Osakidetzak aurrez aurreko zita eskatu eta hurrengo egunean eskaintzen du Lehen Mailako Arretako Unitateen % 95ean

0
  • Osakidetzaren batez besteko bertaratzea aurrez aurreko zitetara, estamentu profesional bakoitzeko, 48 ordutik beherakoa da sare osoan
  • Lortutako emaitza onak Osakidetzako Lehen Mailako Arretan eskaria kudeatzeko eredu berriaren bidez egindako lanaren emaitza dira
  • Osakidetzak 7 unitatetan bakarrik detektatu du batez besteko hori gainditzen dela, eta, beraz, azterketa sakona egingo du, denborak murrizteko

Osakidetzako Lehen Mailako Arreta Koordinatzeko Zuzendariordetzak joan den iraileko irisgarritasun-datuak jakinarazi ditu. Horien artean, nabarmentzekoa da batez besteko asistentzia-denbora egun bakarrekoa dela Osakidetzako Lehen Mailako Arretako aurrez aurreko ziten kasuan.

Hala, Osakidetzako Lehen Mailako Arretako ia zentro guztietan, eskaera egin eta hurrengo egunean aurrez aurreko zita edukitzeko aukera dago. Osakidetzako Erakunde Sanitario Integratuen (ESI) artean sakabanatuta dauden Lehen Mailako Arretako 135 Unitateen (LMAU) % 94,81ean, aukeratutako profesional sanitarioarekin zita lortzeko batez besteko denbora egun bakarrekoa da.

Zentro batzuetan, batez besteko denbora-tarte hori are hobea da; hala, EAE osoan banatutako 31 LMAUtan, zita presentzial bat lortzeko batez besteko itxaronaldia 0 egunekoa da, hots, posible da zita eskatzen den egun berean bertaratzea, baldin eta urgentziazkoa bada.

Osakidetzako 7 LMAUtan soilik antzeman da itxaronaldia 2 egunera iristen dela. Zehazki, honako hauek dira: Arabako Lautada (5 egun Familia Medikua eta 2 Pediatria eta 0 Erizaintzan) eta Salburua Araban (3 Familia Medikua, 1 Pediatria, 1 Erizaintza), Ondarroan (1 Familia Medikuntza, 0 Pediatria, 1 Erizaintza), La peña (2 Familia Medikuntza, 0 Pediatria, 1 Erizaintza) Bizkaian eta Iztietan (3 Familia Medikuntza, 0 Pediatria, 0 Erizaintza) Gipuzkoan.

Aurreko urteekin alderatuta LMAU horietako gehienetan itxaronaldiak murriztu badira ere, Osakidetzak azterketa sakona egingo du zentro horietan aurrez aurreko hitzordurako sarbide-ratioak hobetzeko. Gainera, gogoratu behar da osasun-zentro guztietan badagoela egun berean arreta jasotzeko aukera, baldin eta pazienteek uste badute beren kasuak ezin duela itxaron, egun bereko zita izeneko jardueraren bidez, zita atzeraezin gisa sailkatzen baitu.

Osakidetzak gogorarazi du, halaber, bere web orriaren bidez egindako hitzorduan, ez badauka medikua esleituta edo mediku hori arrazoi desberdinengatik kanpoan badago, itxaronaldia luzeagoa izan daitekeela. Egoera horietan, webgunean ohar bat erakusten da, eta osasun-zentroarekin zuzenean harremanetan jartzea gomendatzen da, hitzordua lehenago eta arinago hartzeko.

Eskaria kudeatzeko eredu berria Lehen Mailako Arretan

Lortutako emaitza onak Osakidetzako Lehen Mailako Arretako eskariaren kudeaketa-ereduaren bidez egindako lanaren emaitza dira. Izan ere, eredu horrek erabiltzaileak profesional egokienera bideratzen ditu, haien premien arabera: Familiako Medikuntzara, Pediatriara, Erizaintza edota Administrazio-arlora. Horri esker, arreta hobetzen da eta osasun-kontsultara iristeko denborak murrizten dira.

Lehen Mailako Arretako erizainek Osakidetzan egiten dituzten lehen kontsultei dagokienez, azpimarratu behar da prozesu arin automugatuen (PAA) kasuen ehuneko handi bat ebazten dela, hala nola sukarra, katarro-prozesuak, eztarriko mina, beherakoa edo gorakoak.

Hala, 2025eko lehen zortzi hilabeteetan, Lehen Mailako Arretako erizainek 303.303 PAA artatu dituzte guztira. Horien artean, prozesuen % 75,4k ez zuen zitarik behar izan erreferentziazko profesional medikoarekin.

Gainera, paziente kronikoen jarraipenari eta Erizaintzako prozedura propioei dagozkien lehen kontsultei dagokienez, kasuen % 100 ebatzi zen.

Eskaria kudeatzeko eredu berri hau emaitza onak ematen ari da. Eredu horrek talde-lana du ardatz, eta protagonismoa ematen dio Erizaintzari, prozesu arinei erantzuten baitie. Horrekin batera, administrazioko langileei rol berri bat ematen die, eginkizun burokratiko berriak bere gain hartzeko eta medikuak zeregin horietatik askatzeko. Horixe da Euskadiko Osasun Itunaren Lehen Mailako Arreta indartzeko ildoarekin bat etorriz Eusko Jaurlaritzako Osasun Saila eta Osakidetza ezartzen ari diren neurrietako bat.