Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburu Javier Hurtadok Arabako Errioxako Ardoaren Ibilbidearen Elkartearen 20. urteurrena ospatzeko ekitaldian parte hartu du gaur Guardian. Bertan, erakundeak Euskadin enoturismoa eta jasangarritasuna bultzatzeko egindako ibilbidea eta ekarpena nabarmendu ditu.
Sailburuak azpimarratu duenez, Arabako Errioxa erreferentziazko helmuga enoturistiko gisa finkatu da, eta urtero milaka bisitari erakartzen ditu. “Abuztura arte, gaualdi kopurua % 5,3 hazi da, eta horrek erakusten du Arabako Errioxa gero eta erakargarriagoa dela. Arrakasta hori sektorearen eta erakundeen arteko lan koordinatuaren emaitza da, Ardoaren Ibilbideak 20 urte hauetan egindako lan handiarena”, adierazi du.
Sailburuak gogorarazi du lankidetza hori Helmugako Jasangarritasun Turistikoko Planaren bidez kudeatutako Europako Funtsetan ere islatzen dela, Enogastronomiako Turismo Plan Nazionalaren barruan, 5,5 milioi euroko zuzkidurarekin.
Ildo horretan, jasangarritasunak eta kalitateak euskal turismo-ereduaren ardatz gisa duten garrantzia nabarmendu du. “Kalitatezko helmuga batek kalitatezko turismo jasangarria erakartzen du. Bide horretan, enoturismoak eta gastronomiak funtsezko zeregina dute, gure identitatearen ezaugarriak eta bisitatzen gaituztenen motibazio nagusia baitira”, azaldu du.
Era berean, balioan jarri du enogastronomiaren alderdi bikoitza motor turistiko gisa, ziurtatuz, alde batetik, beste helmuga batzuetatik bereizten gaituela eta, bestetik, bikain egiten duela bat aisia edo negozioetarako beste edozein motibaziorekin.
Sailburuak Arabako Errioxako Ardoaren Ibilbideak berrikuntzaren, jasangarritasunaren eta lurraldearen sustapenaren zutabe gisa duen zeregina aitortu du. “Ibilbideak gure lurreko onena batzen jakin du: ardogintzaren tradizioa, abegia, paisaia, ondarea eta gure profesionalen talentua. Horri esker, Arabako Errioxa gaur egun ibilbide enoturistiko ezagunenetako bat da Espainian eta Europan”, azpimarratu du.
Sailburuak batera garatutako proiektu batzuk gogorarazi ditu, besteak beste, enoturismoko foroetan parte hartzea, Arabako Errioxa WIP (Wine Important Person) markaren bultzada, Europako Funtsen kudeaketa koordinatua edo Orbea Gravel Rioja Alavesa; 2025eko edizioa bihar aurkeztuko da.
Bukatzeko, etorkizunari baikortasunez begiratu eta lurraldearekiko konpromiso instituzionala berretsi nahi izan du. “Elkarrekin lan egiten jarraituko dugu, erronka eta aukera berriei aurre egiten, orain arte gidatu gaituen lankidetza berarekin. Denok gara ibilbide beraren parte, gure lurraldea zentzumen guztietatik zeharkatzen duena. Hori da Arabako Errioxako Ardoaren Ibilbidearen benetako DNA: lur honekiko eta bizirik mantentzen duten pertsonekiko maitasuna”, esanez amaitu du.