Erregistratzaileen Elkargoarekin hitzarmen bat sinatzea onartu du Gobernu Kontseiluak, erabilera turistikoko etxebizitzen gaineko kontrola indartzeko

0

Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailaren eta Jabetzako, Merkataritzako eta Ondasun Higigarrietako Erregistratzaileen Espainiako Elkargoaren artean lankidetza-hitzarmena sinatzea onartu du Gobernu Kontseiluak, erabilera turistikoko ondasun higigarri eta higiezinen Alokairuaren Erregistro Zenbakiari buruzko informazioaren interoperabilitatea eta truke segurua bermatzeko.

Akordio hori 1312/2024 Errege Dekretuaren aplikazioaren barruan sartzen da. Dekretu horrek Errentamenduen Erregistro Bakarraren prozedura arautzen du, eta Errentamenduen Leihatila Digital Bakarra eratu. Plataforma nazional horren bidez, Interneten eskaintzen diren iraupen laburreko establezimenduei buruzko datuak telematikoki bildu eta transmititzen dira, datuen babesa bermatuta eta administrazio eskudunek kontrolatzeko duten ahalmena indartuta.

Hala, alokairu turistikora zuzendutako higiezin edo unitate bakoitzak erregistro-zenbaki bakarra izango du, eta hori ezinbesteko baldintza da Airbnb, Booking edo beste plataforma batzuetan eskaini ahal izateko. Horrela, etxebizitzak Euskadin indarrean dagoen turismo-araudiaren aurkako baldintzetan merkaturatzea saihesten da, eta ikuskapen-, kontrol- eta, hala badagokio, zehapen-lana errazten da.

Hitzarmenak honako hau ezartzen du:

  • Erregistratzaileen Elkargoa arduratuko da erregistro-zenbaki bakarra lortzeko anfitrioien eskaerak kudeatzeaz.
  • Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak, elkargoaren sistema zentralen bitartez, erregistro-zenbakiari loturiko informazioa eskuratuko du, hala nola, katastroko erreferentzia, erregistro-zenbaki bakarra edo etxebizitzaren titularraren nortasuna.
  • Sailak aukera emango dio Elkargoari Euskadiko Turismo Enpresa eta Establezimenduen Erregistroan inskribatuta dauden etxebizitzen identifikazio-zenbakiak kontsultatzeko.
  • Jakinarazpen elektronikoko prozedura bat gaituko da helarazteko erregistroko bajak, titulartasun-aldaketak edo jarduera egikaritzea eragozten duten ebazpenak, hala erregistratzaileak erregistro-zenbakia kalifikatu eta, hala badagokio, kendu ahal izan dezan.
  • Elkargoak egiaztatu ahal izango du etxebizitzek hirigintza-araudiak habilitazioa emateko udal-titulua dutela (lizentzia, erantzukizunpeko adierazpena…).

Neurri horren bidez, iraupen laburreko turismo-establezimenduen sektorearen gardentasuna eta segurtasuna indartuko ditu Eusko Jaurlaritzak, araudia betetzen dela bermatuta eta herritar guztientzako turismo-eredu jasangarri, orekatu eta justu baterantz aurrera eginda.