Imanol Pradales Gipuzkoako lehen erreferentzia idatzia egin zenetik mila urte bete direla ospatzeko ekitaldietan izan da

0

Altzoko San Salvador de Olazabal jatorrizko elizak Gipuzkoako Batzar Nagusien ezohiko osoko bilkura hartu du ‘Ipuskoa. Izanetik izena 1025-2025′ efemeridea ospatzeko

Imanol Pradales Lehendakariak Gipuzkoako Batzar Nagusien ezohiko osoko bilkuran parte hartu du gaur goizean, ‘Ipuskoa. Izanetik izena 1025-2025’, Gipuzkoako lehen erreferentzia idatzia egin zenetik mila urte bete direla ospatzeko.

Altzoko San Salvador de Olazabal jatorrizko elizan egin den ekitaldian, Lehendakariak «berdintasuna eta pertsonen duintasuna babesteko aurrerapauso erabakigarriak» nabarmendu ditu. «Garena, daukaguna, gure aurretik zeudenei zor diegu. Kultura eta tradizio politiko oso baten fruitua da, zailtasunen eta ziurgabetasunaren aurrean, gure Herriaren norabidea markatu duena «, aitortu du Pradalesek.

Aldi berean, Pradalesek azpimarratu du Ipuskoatik Gipuzkoaraino, mila urtetan, kultura eta tradizio politikoa zaindu eta indartu zutela. «Herriz herri, bailaraz bailara, lurraldez lurralde elkarlanetik abiatuta, gure Herria egituratu zuten. Ez zuten lehiakortasunaz edo I+G+Bz hitz egiten, baina puntako ontzigintza garatu zuten. Ez zen «globalizazio» terminoa asmatu, baina planetari buelta ematen lehenak izan ziren. Ez ziren autonomiaz, autogobernuaz edo boterearen deszentralizazioaz ari. Baina beren lege, arau eta ohiturak errege eta erregeen aurrean babestu eta baliarazi zituzten. Hori guztia egin zuten, gaur sinbolizatu dugun bezala, bildu, hitz egin eta batzen zituena lehenetsiz «, amaitu du.