Entitate eta pertsona partikularrek Nafarroako Gobernuak sustatzen duen berdintasunerako Berdinna Sariaren bederatzigarren ediziorako hautagaitzak aurkez ditzakete, Foru Komunitatean emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren arloan egindako lanagatik nabarmendu direnen jarduna publikoki goraipatzeko eta aitortzeko. Epea abenduaren 31n bukatuko da, Nafarroako Aldizkari Ofizialean (NAO) gaurargitaratu diren oinarrien arabera.
Saria 3.000 eurokoa da, eta martxoaren 8an banatuko da, Emakumearen Nazioarteko Egunaren harira, María Chivite Navascués Nafarroako Lehendakaria buru duen ekitaldi batean.
Hautagaitzak bide telematikoz aurkeztu behar dira, Nafarroako Gobernuaren erregistro orokor elektronikoaren bidez. Informazio osoa eta eskaera-ereduak Nafarroako Gobernuak Interneten duen izapideen atalean erabilgarri dagoen estekan kontsulta daitezke.
Proposamena egiten duten erakundeek eta pertsonek inprimaki bat eta azalpen-memoria bat aurkeztu beharko dituzte, gehienez 1.000 hitzekoa. Bertan, pertsona edo erakundearen hautagaitza, azken bi urteetan egindako lana edo proiektua eta egokitzat jotzen den informazioa jasoko dira, sari hau eskuratzeko balioetsitako merezimenduak egiaztatzeko.
Epaimahaiburu, Félix Taberna lehen lehendakariorde eta Berdintasun kontseilaria izango da, eta INAI / NABIko Patricia Abad zuzendari gerentea lehendakariordea izango da. INAI / NABIren, Nafarroako Berdintasun Kontseiluaren, Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioaren (NUKF) kideak eta Esther Erice Martínez epaileak ordezkari gisa jardungo dute, azken Berdinna 2025 Saria jaso duen aldetik.
Epaimahaiak berdintasunaren arloan proposatutako pertsonen edo erakundeen ibilbideak baloratuko ditu, bai eta emakumeen lana aitortzen duten, eskubide- eta aukera-berdintasuna sustatzen duten edo emakumeen ahalduntzea bultzatzen duten beren jarduera, ekintza, lan edo proiektuen garrantzia ere. Halaber, kontuan hartuko du proposatutako proiektuak, elkarteak edo pertsonak gizartean duen eragina, bai eta Foru Komunitatearekin duen lotura ere.
Aurreko sariak
Sari honen ezarpenari esker, orain arte, Nafarroan erreferentzia diren zortzi emakumek eta/edo erakundek berdintasunaren arloan egindako ibilbidea aitortu eta zabaldu ahal izan da. Berdinna Saria 2028an hasi zen ematen, Nafarroako Gobernuak Blanca Fernández Viguera ikertzaile sozialari sari hori eman zionean, ikerketaren eta irakaskuntzaren bidez genero-ikasketak ezagutzeagatik eta sustatzeagatik, bai eta bere aktibismo feministagatik ere. 2019an, Alaiz elkarteak jaso zuen aintzatespen hori, emakumeen ahalduntzea bultzatzeko egindako lanagatik. Hurrengo edizioan, Astelehen Lilak Nafarroa elkartea izan zen saria jaso zuen erakundea. Elkarte hori indarkeria matxistarik gabeko eta berdintasunaren aldeko gizartea aldarrikatzeko sortu zen, eta ahalduntzera eta emakumeen eta gizonen arteko eskubide- eta aukera-berdintasuna sustatzera bideratu da.
2021ean, Berdinna Saria Nafarroako Landa Inguruneko Familien eta Emakumeen Elkarteari (Afammer Nafarroa) eman zitzaioan, landa eremuan emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren alde egindako lanagatik eta despopulazioaren aurkako estrategian duen funtsezko eginkizunagatik. 2022an, Desgaitasun Fisikoa eta Organikoa duten Pertsonen Elkarteen Federazioak (COCEMFE Nafarroa) saria jaso zuen, desgaitasunaren eremuan emakumeen aurkako indarkeria ezabatzeko konpromisoagatik, zuzeneko arretaren eta desgaitasuna duten emakumeekin ahalduntzeko tailerren bidez.
2023an, aitorpen hori Emakumeen eta/edo Feministen Erakundeen Koordinakundearentzat (COMFIN) izan zen, emakumeen elkarteen arteko lankidetzaren bidez berdintasuna sustatzen laguntzeagatik eta berdintasun-politikak sustatzen eta hobetzen duen eragin politikoagatik; 2024an, Salerosketaren Aurkako Elkarteari (ACT) eman zitzaion, berdintasuna sustatzen laguntzeagatik eta sexu-esplotaziorako emakumeen eta neskatoen salerosketa desagerrarazteko egindako lanagatik; eta, azken edizioan, aurten bertan, Esther Erice magistratuarentzat izan zen, justiziaren esparruan erreferente izan zelako ikuspegi feministarekin.