- Orbea Gravel Rioja Alavesa txapelketaren edizio berria, kirola, enogastronomia eta jasangarritasuna uztartzen dituen ekitaldia
Javier Hurtado Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo sailburuak Orbea Gravel Rioja Alavesa (Wine Gravel Trail) aurkeztu du gaur Gasteizen; euskal zikloturismoaren urteko ekitaldirik nabarmenetako bezala finkatu da ekimena.
“Lehiaketa hau ez da txirrindularitza-zaleentzako kirol-proba soilik, Arabako Errioxaren erakargarritasunaz gozatzeko beste modu bat ere bada; bertako paisaiak zeharkatu eta bertako kultura, gastronomia eta ardoa ezagutzeko aukera da”, nabarmendu du sailburuak.
Bestalde, Orbea Gravel Rioja Alavesak zuzenean laguntzen dio jasangarritasunean oinarritutako Euskadiren turismo-estrategiari:
- Desestazionalizazioa sustatzen du, udazkenean bisitariak erakarrita.
- Lurraldearen ezagutza eta mugikortasun jasangarria bultzatzen ditu.
- Bisitariak fidelizatzen laguntzen du, bidaiak errepikatzea bultzatuta.
- Ingurumena errespetatzen duen turismoa sustatzen du.
- Eskaintza turistikoa dibertsifikatzen du, bisitari-nitxo berriak erakarrita.
Sailburuak adierazi duenez, “zikloturismoa Euskadiren apustu estrategikoetako bat da, turismo-eredu jasangarriari egiten dion ekarpenagatik”. Ildo horretan, Zikloturismoaren Euskal Estrategiak eskaintza sendotu eta dibertsifikatu nahi du ibilbide berrien bidez, horietako batzuk legarrezko espezifikoak, hala nola Erromanikoaren Ibilbidea, Arabako Trikuharrien Ibilbidea, Vitoria-Gasteiz Gravel Land edo Orbea Gravel Trail bera, guztiak Euskadi Bizikletaz gidan jasoak. Gainera, iragarri duenez, “datozen asteetan, beste legar-bide berri bat aurkeztuko da bikepacking segmentu gorakorraren barruan; Euskadiko hainbat txoko hainbat egunetan zeharkatzeko aukera emango du”.
Euskadik bide berdeen eta ibilbide zikloturista kulturalen sarea zabaltzen jarraitzen du, eta horren adibide dira duela gutxi aurkeztu diren Burdinmendi eta Arditurriko Bide Berdeak. Hala, Euskadi helmuga liderra da zikloturismoan, bere tradizio ziklistari, azpiegiturei eta kirol honekiko duen grinari esker.
Amaitzeko, sailburuak eskerrak eman nahi izan dizkie ekitaldiaren antolakuntzan parte hartu duten erakunde guztiei, eta zorionak eman ditu aurreko edizioek izan duten arrakastagatik: “Orbea Gravel Rioja Alavesa bezalako ekitaldiak turismo jasangarriaren, errespetuzkoaren eta erakarpen-motorraren adibide dira, eta Euskadik erreferentziako helmuga zikloturista gisa duen posizioa indartzen dute”.