Herritarrek ‘Lottu’ izena hautatu dute Euskadiko tren-aldiriak izendatzeko

0
  • Irekia webgunean zabalik egon den inkestan botoa eman duten pertsonen erdiek baino gehiagok hautatu dute izen hori
  • Kontsulta loteslea denez gero, Eusko Jaurlaritzako Mugikortasun Sailak emaitza onartu, eta marka berria garatuko du

 

Herritarrek ‘Lottu’ marka aukeratu dute Euskadiko tren-aldirien zerbitzua izendatzeko. Eusko Jaurlaritzako Mugikortasun Jasangarriaren Sailak sustatutako inkesta Irekia webgunean bi astez zabalik izan den aldian, parte hartu duten herritarren % 55ek baino gehiagok egin dute aukera horren alde, Lurbil (% 30,4) eta Besaide (% 14,4) aukeren aurretik.

Hiru aukerek lurraldearekiko hurbiltasuna iradoki nahi dute, Susana García Chuecak zuzentzen duen Sailak gero eta hurbilago dagoen zerbitzua eskaintzeko duen interesaren ildotik. Hain zuzen, ‘Lottu’ irudimenezko hitza da, lotura gogora ekartzen duena.

Aldiriko tren-zerbitzuak 2025eko urtarrilaren 1ean eskualdatu zitzaizkion Eusko Jaurlaritzari, eta zerbitzu horietan Renfek lanean jarraitzen du oraindik ere. Bost linea dira guztira, lau Bizkaian eta bat Gipuzkoan, Arabako Lautadako zerbitzu berriaz gain. Lehen urte honetan, Mugikortasun Jasangarriaren Saila zerbitzuan hobekuntzak ezartzeko lanean ari da; horren adibide dira urtarrilean C-3 linean (Bilbo-Urduña) egindako aldaketak, eta Araban beste batzuk gehitzeko lanak (maiatzaren 30ean ezarri zirenak, datozen hilabeteetan abian jarriko den Karrantza eta Aranguren arteko anezka, edo irisgarritasunaren arloko aurrerapenak).

Mugikortasun Jasangarriaren Sailak, hobekuntza horiekin batera, marka berria eta bereizia sortu nahi du, eta herritarrek bozketan parte hartu izana eskertu nahi du, aldiriko zerbitzuak etorkizunean izango duen izenari buruzko erabakiaren partaide izateagatik.

‘Zer izen jarriko zenieke Euskadiko aldiriko trenei?’ galdera zuen inkestak izaera loteslea zuenenez gero, Mugikortasun Jasangarriaren Sailak bere gain hartuko du emaitza, eta herritarrek hautatutako marka garatuko du aurrerantzean, marka-erregistroen tramitazioetan marka onartu bezain laster.,Gainera, kontsulta horren bidez, tresna berria zabaldu da Irekia webgunean, hau da, gardentasunean, parte-hartzean eta elkarlanean oinarritutako gobernantza ona gauzatzeko Euskadiko Gobernu Irekiaren kanalean.