- Hitzarmenaren helburua da bi alderdien arteko lankidetza antolatzea arrisku larriko, hondamendiko edo lazeria publikoko egoeretan
- Lankidetza-hitzarmenak Segurtasun Sailaren irizpide eta lehentasunekin bat datorren urteko jarduera-programa bat egitea dakar
Eusko Jaurlaritzak eta Euskal Espeleologoen Elkargoa-Unión de Espeleólogos Vascos elkarteak lankidetza-hitzarmen bat sinatuko dute arrisku larriko, hondamendiko edo lazeria publikoko egoeretan larrialdiei eta babes zibilari dagokienez. Horren ondorioz, erakunde horrek jarduera-programa zabala egingo du urtero, Segurtasun Saileko Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzaren lehentasun eta irizpideekin bat etorriz.
Hitzarmenak bi aldeek 2021ean sinatutakoa eguneratzea dakar. Euskal Espeleologoen Elkargoa-Unión de Espeleólogos Vascos elkarteari esleitutako jardueren artean, honako hauek nabarmentzen dira: baliabideak mobilizatzea, elkarteko kideei zuzendutako prestakuntza-programak diseinatzea eta ariketak eta simulakroak antolatzea.
Gainera, elkarteak larrialdi-egoeretan mobilizatu edo erabili daitezkeen baliabide eta bitarteko erabilgarrien zerrenda zehatza aurkeztu beharko dio Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzari (DAEM).
Euskal Espeleologoen Elkargoa-Unión de Espeleólogos Vascos elkartearen ezaugarri nagusia boluntariotzaren parte-hartzean oinarritutako kudeaketaren malgutasuna da, horrek programa eta zerbitzu espezializatuak premiaz antolatzeko aukera ematen baitu. Babes zibileko eta larrialdi-egoeretako sorospeneko lanetan esperientzia handia duenez, Eusko Jaurlaritzaren erakunde laguntzaile baliotsu eta eraginkorra da.
Hitzarmen honen indarraldia lau urtekoa izango da, sinatzen den egunetik hasita.