- Kooperatiben ekimenak Emakunderen laguntza du eta gaur ospatu dute jardunaldia Gasteizen honen inguruan
- Kontziliazio Erantzukiderako Proiektu Pilotuan zazpi enpresa kooperatibek hartu dute parte eta gaur aurkeztu dituzte ondorioak
Konfekoopek «Nola sistematizatu kontziliazioa enpresa kooperatiboan» jardunaldia egin du gaur Gasteizen, Emakunderen laguntzarekin, Kontziliazio Erantzukideko Proiektu Pilotuaren amaierako ekitaldi gisa. Jardunaldi honen helburu nagusia ibilbide praktiko honetan parte hartu duten zazpi kooperatibek lortutako ibilbidea eta ikaskuntzak gizarteratzea izan da. Bide honetan bilatu dute zaintza-lanen banaketa erantzukidea beren kudeaketa- eta estrategia-ereduan integratzea.
Proiektu pilotua 2022an sortu zen, erantzunkidetasunaren eta zaintzaren eremu teorikoari emandako erantzun praktiko gisa. Abiapuntutzat hartu zen zainketa-lanen banaketa desorekatuak eragin zuzena duela emakumeen eta gizonen arteko lan-eremuko berdintasunerako bidean, eta eragina duela emakumeek parte hartzeko eta garatzeko dituzten aukeretan.
Enpresa kooperatiboak ekonomia genero-ikuspegiz ekoizpen-jarduerara eramateko «proba-banku idealtzat» hartu ziren, haien izaera eta pertsonengan oinarritutako kudeaketa-eredua zirela eta. Pilotuaren helburu nagusia ibilbide bat hastea izan zen, zainketen banaketa erantzukidea enpresaren kudeaketan eta estrategian sartzeko.
Miren Elgarresta Emakundeko zuzendariak proiektuan parte hartu duten kooperatibak zoriondu ditu, eta berdintasunarekin lotutako erronka guztietan aurrera egiten jarraitzeko deia egin die, horien artean, kontziliazioan.
Elgarrestak adierazi duenez, «antolaketa sozial berri baten beharraz hitz egiten ari gara, eta ez soilik kontziliazioaz, erronka emakumeentzako eta gizonentzako eredu sozial bidezkoago eta demokratikoago baterako bidea egitea baita». Emakundeko zuzendariak azpimarratu duenez, «eredu berri hau bizitzaren eremu desberdinen harmonizazioan oinarritu behar da, egungo egoera saihestu ahal izateko; izan ere, ia eremu horiek guztiak esparru bati egokitu behar zaizkio, lan-esparruari, alegia».
Sistematizazio Jardunaldiaren garapena
Miren Elgarrestaren eta Rosa Lavin Konfekoopeko presidentearen hitzaldien ondoren, enpresa kooperatiboan kontziliazioaren sistematizazioari buruzko proiektu pilotua aurkeztu da, parte hartu duten hiru enpresa kooperatiborekin batera: Athlon S. Coop, Politeknika Txorierri S. Coop eta Oiarso S. Coop. (Bexen medical).
Jardunaldiari amaiera emateko, errekonozimenduak eman zaizkie prozesuan parte hartu duten zazpi kooperatibe. Hauek izan dira: Athlon S.Coop, ULMA Forja, S. Coop., Politeknika Txorierri S.Coop, Bioservice S.Coop, Dorlazka Koop. Elk. Txiki, Laboral Kutxa S.Coop eta Oiarso S.Coop (Bexen Medical).