Viajes National Geographic-ek gida bat argitaratu du Araba ezagutzeko eta dastatzeko

0
  • Gida bihar banatuko da paperean aldizkariarekin batera eta, ‘eBook’ bertsioan, argitalpen ospetsu honen webgunean
  • Cristina González: “Ekimen honen helburua da gure ondarea, natura eta enogastronomia ezagutaraztea, behe denboraldian bidaiariak erakartzea eta Araba helmuga jasangarri eta kalitatezko gisa finkatzea
  • Javier Hurtado: “Araba potentzial turistiko handiko lurraldea da, eta 2019tik % 34 hazi da. Gida hori lagungarri izango zaigu gure lurraldea ezagutzera ematen jarraitzeko

 

‘Viajes National Geographic ‘aldizkariak, azaroko zenbakiarekin batera, Arabako gida turistiko oso bat argitaratuko du bihar, “liluratzen” duen helmuga baten ondare aberatsa, natura joria eta enogastronomia aitortua ezagutzera emateko eta bidaiariak etortzera animatzeko. Gida gaurtik aurrera kontsulta daiteke, ‘eBook ‘bertsioan, viajes.nationalgeographic.com.es webgunean.

Argitalpen proiektu honek Arabako Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren babesa du, eta argitalpen ospetsu honen 3,5 milioi baino gehiago diren irakurle eta bidaiariei zuzenduta dago.

Cristina González Enplegu, Merkataritza eta Turismo Saileko foru diputatuak, Javier Hurtado Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuak eta Javier Zori ‘Viajes National Geographic’-en zuzendariak turismo gida aurkeztu dute gaur goizean. Halaber, «Eskualde guztietatik ibilbide bat eginez Araba gozatu eta dastatzera gonbidatzen duten» edukien diseinu zaindua eta kalitatea nabarmendu dituzte.

«Proiektu honen helburua da gure ondarea, izaera eta enogastronomia merkatu nazionalean ezagutaraztea; bidaiariak erakartzea, batez ere erdi eta behe denboraldietan, eta, horrela, sektorea urtaro edo sasoi jakin batzuei lotuta ez egoten laguntzea; eta Araba helmuga jasangarri, inklusibo eta kalitatezko gisa finkatzea, National Geographic marka aitortu eta prestigiodun baten zigiluaren bidez», adierazi du Cristina Gonzálezek.

Bestalde, Javier Hurtado sailburuak azaldu duenez, Araba da turismoa hazteko potentzial handiena duen lurraldea. «Azken urteotan, pandemia baino lehenagotik, 2019tik, Araban % 25eko hazkundea izan da sarreretan, eta % 34koa ostatu gauetan, EAEko hazkundearen gainetik. Horrek enplegua % 4 baino gehiago haztea dakar. Eta hori erakundeen apustu irmoari eta baterako lanari esker da «.

Helmuga bat eta zazpi eskualde

´Álava. Patrimonio, naturaleza y gastronomía en un viaje que hechiza’ izeneko gida bihar, urriak 21, asteartearekin, banatuko da paperean ‘Viajes National Geographic’ argitalpenaren azaroko edizioarekin batera, ohiko kiosko eta saltokietan, bai eta aldizkariaren 11.000 harpidedunen artean ere. Gida hori, gainera, web atari honetan dago eskuragarri gaurtik aurrera:viajes.nationalgeographic.com.es; eta datozen asteetan bere sare sozialetako milioi erdi jarraitzailerengana iritsiko da.

«Viajes National Geographic»-en zuzendari Javier Zorik emandako kopuruaren arabera, 3,5 milioi pertsona baino gehiago izan daitezke gidaren hartzaileak: paperezko aldizkariaren (EGM) 1,5 milioi irakurle eta web atariko (Comscore) 2,1 milioi irakurle. Irakurle horiek, ziurtatu duenez, «Araba moduko helmuga berezi bat baloratuko dute. Ondarea, gastronomia eta natura harmoniaz uztartzen dituen helmuga bat, esperientzia paregabeak eskaintzen dituena, haietako asko ezezagunak publiko handiarentzat».

“Hori izan da gida honen helburu nagusia: txokorik, paisaiarik eta zaporerik harrigarrienak transmititzea, Arabako erakargarritasun nagusietako hauei balioa emateari utzi gabe: lasaitasuna eta benetakotasuna, egungo bidaiariek gero eta gehiago eskatzen dituzten bi balio», gaineratu du.

Arabako gidak Añanako Gatz Haranaren irudi berezi eta ikonikoa du azalean, eta guztira 36 orrialde ditu, zazpi kapitulutan banatuta, Arabako zazpi kuadrilla hauetako ondare, natura eta gastronomia eskaintzaren erakargarri nagusiak azaltzeko: Vitoria-Gasteiz, Arabako Errioxa, Añana, Aiaraldea, Gorbeialdea, Arabako Lautada eta Arabako Mendialdea. Hori guztia irudi ikusgarriz lagunduta.

Eraztun Berdea, Santa Maria katedrala, Erdi Aroko Almendra Gasteizen; Erdi Aroko hiribilduak, upeltegiak eta trikuharriak Arabako Errioxan; dorreak eta gazteluak, Valderejo eta Santa Katalinako lorategi botanikoa Añanan; ur jauziak, Erdi Aroa, museoak eta txakolina Aiaraldean; pagadi magikoak, Oroko santutegia eta mendia Gorbeialdean; Alaitza eta Gazeoko eliza margotuak, eta mendi ibilaldiak eta Idiazabal gazta Lautadan; Izki, Vasco-Navarro eta Mina Lucía Arabako Mendialdean… Gidak baliabide horiek eta askoz gehiago jasotzen ditu.

«Argitalpenak Arabako eskualde guztiak sartzen ditu bisitarien batez besteko egonaldia luzatzeko estrategia baten bidez, eta arrazoiak ematen dizkie bisitatzen gaituztenei gure artean luzaroagoan egoteko, turismo jarduerak eskualde guztietako ekonomian eta enpleguan dituen onurak modu orekatuan banatze aldera», azaldu du foru diputatuak.

Gidaliburua osatzeko, sarrera bat eta Arabako eta haren zazpi kuadrilletako mapa bat daude, bai eta azken atal bat ere, non Arabako gastronomiarik onenaz gozatzeko ideiak eta kultura eta kirol ekitaldi garrantzitsuenen egutegia (Umbra Light Festival, Azkena Rock Festival, Ironman, Jazzaldia, FesTVal, Magialdia, etab.) azaltzen diren. Argitalpenari amaiera emateko, Arabako Errioxako mahasti itsasoari begira dagoen bikote baten irudia ageri da.