‘Hurrengo geltokia: Amara-Easo’ erakusketak Donostiako hiri-eraldaketa handiena definitzeko prozesu parte-hartzailea bultzatzen du: Playa de Vías operazioa

0
  • Erakusketak elkarrizketa irekia sustatzen du, erakusketan herritarren parte-hartze prozesu baten bidez. Bertan, proiektuari buruzko kezkak eta iradokizunak jasoko dira, etorkizuneko behin betiko proposamenean txertatzeko
  • Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailak, Donostiako Udalarekin lankidetzan, Amara auzoko Playa de Vías eremuan Hiri Antolamendurako Plan Orokorraren (HAPO) aldaketa puntuala idazteko lehiaketa publikoan saritutako bost proiektuak aurkezten ditu erakusketak
  • Herritarrek proiektuen berri izango dute Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailak antolatutako aurkezpen publikoan, urriaren 25ean, larunbata, 11:00etan, Euskadiko Arkitektura Institutuaren egoitzan.

‘Hurrengo geltokia: Amara-Easo’ erakusketa Donostia bizi, sentitu eta bertan lan egiten duen ororentzako elkargune gisa aurkezten da. Auzokideak, elkarteak, kultur eta gizarte-erakundeak eta profesionalak azken hamarkadetako hiri-eraldaketako prozesurik garrantzitsuenera hurbiltzera, deskubritzera eta modu aktiboan parte hartzera gonbidatuta daude: Zabalgune erromantikoa eta Amara auzoa josteko aukera emango duen Playa de Vías operazioa, donostiarrak barne hartzen dituen hiri-proiektu jasangarrian babestutako 400-500 etxebizitza eraikita.

Euskadiko Arkitektura Institutuak OFF Mugak/ programaren baitan antolatuta ETA Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailak bultzatuta, Donostiako Udalarekin lankidetzan, ekimen hau ez da erakusketa soil bat: Donostiaren hiri-etorkizuna elkarrekin pentsatzeko aukera da.

Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren Aldaketa Puntuala (HAPO) idazteko lehiaketa publikoan saritutako bost proiektuak biltzen ditu erakusketak, Playa de Vías – Amara-Easo eremuan, eta maketak, planoak, panelak eta errealitate birtuala uztartzen dituen ibilbidea proposatzen du, herritarrek auzo berria nolakoa izango den imajina dezaten. Baina, batez ere, entzuteko eta elkarrizketarako prozesu parte-hartzailea da, eta bertan jasoko dira eremu berri horrek izan beharko lituzkeen ekipamendu, espazio eta erabilerei buruzko kezkak, ideiak eta iradokizunak.

Horrela, ‘Hurrengo Geltokia: Amara-Easo’ hiria eta komunitatea ehuntzeko tresna bizi bihurtzen da, herritarren ekarpenak behin betiko proposamenaren parte izan daitezen ahalbidetuta. Amara-Easo berriaren prozesu kolektiboaren helburua da bertan bizi direnen aniztasuna, beharrak eta nahiak islatzea, guztion artean Donostia konektatuagoa, habitagarriagoa eta partekatuagoa eraikita.

Herritar guztiei irekitako prozesu parte-hartzailea

Erakusketaren formatuak garrantzi berezia du. Kontua ez da erakustea bakarrik; entzutea eta kolektiboki eraikitzea ere bada, aurkeztutako proposamenetan oinarrituta. Parte hartzeko prestatutako gunearen bidez, interesa duten guztiek etorkizuneko auzoaren zuzkidurei eta diseinuari buruz beren ideiak, kezkak eta iradokizunak aurkeztu ahal izango dituzte. Ekarpen horiek aztertu egingo dira, eta lehiaketaren bigarren fasean baloratuko da talde finalistek zer gaitasun duten iradokizun horiek beren proposamenetan txertatzeko.

Horrela, prozesu parte-hartzailea funtsezko tresna bihurtuko da Amara-Easoko hiri-eraldaketak herritarren benetako beharrei erantzuten diela eta hiri-eredu integratuago, habitagarriago eta jasangarriago baten oinarriak ezartzen dituela bermatzeko.

Horrez gain, online inkesta bat prestatu da Mugak/ Bienalaren webgunean (www.bienalmugak.eus/eu/inicio), proiektuaren zuzkidurei buruzko balorazioak, kezkak eta iradokizunak biltzeko, hala etorkizuneko behin betiko proposamenean txertatzeko.

Erakusketa: Donostiaren hiri-etorkizunerantz bidaia

Mugak/ Euskadiko Nazioarteko Arkitektura Bienalaren baitan, ‘Hurrengo geltokia: Amara-Easo’ erakusketa azaroaren 14ra arte bisitatu ahal izango da Donostiako Suhiltzaile Etxe zaharrean (Easo, 43), asteartetik igandera, 17:00etatik 20:00etara.

Erakusketa-ibilbideak panelak, planoak, maketak, marrazkiak eta errealitate birtualeko esperientzia bat uztartzen ditu, lehiaketa publikoan parte hartu zuten proiektuak xehetasunez ezagutu ahal izan ditzaten bisitariek. Gainera, sarrerako panel batek jarduteko eremuaren historia eta trenbideak lurperatu ondorengo etorkizuneko plana jasotzen ditu, hiri-eraldaketa handi horri testuingurua emateko.

Hiri-erronka bat, bost ikuspegi

Zabalgune erromantikoa eta Amara josteko ikuspegi desberdinak eskaintzen dituzte saritutako proiektuek, hiri-eredu berritzaile, jasangarri eta orekatuaren bidez:

  • “Habitar el bosque urbano”, JPAM City Makers (Amado Martín, Jorge Perea eta Samuel Llovet): Proposamen garaikide eta fresko honek modernitatea eta errespetu historikoa uztartzen ditu; parke handi bat eta etxebizitza-mota askotarikoa proposatzen ditu.
  • “Kalerik kale plazarik plaza”, RAZ y Usandizaga (Gilen Txintxurreta, Jacek Markusiewicz, Ander Gortazar eta Ibai Usandizaga): Metropoli-bokazioa eta hiri-anbizioa ditu, eta proposamena da erdigunean parke handi bat egitea, ibaiaren bidea lurperatzea eta hiriko dorre bat altxatzea.
  • “Hari berdez hiria josi”, beldarrain estudioa: Parkean ekipamenduak dituen eraikin sigi-sagatsua bat proposatzen du, hirian lotutako bizitza-eredu jasangarria sustatuta.
  • “Que los árboles nos dejen ver el bosque”, Acha Zaballa Arquitectos:
    Planteamendu kontzeptual eta probokatzailea, paisaiaren eta hiri-dentsitatearen arteko orekaren inguruan hausnartzen duena.
  • “Lotzenari”, KREAN Ingeniería y Arquitectura: Proiektu tekniko eta sendoa da, Autonomia kalerantz irekitako plazak proposatzen ditu eta oso ikuspegi zehatza, eremuaren eraikitze- eta funtzio-soluzioei dagokienez.

JPAM City Makers, RAZ y Usandizaga eta Estudio Beldarrainen proposamenak lehiaketako bigarren fasera pasatu dira, eta haien maketek —3Dn inprimatuta— aukera ematen dute modu errealistan ikusteko nola egikaritu litezkeen ideia horiek. Errealitate birtualaren esperientziaren bidez, bisitariek proiektuetan zehar ibiltzeko aukera izango dute, eta hobeto ulertu ahal izango dute nola integratuko diren Amara-Easo inguruan.

Proiektuen aurkezpen publikoa, urriaren 25ean

Prozesua herritarrengana are gehiago hurbiltzeko, Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailak proiektuen aurkezpen publikoa antolatu du urriaren 25ean, larunbata, 11:00etan, Euskadiko Arkitektura Institutuaren egoitzan.

Jardunaldian, hiru estudio finalisten ordezkariek —JPAM City Makers, RAZ y Usandizaga eta beldarrain estudioak— beren proposamenak aurkeztuko dituzte, eta galderak eta eztabaida irekia egiteko gunea izango da; donostiarrak gonbidatuko dituzte hiri-eremu berri horren etorkizunari buruz duten ikuspegia partekatzera.

Hiria denon artean eraikitzeko aukera

‘Hurrengo geltokia: Amara-Easo’ erakusketa bat baino askoz gehiago da. Etorkizuneko Donostiari buruzko ideien laborategi herritarra da. Espazio horretan arkitektura herritarrengana zabaltzen da, eta ekarpen bakoitzak balio du hirian bizi direnen bizi-kalitatea hobetuko duen auzo bat irudikatzeko.