Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailak gizarte ekonomia sustatuko du ASETT abangoardiako hubari emandako 500.000 euroko dirulaguntzaren bitartez

0

Laguntzak aukera emango du zentro eraldatzaile hori berrikuntzaren eta jardunbide egokien nazioarteko erreferente gisa kokatzeko, eta Euskadik sektore horretan duen ikusgarritasuna eta lidergoa sustatzeko

ASETT – Arizmendiarrieta Social Economy Think Tank abangoardiako hubari 500.000 euroko zuzeneko dirulaguntza ematea onartu du Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailak, gizarte ekonomiaren arloan aitzindaria den ekimena izateagatik. Laguntza horri esker, berrikuntzan eta jardunbide egokietan nazioarteko zentro eraldatzaile eta erreferente gisa sendotuko da ASETT, eta Euskadik sektore horretan duen ikusgarritasuna eta lidergoa bultzatuko du.

Mikel Torres Lehendakariordeak zuzentzen duen sailak, era horretan, berretsi egin du gizarte ekonomiarekin duen konpromisoa, eta apustu egin du euskal eta europar gizartearen hazkunde ekonomikoari eta ongizateari lagunduko dioten lankidetza eredu jasangarrien alde. Ekimenaren lehen urtean, ASETTek haren lehen nazioarteko foroa antolatu du, eta sare akademiko bat sortzen hasi da, bai eta unibertsitate, erakunde eta enpresentzako proiektu berritzaileak diseinatzen ere.

Funtzionamendu gastuen zati bat finantzatuko du Gobernu Kontseiluak gaur, asteartea, onartutako dirulaguntzak, baita hubaren nazioarteko posizionamendua eta ekimen berrien garapena ere, eta horrek gizarte ekonomiak eraldaketarako eta kohesio sozialerako motore gisa duen papera indartuko du.

 

Lankidetza publiko-pribatua

ASETT, Donostiako Miramar Jauregian kokatua, lankidetza publiko-pribatuaren emaitza da, eta hainbat erakunderen babesa du; hala nola, Eusko Jaurlaritzarena, Lan eta Gizarte Ekonomiako Ministerioarena, Gipuzkoako Foru Aldundiarena, Donostiako Udalarena, Gizarte Ekonomiako Espainiako Enpresarien Konfederazioarena (CEPES), Euskadiko Kooperatiben Kontseilu Gorenarena eta Mondragon Taldearena.

Haren misioa hirukoitza da: gizarte ekonomia aztertzeko think tank gisa jardutea, enpresen eta erakundeen artean ezagutzak trukatzeko prospektiba institutu izatea, eta sektorean jardunbide egokiak zabalduko dituen ideien laborategi sozial bat sustatzea