· Berean zerbitzu berriak aniztasun etnikoaren, kulturalaren, erlijiosoaren, funtzionalaren, intelektualaren, sexualaren eta generokoaren kudeaketa positiboaren eremuan jardungo du.
· Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoko sailburuak datozen hilabeteetan Eusko Jaurlaritzak Tratu-Berdintasunaren eta Diskriminaziorik Ezaren Euskal Legea bultzatuko duela iragarri du.
Era Berean sareak Tratu-Berdintasunari eta Diskriminaziorik Ezari buruzko kongresua egingo du (gaur eta bihar). Eusko Jaurlaritzak arrazagatiko, jatorri etnikoagatiko edo nazionalagatiko, sexu-orientazioagatiko edo sexu-identitateagatiko eta genero-identitateagatiko diskriminazioaren aurka borrokatzeko bultzatutako sare horrek 10 urte daramatza martxan. Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoko Sailak eta immigrazioaren, ijito-herriaren eta LGTBI kolektiboen esparruan lan egiten duten hainbat gizarte-erakundek osatzen dute. Euskadiko politika publikoetan eta gizarte zibilean tratu-berdintasuna eta diskriminaziorik eza zaintzea du helburu.
Bi eguneko biltzarra diskriminazioaren aurrean gaur egun ematen ari diren aurrerapausoei eta atzerapausoei begira jarri da gaur. Modu berean sare sozialetako kontranarratibei, diskriminazioaren eta gorroto-delituen biktimei laguntzeko ereduei edo arlo horretako ikerketa akademikoari buruzko gogoetak jorratuko dira.
Gaur Bilboko Euskalduna Jauregian hasitako biltzarraren barruan, Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoko sailburuak datozen hilabeteetan Eusko Jaurlaritzak Tratu Berdintasunaren eta Diskriminaziorik Ezaren Euskal Legea bultzatuko duela iragarri du. «Lege bermatzailea izango da, entzumenetik eta ebidentziatik eraikia, prebentzioa, babesa eta erreparazioa indartuko dituena. Politikak antolatu eta koordinatu nahi ditu, eskumenak argitu eta egoera diskriminatzaileen detekzioa hobetu. Badakigu segurtasun juridikorik gabe eta tresna argirik gabe, printzipioak erdibidean geratzen direla. Lege honek konpromisotik eraginkortasunera, koherentziatik egunerokotasunera igarotzen lagunduko digun hauspoa izan nahi du. Izan ere, tratu-berdintasuna ez da adierazpen bat; erabakien, kontrolen, baliabideen eta erantzukizunen ibilbide bat da» adierazi du Nerea Melgosa sailburuak.
Berean zerbitzu berria
Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoko sailak Berean (Tratu Berdintasunerako eta Diskriminaziorik Ezerako Euskal Zerbitzua) zerbitzu berria aurkeztu du. Bereanek aniztasun etnikoaren, kulturalaren, erlijiosoaren, funtzionalaren, intelektualaren, sexualaren eta generokoaren kudeaketa positiboaren eremuan jardungo du. Kasuak babesteaz eta erakunde-esparruak hobetzeaz gain, Bereanek prestakuntza eskainiko du erakundeetan eta gizarte-eragileetan eskumenak garatzen direla bermatzeko.
«Kontua ez da soilik gertakarien aurrean erreakzionatzea; aurrea hartzea da, hizkuntza komunak, aniztasuna modu positiboan kudeatzeko aukera ematen duten tresnak ematea. Prestakuntza espezializatuak antolaketa-kulturak aldatzen, prozedurak berrikusten eta pertsonen bizitzari eragiten dion erabaki publiko eta pribatu bakoitzean giza eskubideen eta tratu-berdintasunaren ikuspegia txertatzen laguntzen du «, azaldu du Melgosa sailburuak.
Tratu Berdintasun eta Diskriminaziorik Ezari buruzko biltzarrean, hizlari hauek hartu dute parte: Iñigo Lamarka (Ararteko ohia), Maggy Barrere (EHUko Zuzenbide Filosofiako katedraduna), Saul Castro (abokatu espezializatua), Alazne Irigoien (EHUko Zuzenbidearen Teoriako eta Genero Berdintasuneko irakaslea), Julia Shershneva (Ikuspegiko zuzendaria)…