Eusko Jaurlaritza eta Sestaoko Udala lanean ari dira La Benedicta kirol, aisia eta turismo gune bihurtzeko

0
  • Sestao eta Barakaldo lotuko dituen bidegorriaren lehen zatiko lanak hasi dira
  • Gainera, esleitu egin dira ontziraleku bat, bisitariak hartzeko modulu bat eta itsasadarrean balkoi bat egiteko lanak.

 

Sestao, 2025eko urriaren 17a. Sestaoko alkate Gorka Álvarezek eta Eusko Jaurlaritzako Turismo eta Merkataritza sailburuorde Jakes Aguirrezabalek gaur goizean aurkeztu dituzte 2023 Helmugako Jasangarritasun Turistikoaren Planaren (Sol y Playa Turismo Azul 2023 Plan Nazionala) azken berrikuntzak. Plan horren helburua da Sestao erreferente gisa sendotzea turismo industrial jasangarriaren eta hiri-berrikuntzaren arloetan.

Bi agintariak La Benedicta dartsenara hurbildu dira, bertan hasi baitira itsasadarretik gertuen dagoen eremutik Sestao eta Barakaldo lotuko dituen bidegorriaren lehen zatia eraikitzeko lanak. Kilometro bateko luzera izango duen tarte horrek La Benedicta pasealekua eta Txabarri kalea lotuko ditu, eta Sestao itsasadarrera zabaltzeko beste pasabide bat izango da, kirola eta mugikortasun jasangarria hiri-paisaian integratuko dituena.

Gainera, alkateak eta sailburuordeak Benediktako dartsenaren kultura, ingurumena eta paisaia lehengoratzeko lanen esleipena iragarri dute. Lan horien artean, hain zuzen, ontziraleku bat eta bisitariak hartzeko modulu bat jartzea eta itsasadarraren gaineko balkoi panoramiko bat egitea daude.

Next funtsen 2,1 milioi euroko dirulaguntza ekonomikoa

Jarduera horiek guztiak Next funtsetako 2.160.000 euroko dirulaguntza baten kontura finantzatuko dira, Eusko Jaurlaritzak Udalari emandakoa, Helmugako Jasangarritasun Turistikoko Plana ezartzeko.

«Asmo handiko plan bat garatzen ari gara, Benedikta erreferentziazko gune bihur dadin kirolerako, aisialdirako eta turismo jasangarrirako. Sestao itsasadarrera hurbiltzen jarraitzea da gure helburua, eta ingurune hau herritar guztientzat harro egoteko moduko  topaleku eta gozamen gune bihurtzea «, nabarmendu du Gorka Alvarez Sestaoko alkateak.

Turismo eta Merkataritza sailburuorde Jakes Aguirrezabalentzat, «Helmugako Jasangarritasun Turistikoko Planek Europako Funtsetako 80 milioi euro baino gehiago bideratu dituzte erkidegoko hainbat eskualde eta udalerritan egingo diren 34 proiektutarako, tokiko erakundeen inplikazioari esker».

Sailburuordeak azpimarratu duenez, «gaur hemen aurkezten dugun jardunak Sestaorako turismo jasangarriagoa eta lehiakorragoa garatzen lagunduko du, eta, aldi berean, gure historiaren eta kulturaren balioak zabalduko ditu Euskadin eta Euskaditik kanpo.

Bultzada berria de La Benedictari

Bidegorriaren lehen fasea 313.525,73 euroan esleitu zen, eta Eusko Jaurlaritzaren finantziazio osoa du. Lanak urrian hasi eta, aurreikuspenen arabera, 2026ko martxora arte iraungo dute.

Dartsenako Kultura eta Ingurumena Zaharberritzeko Planak 1.050.000 euroko inbertsioa egingo du guztira. Horietatik, Eusko Jaurlaritzako Turismo eta Merkataritza Sailak 810.000 euro jarriko ditu, eta Sestaoko Udalak, 240.000.

Plan honen barruan gauzatuko diren hiru jarduerak honako hauek izango dira:

  • Ontziraleku turistikoa: itsasadarrean nabigatzen duten itsasontziak bertara iritsi ahal izango dira, eta Labe Garaia bisitatzen dutenei edo iragan industrialeko ibilbideetan dabiltzanei Sestaorako itsas sarbide zuzena eskainiko die.
  • Bisitariak hartzeko zentroa: ontziralekutik metro gutxira kokatuko den aurrefabrikatutako modulua, turistak eta taldeak artatu eta orientatzeko.
  • Itsasadarraren gaineko balkoi panoramikoa: 80 metro luze den azpiegitura berri honek dartsenaren eta Labe Garaiaren inguruaren ikuspegi pribilegiatua eskainiko du.

Aurreikusita dago lanak 2026ko udaberrian amaitzea.

«Proiektu honek espazio enblematiko bat edertzeaz gain, Sestao udalerri dinamiko, jasangarri eta itsasadarrera ireki gisa bultzatzen du. Hemen bizi garenon etorkizunaren eta bizi-kalitatearen aldeko apustua da «, esan du Alvarezek.