- Lehendakariordeak eta Ekonomia, Lan eta Enplegu sailburuak nabarmendu duenez, EAEk Europako funtsak kudeatzeko gaitasuna sendotu du, % 78ko ebazpen tasa lortuz, Estatuko batez bestekoa baino askoz handiagoa
- Next Generation funtsek euskal produkzio sarea suspertu eta modernizatu dute, 25.000 enpresa txiki eta ertain trantsizio energetikoa, digitala eta soziala bultzatzen duten proiektuez baliatu baitira
Mikel Torres Lehendakariordeak eta Ekonomia, Lan eta Enplegu sailburuak gaur, astelehena, Eusko Legebiltzarrean nabarmendu duenez, “MRR funtsen guztizko inpaktua 4.000 milioi eurotik gorakoa da Euskadin lehen aldiz”, zehazki, 4.025 milioi eurokoa, “eta horietatik 1.299 milioi zuzenean kudeatu ditu Eusko Jaurlaritzak”. Ildo horretan, jakinarazi duenez, “MRR funtsen ebazpen tasa Euskadin % 77,7koa da, eta Estatuan, berriz, % 68,9koa. Gauzatze maila horrek gure konpromisoa islatzen du kudeaketa zorrotzarekin, gardenarekin eta emaitzetara bideratuarekin”.
Torresek azpimarratu du funts horiek “Euskadiren etorkizun finantzario eta estrategikorako une erabakigarrian” iritsi direla, eta jakinarazi du “funts autonomikoen exekuzioa esleitutako zenbatekoaren % 81era” iristen dela, “euskal kudeaketa ahalmenaren sendotasuna” berretsiz.
Mikel Torres Lehendakariordeak eta Iñaki Ruiz Manzano Ekonomia sailburuordeak agerraldia egin dute gaur Eusko Legebiltzarreko Ekonomia, Lan eta Enplegu Batzordean, Euskadiko Berreskurapen, Eraldaketa eta Erresilientzia Planaren (PRTR) funtsen egikaritze mailari eta inpaktuari buruzko txosten eguneratua aurkezteko, 2025eko abuztuaren 31ko datuekin.
Martxotik, exekuzioa 65 milioi eurotan hazi da, eta 14 mugarri eta helburu berri lortu dira, Euskadiri esleitutako mugarrien betetze maila % 51ra igoz. “Euskal Ogasunean sartutako funtsen % 95 indarrean dauden edo amaituta dauden proiektuetarako daude esleituta, eta horrek konprometitutako lerroen esleipen ia osoa islatzen du”, azpimarratu du Torresek.
Orain arte, MRR funtsek eragin zuzena izan dute Euskadiko 27.379 onuradunengan; horietatik 25.000 baino gehiago enpresa txiki eta ertainak dira (ETEak), eta kudeaketa autonomikoaren banaketa sektoriala orekatua da industriaren modernizazioan, zainketen ekonomian, hezkuntzan eta formakuntzan, eta trantsizio energetikoan, besteak beste.
Lurralde historikoka, 843 milioi Arabako onuradunentzat izan dira (guztizkoaren % 22, 843.807.475 euro), ia 1.490 milioi Bizkaikoentzat (% 38, 1.489.944.534 euro) eta 1.076 milioi Gipuzkoakoentzat (% 27, 1.076.206.465 euro). Gainera, 508 milioi euro (% 13, 508.541.858) Euskal Autonomia Erkidegotik kanpoko probintzietan egoitza fiskala duten eta Euskadin inpaktua duten proiektuak gauzatu dituzten onuradunentzat izan dira; hala nola, Mercedes-Benzentzat.
Era berean, Eusko Jaurlaritzak 322 milioi euro transferitu dizkie aldundiei, udalei eta euskal sektore publikoko erakundeei, tokiko eta sektoreko proiektuak gauzatzeko, % 91,6ko transferentzia mailarekin (27 milioi transferitzeko daude).
Euskadi, Europako proiektu estrategikoetan aktore nabarmena (PERTEak)
“Euskadik 1.435 milioi euro bildu ditu Ekonomia Berreskuratzeko eta Eraldatzeko Proiektu Estrategikoetatik (PERTEak), hau da, Estatuko guztizkoaren % 7,4, eta horrek erakusten du gure empresa sarearen indarra”, adierazi du Mikel Torresek. Nabarmentzekoak dira honako arlo hauek: ibilgailu elektrikoa eta konektatua (545 milioi euro), trantsizio energetikoa eta hidrogeno berriztagarria (353 milioi euro) eta deskarbonizazio industriala (165 milioi euro).
Onura gehien izan duten euskal enpresen artean daude Mercedes-Benz España, Irizar, Iberdrola, Basquevolt edo Bay of Biscay Hydrogen; horrek Euskadi berrikuntzaren eta iraunkortasunaren polo industrial bihurtu du Europan.
Mikel Torres Lehendakariordeak azpimarratu duenez, “Euskadi Europako funtsak baliatzen ari da, ekonomia suspertzeko ez ezik, bere ekoizpen eredua ekonomia berdeago, digitalago eta inklusiboago baterantz eraldatzeko”. Bestalde, Iñaki Ruiz Manzano sailburuordeak “efizientzia eta koordinazio instituzionala” azpimarratu ditu, “Estatuko batez bestekoa gainditzen duen ebazpen tasa mantentzea ahalbidetu dutelako”.
Funtsezko datuak (2025eko abuztuaren 31n):
- 4.025 milioi euro: MRR funtsen guztizko inpaktua Euskadin.
- 1.299 milioi euro: Eusko Jaurlaritzaren kudeaketa autonomikoa.
- % 81: funts autonomikoen egikaritze maila.
- 27.379 onuradun, 25.000 ETE baino gehiago.
- 1.435 milioi euro bildu dira PERTEen (estatuko guztizkoaren % 7,4).
- Aldundiei, udalei eta toki erakundeei transferitutako 322 milioi euro.