Bi urte eta erdiko lanen ondoren Leioako Iparragirre kalea asfaltatzearekin amaiera eman zaio Avanzada estaltzeari

0

Iparragirre kalea asfaltatuz Bizkaiko Foru Aldundiak amaitutzat jo ditu Leioako Avanzadan BI-637 errepideak  eragiten zuen lubaki historikoa estaltzeko lanak. Udalerria bitan banatzen zuen errepidea estaltzeko bi urte eta erdiko lanak behar izan dira eta esparruak, gaur egun,  18.000 metro karratuko bulebar berria du, espaloi zabalagoak alboetako bideetan eta eremuan zarata 20 dezibelio inguru murriztu da. Egunero 90.000 ibilgailu baino gehiagoren trafikoa jasaten duen errepidea da.

Obrak 2023ko apirilean hasi ziren 65,2 milioi euroko aurrekontuarekin eta 41 hilabeteko egikaritze-epearekin, hau da, hiru urte eta erdi. Hala ere, erritmo onak eta lanen plangintzak emate-data urtebete aurreratzea ahalbidetu dute. Bulebarraren erdialdean baldosa batzuk aldatzea baino ez da falta eta horrela Avanzadako estaldura eraikitzeko lanak datorren asteazkenean amaituko dira.

Irailean zehar azken probak egin dira tunelaren barruan zirkulazioaren segurtasuna bermatzen duten sistema guztiak martxan jartzeko. Adibidez, gertakariak eta gorabeherak automatikoki detektatzen direla probatu da  eta kamera dualen (termikoak eta optikoak) sistema berritzaile bat du, tunelaren barruko gorabeherak ahalik eta fidagarritasun handienarekin detektatzeko.

Suteak itzaltzeko sistema berriak ere probatu dira eta gainerako segurtasun-sistemen integrazioa amaitu da, hala nola galiboak, sarbideen kontrola, seinaleztapen aldakorra eta larrialdi-planen kudeaketa eta abiaraztea. Sistema horiek argiztapen- eta energizazio-sistemei gehitzen zaizkie, dagoeneko hilabete batzuk daramatzatenak martxan.

Aireztapenaren atalean funtzionamendurako hiru algoritmo desberdin sartzen dira: suteen kontrola, aireztapen sanitarioa eta kondentsazioaren kontrola. Avanzadako tunelak, sekzio txikia, trafiko handia eta malda txikia dituenez, ibilgailuen beirak eta atzerako ispiluak lausotzen dituzten kondentsazioak eragiten ditu euria egiten duenean eta tenperatura epela denean. Instalatu den estazio meteorologikoak eta tuneleko anemometroek emandako informazioarekin laster aireztapen behartuko pauta bat ezarriko da, efektu hori gerta ez dadin.

Era berean, ebakuaziorako 11 galeria daude gaituta eta prestakuntza eman zaie tunelaren operazioan jarduten duten pertsonei: Bizkaiko trafikoko operazio-zentroko langileei (MKZ), mantentze-lanen arduradunei eta suhiltzaileei, eta baita poliziari eta larrialdi-zerbitzuei ere.  Azken proba irailaren 30ean egin zen, istripu-simulakro batekin; simulazio horretan azpiegitura osatzen duten segurtasun-sistemak baliozkotu ziren, bai eta erakunde arduradunek gertakari larri baten kasuan emandako erantzuna ere.

Sistema guztien funtzionamendua tunelaren muturretan kokatutako bi lokal tekniko berritan zentralizatuko da, eta, bertatik, instalatutako 130 kilometro kableatu baino gehiago kudeatuko dira: 50 km kable elektriko, 50 km komunikazioetarako eta beste 30 km zuntz optikoa bideratzeko.

Tunelean baimendutako gehieneko abiadura 60 km/h-koa izango da, eta estalitako tarte berriak zirkulazio segurua eta arina bermatzen du.

Gainazaleko esku-hartzeari dagokionez, zoladura amaitu da, bai oinezkoentzako eta bai ibilgailuentzako, baita bidegorrietan ere; era berean, barandak, hiri-altzariak, farolak, oinezkoentzako pasabide  adimendunak eta segurtasun-petrilak jarri dira.

Avanzada datuetan

Avanzada estaltzeko proiektuak 57.000 m2-ko azalera hartu du, eta 18.000 m2-ko bulebar berri bat eraikitzea eragin du, eta horietatik 12.000 m2 hiri-bilbean sartu berriak dira. Espazio hau BI-637 errepideko lubaki zaharraren 900 metroak estaltzearen emaitza izan da. Bulebar berriak 620 metroko hedadura lineala du oinezkoentzako ibilbideetarako, egonlekuetarako eta aisialdirako. Bertan 120 metro banku, iturriak, farolak eta paperontziak jarri dira. Era berean  19.000 m2 berdegune prestatu dira, eta horietan, pixkanaka, zenbait landare-espezietako 20.000 ale baino gehiago landatuko dira.

Bulebarraren trazadurak bidegorri bat du, inguruko bizikleta-sarearekin lotzen dena  mugikortasun jasangarria eta intermodala bermatuz. Ibilgailuen trafikorako 17.000 m2-ko errepidea ezarri da eta lur gaineko bi biribilgune berri eraiki dira, zerbitzu-bideen eta herrigunearen arteko lotura hobetzen dutenak. Jarduketaren zati gisa Iparragirre kaleko espaloia ere handitu da, orain 2,5 metroko zabalerara iristen baita, eta, horrela, erabateko irisgarritasuna bermatzen da.

Tunelaren muturretan dauden eta jendea ibiltzeko modukoak ez diren estalkiei dagokienez, aluminiozko panelez estalitako egitura metaliko batez osatuta daude, iraunkortasunagatik eta mantentze-lan txikiengatik aukeratutako materiala. Azalera horien gainean zelula fotovoltaikoak daude, tunelaren beraren sistemak energetikoki hornitzeko aukera ematen dutenak. Era berean, tunelaren bi ahoetan 4.000 m2 pantaila akustiko jarri dira, hots-kutsadura murrizteko.