500 pertsona baino gehiagok parte hartu dute Jasangarritasun Sozial Turistikoari buruzko Kongresuan

0
  • Bi jardunalditan zehar, sektoreko profesionalek, etorkizuneko talentuek eta hiritarrek eztabaidagai izan dituzte, besteak beste, emakumezkoen lidergoa, jasangarritasun soziala, turismo-sektoreko lan-baldintzak eta joera teknologiko berriak.

Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak eta Basquetourrek antolatutako  Jasangarritasun Sozial Turistikoari buruzko Kongresua erabateko arrakasta izan da. Urriaren 13an eta 14an egin den biltzarrean, turismo-sektoreko profesionalak eta ikasleak bildu dira, eta baita publiko orokorra ere; guztira 500 pertsona baino gehiago bertaratu dira Euskadiko turismoaren erronkak eta aukerak aztertzeko.

Donostiako Kursaal Kongresu Jauregian egindako ekimena topagune izan da, turismoak garapen sozialaren eragile gisa betetzen duen rolaz hitz egiteko eta eredu ekitatibo, inklusibo eta arduratsuagoak sustatzeko. Bi egunotan, ezagutza eta jardunbide egokiak partekatu dira, eta konpromiso zehatzak proposatu dituzte jasangarritasun soziala turismo-plangintzan eta kudeaketan txertatzeko.

Lehenengo jardunaldia, Javier Hurtado Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuak inauguratua, turismo-arloko aditu nabarmenen parte-hartzearekin gauzatu zen. Turismo arloko profesionalak entzule zituztela, adituek emakumezkoen lidergoari, jasangarritasun sozialeko prestakuntza akademikoari eta sektoreko lan-baldintzen erronkei buruz aritu egin ziren.  Hizlarietako bat, Daniel Solana, Basquetourreko zuzendaria izan zen; honek,  Euskadiko Turismoaren Kode Etikoak funtsezko printzipiok azaldu zituen, industriaren jardueran balio etikoak txertatzearen garrantzia azpimarratuz.

Bigarren eguna, Etikoa Fest izenekoa, talentu gazteari eskaini zitzaion eta Jakes Aguirrezabalek, Turismo eta Merkataritzako sailburuordeak zabaldu zuen. Astearteko hitzaldietan gai gako ugari jorratu zituzten, hala nola, turismo-sektoreko segmentazioa; teknologia berritzaileak; ekintzailetza eta sorkuntza; eta enpresa-kultura eta talentuaren kudeaketa.

Zer da Jasangarritasun Sozial Turistikoari buruzko Kongresua?

Europar Batasuna – NextGeneration EU programak finantzatua, eta Berreskuratze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren barruan, Jasangarritasun Sozial Turistikoari buruzko Kongresuaren helburua da, garapen sozialaren eragile den aldetik, turismoak betetzen duen rola indartzea, eredu ekitatibo, inklusibo eta arduratsuagoak sustatuta.

Eusko Jaurlaritzak Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailaren eta Basquetour – Turismoaren Euskal Agentziaren bitartez bultzatutako ikuspegi estrategiko horren barruan sartzen da Kongresu hau. Euskadi 2030eko Turismo Arduratsuaren Estrategiarekin, Euskadiko Turismoaren Kode Etikoarekin eta turismoa eraldatzeko Europako politikekin bat eginik, jasangarritasuna indartzen duten aldetik.