osatzeko, lankidetzan jarraitzeko eta koordinazioa sustatzeko ekintzak finkatuko dira interes komuneko hainbat egitasmotan, adibidez, ikuskaritza energetikoetan eta efizientzia energetiko industrialean, bai eta ikerketa proiektu osagarrietan eta itsas energia eolikoan ere, offshore merkatuan.

Horretaz gain, mugikortasun jasangarriari lotuta, garraio publiko, irisgarri eta integrala lankidetzan sustatzea sinatu da, betiere administrazio biek dauzkaten eskumenen barruan. Horrela, bi komunitateen artean trenbide bidezko loturak zabaltzeko aukerak ikertzea ere jaso da hitzarmenean, hain justu ere, Arabako Lautadatik abiatuta Nafarroako Altsasu udalerriraino iristen den aldirietako trenbide bat sortu eta abian jarrita, horrela, inguru hori modu jasangarrian eta efizientean hobeto egituratu ahal izateko. Ildo beretik, erakundeen arteko lankidetza sustatuko da bi lurraldeak uztartzen dituzten bizikletentzako eta oinezkoentzako bideak ezarrita, zehazki, Irurtzun eta Agurain artean.

Horretaz gain, akordioan elkarrekin lantzeko esparru gehiago jaso dira, besteak beste, hurbileko merkataritza sustatzeko eta merkataritzan belaunaldi arteko erreleboa errazteko, hirugarren sektorearen eta boluntariotzaren estrategia bat ezartzea, orain arte garatutakoaren osagarri. Ildo beretik, lan-harremanen eta lan-arriskuen arloetan bi lurraldeak lankidetzan arituko dira, informazio, datu eta jarduerak partekatuz, horrela, ezbehar kopurua murrizteko.

Garapen handiagoa

Beste bost eremu aurreko urteetatik elkarrekin lantzen ari dira bi komunitateak; nolanahi ere, hitzarmen honi esker, Eusko Jaurlaritzaren eta Nafarroako Gobernuaren arteko lankidetza haratago iritsiko da. Esate baterako,  trafikoaren kudeaketan, gainera, gai honek aparteko garrantzia du orain, Nafarroako Foru Erkidegoak zuzenean kudeatzeko eskumena lortu ondoren.

Zentzu horretan, Lehendakariaren eta Nafarroako presidentearen arteko akordioak bi lurraldeen arteko errepide sarearen segurtasuna handitzeko eta ibilgailuen mugikortasuna eta zirkulazioaren fluxua hobetzeko neurriak hartzea jasotzen du, hain justu ere, denbora errealean trafiko gorabeherei buruzko informazioa partekatzea, Gipuzkoaren, Arabaren eta Nafarroaren mugetatik hurbil dauden bideetan (N-1, A-15, N-121A errepideetan eta AP-8an Biriatuko mugan). Horretaz gain, edukierei buruzko datuak partekatzea ere aurreikusi da (trafiko-fluxuen intentsitateak) N-1, A-15, N-121A eta AP-8 (Biriatuko mugan) errepideetan, horrela, garai berezietan trafiko-fluxuei buruzko aurreikuspenak egin ahal izateko, adibidez, irteera eta itzulera operazioetan, Aste Santuan, Gabonetan eta ekitaldi bereziak daudenean, adibidez, Frantziako Itzulian eta abar.

Kulturari, dagokionez, elkarlana eta harremana bultzatuko da Euskadiren Filmotekaren eta Nafarroako Filmotekaren artean eta Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren eta Nafarroako Orkestra Sinfonikoaren artean. Euroeskualdeari lotuta, xedea da kultura-industriak garatzeko baterako estrategiak sortzea.

Gainera, EITBren zerbitzuak Nafarroako Foru Erkidegoan zabaltzeko Nafarroako Foru Erkidegoaren eta Euskal Autonomia Erkidegoaren artean 2016tik indarrean dagoen Lankidetza Hitzarmena berritzea adostu da, horrela, ETB1 eta ETB2 Nafarroako lurralde osoan zabaltzen direla bermatzeko; horrekin lotuta, EITBren FM emisioak Nafarroako Foru Erkidegoan zabaltzeko aukera aztertuko da.

Etxebizitzarekin lotuta, aztergai dugun hitzarmenari jarraiki, eremu tentsiodun guneetan bi lurraldeetan garatutako politikak partekatzeko lankidetza elikatuko da; ildo beretik, lurralde arteko erakundeetan elkarlanean jarraitzeko konpromisoa jaso da, bai eta estatutik kanpoko ekimenak elkarrekin lantzeko ere, batik bat, Europaren barruan. Azken hari horretatik tiraka, nabarmendu behar da Kanpo Harremanei lotuta, berariaz jaso dela Mugaz gaindiko Lankidetzan jarduteko konpromisoa, batez ere, hainbat organismotan parte hartuz, adibidez, Akitania Berria, Euskadi, Nafarroa Euroeskualdean (AECT), Pirinioetako Lan Komunitatean (CTP); eta Mendebaldeko Eremu Funtzionalean (AFOMEF).

Jarraikortasuna

Bukatzeko, gaur goizean izenpetutako Lankidetza Protokolo Orokorrean 2021ean sinatutako akordioan jasotako beste eremu batzuk bildu dira, adibidez, Osasunarekin lotuta, Bortziriak eskualdeko auzotarrei asistentzia-arreta eskaintzeko hitzarmen espezifikoa berrituko da, Segurtasunari dagokionez, bi polizia-taldeetan ezarritako praktika onak partekatuko dira, horretaz gain, bi lurraldeetan Bizitzeko Gutxieneko Diru-sarrerak ezartzeko koordinazioa landuko da, horretaz gain, pertsona migratzaileei helduta, bi lurraldeetara iristen diren herritar guztiei harrera egokia eskaintzeko elkarrekin lan egiten jarraituko da.

Zentzu horretan, hainbat neurri bultzatuko dira, kultura arteko elkarbizitza hobetzeko eta  arrazismoaren eta xenofobiaren aurka borrokatzeko, gutxienez, honako esparru hauetan: Harrera; Asiloa eta Aterpea; Kultura arteko Elkarbizitza; eta Arrazakeriaren eta Xenofobiaren aurkako Borroka.

  1. urteraino, Euskadik eta Nafarroak beste gai batzuk ere batera jorratuko dituzte, besteak beste, honakoak: Zientziak, Unibertsitateak eta Berrikuntza; Gazteria; Ingurumena; Turismoa; Kontsumoa; eta Bakea, Memoria eta Giza Eskubideak.