- Jauzi kualitatiboa da, eta Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak, Euskal Herriko Unibertsitateko Arabako campusak, Gasteizko Udalak eta Minbiziaren Aurkako Arabako Elkarteak elkarrekin egindako lanari esker lortu da. Gaur aurkeztu dute unibertsitate-eremu horretan abian jarritako sentsibilizazio-kanpaina
- Ekimen horretan aldundiek eta udalek ere parte hartzen dute eta 2021ean hasi zen Euskadiko 9 hondartzatan eta, 4 urte geroago, dagoeneko 700 eremu baino gehiagotara eta 70 udalerri ingurura zabaldu da, besteak beste, hezkuntzako, osasuneko, komunitateko eta ingurumeneko arloetan
Euskal Herriko Unibertsitatearen Arabako campusa lehen unibertsitate-eremua da Kerik Gabeko Guneen Sarearekin bat egiten. Sarea Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak 2021ean sortu zuen, Euskadiko foru-aldundiekin eta udalekin lankidetzan. Hala, jauzi kualitatiboa lortu da Osasun Sailak, Euskal Herriko Unibertsitatearen (EHU) Arabako campusak, Gasteizko Udalak eta lurralde horretako Minbiziaren Aurkako Elkarteak elkarrekin egindako ahaleginari esker.
Erakunde horietako ordezkariek sentsibilizazio-kanpaina aurkeztu dute gaur campusean bertan emandako prentsaurrekoan. Kanpaina hori elkarrekin egin dute, eta, hedapenerako beste elementu batzuen artean, mural handi bat egin da, ekimenaren helburua laburbiltzen duena, goiburu honen bidez: “Campusean, kerik gabe hobeto. Izan gaitezen eredu”. Era berean, Minbiziaren Aurkako Elkarteak informazio-mahaiak(1) jarriko ditu hainbat egunetan eta fakultatetan.
Ekitaldian parte hartu dute Alberto Martínez Eusko Jaurlaritzako Osasuneko sailburuak, Ixone Fernández de Labastida Arabako campuseko errektoreordeak, Ana López de Uralde Gasteizko Udaleko Kirol, Osasun eta Garapenerako Lankidetzako zinegotziak eta Gorka Orive Minbiziaren Aurkako Arabako Elkarteko presidenteordeak.
Kerik Gabeko Guneen Sarea 2021ean jarri zen abian, tabakoa eta lurrungailuak bezalako deribatuak kontsumitzen hastea prebenitzeko, besteren kearen edo aerosolaren esposizioa ezabatzeko, batez ere adingabeengan, eta zigarrokinek eta tabakoarekin lotutako produktuen beste hondakin batzuek eragindako kutsadura saihesteko.
Kerik gabeko Euskadi estrategiaren barruan, sare hori duela 4 urte hasi zen Euskadiko 9 hondartzatan. Harrezkero, urtero gehitu ditu atxikimendu berriak, eta gaur egun kerik gabeko 700 gune baino gehiago eta 70 udalerri inguru daude Euskadin. Hala, leku askotara zabaldu da: autobus- edo tren-geltokiak (398), parke eta plazak (123), ikastetxeetako inguruneak (96), osasun-zentroetako inguruneak (49), hondartza eta igerilekuak (32), terrazak, udal bulegoak, egoitzak eta abar.
Gaur EHUren Arabako campusa sarean sartzeak beste bultzada bat ematen dio tabakismoa prebenitzeko eta bizi-ohitura osasungarriak sustatzeko programak sustatzeko Eusko Jaurlaritzako Osasun Saileko Osasun Publikoko Zuzendaritzaren estrategiari. Programa horiek hezkuntzaren, osasunaren, komunitatearen edo ingurumenaren arloetan garatzen dira.
SAREAREN HAZKUNDE KUANTITATIBOA ETA KUALITATIBOA
Alberto Martínez Osasuneko sailburua pozik agertu da Kerik Gabeko Guneen Sareak hazkunde kuantitatibo eta kualitatibo handia izan duelako hain denbora laburrean, eta, beraz, tabakismoaren inguruko kultura-aldaketaren termometro gisa hartu delako. Ildo horretan, gogorarazi duenez, Euskadin tabakoaren kontsumoak pixkanaka behera egin du 2010etik, eta, Osasun Sailak 2023an burututako Euskadiko Adikzioei buruzko Inkestako datuen arabera, urte hori izan da serie historiko osoko tabako-kontsumitzaileen proportziorik txikiena.
Hala ere, Osasuneko sailburuak bere kezka azpimarratu du produktu ez-konbentzionalak gero eta gehiago kontsumitzen direlako, kaltegabe gisa iragartzen direnak, baina osasunerako arrisku larriak dakartzatenak. Izan ere, nabarmen zabaltzen ari dira gazteen artean eta erretzeko ohitura hartzeko atea izan daitezke askotan. Lehen aipatutako adikzioei buruzko inkesta berak erakusten du joera horrek garrantzi berezia duela 15 eta 35 urte bitarteko gazteen artean, zigarro elektronikoen kontsumoaren prebalentzia % 34koa baita batez beste.
Osasun Sailak 2027ra arte indarrean egongo den Adikzioen VIII. Euskal Plana garatzen dihardu eremu horretan. Plan horretan, adingabeek tabakoa kontsumitzeko duten erraztasuna murrizteko neurriak eta haien kontsumoa ez normalizatzera bideratutako ekintzak jasotzen dira, bereziki nerabeen eta gazteen artean. Gailu elektronikoen inguruko kanpaina espezifikoez gain (iaz hasitakoa, adibidez), lurrungailuak erabiltzeak osasunean dituen arrisku larriez ohartarazteko, “Lurruna ez da zure broa: bizitza suntsitzen dizu” goiburuarekin. Era berean, Osakidetzak hamarkada bat baino gehiago darama tabakoa erretzeari uzteko ikastaroak ematen, eta 65.000 pertsona baino gehiago artatu ditu. 2024an soilik, 12.062 pertsonak utzi zuten tabakoa ikastaro horiei esker.
CAMPUSA, EKIMEN HORIETARAKO GUNE PRIBILEGIATUA
Bestalde, Ixone Fernández de Labastida Arabako campuseko errektoreordeak azpimarratu duenez, Campusa ez da edozein gune, horrelako ekimenetarako leku pribilegiatua baizik. “Gure erkidegoko gehienak gazteak dira, eta horrek ere erantzukizun berezia eskatzen digu erakunde eta komunitate gisa. Ikasleek espazio osasungarri batean ikasteko eta erlazionatzeko eskubidea dutelako. Gainera, adinaren irizpidearen arabera, unibertsitateko ikasleak gai horrekiko bereziki sentikorra den beste kolektibo batetik gertu daude, besteak beste, nerabeengandik. Espero dugu beren praktika eta ohitura osasungarriekin eragin positiboa izatea atzetik dituzten beste belaunaldi horietan. EHUko komunitatearen erreferentzialtasuna bereziki azpimarragarria da eremu horretan”, esanez amaitu du.
GASTEIZ OSASUNGARRIAGOA ERAIKITZEN JARRAITZEA
Ana López de Uralde Gasteizko Udaleko Kirol, Osasun eta Garapenerako Lankidetzako zinegotziak azpimarratu duenez, udalean, Osasun Publikoko Udal Zerbitzuaren bidez, “aurrera egiten jarraitzen dugu herritarrak kontzientziatzen eta sentsibilizatzen, kerik eta lurrunik gabeko espazio publikoak mantentzearen garrantziari buruz. Gure helburua –gaineratu du– hiri osasungarriagoa eraikitzen jarraitzea da, eta hori lortzeko tabakoarekiko esposizio pasiboa murriztea, batez ere adingabeen eta pertsona zaurgarrien artean, kontsumitzen hasteko adina atzeratzea, eta tabakismoarekin lotutako gaixotasunak prebenitzen laguntzea da gure zeregina”.
AECC-REN ZEREGINA KONTZIENTZIAZIOAN
Gorka Orive Minbiziaren Aurkako Arabako Elkarteko presidenteordearen ustez, “funtsezkoa da gazteak tabakoaren eta lurrungailuen arriskuez sentsibilizatzen jarraitzea”, eta adierazi duenez, “horregatik, gaur urrats handia ematen da Arabako campusean kerik gabeko gune berri bat sortzean”. Era berean, Orivek azpimarratu du garrantzizkoa dela erakundeen arteko lankidetza eta ordezkatzen duen elkartearen zeregina kontzientziazioan, 2030ean kerik gabeko lehen belaunaldia lortze aldera.
MURALA, ARTISTA ARABAR BATEN LANA
Lander Picazo Gasteizko Arte eta Lanbide Eskolako irakasleak egin du murala. Diseinurako, Picazo haize-errotatxoan inspiratu da, kanpainaren ikurra eta herritarrentzat jada ezaguna den elementua. “Muralean errotatxoak bat egiten du EHUren logoarekin, eta aire-korronte garbi batez inguratzen da. Hori guztia kolore urdinarekin irudikatzen da, eta unibertsitateko agertoki ireki batean girotuta dago, birikak eta aire hori arnasten duten albeoloak gogorarazten dituzten zuhaitzen siluetekin”, adierazi du artistak. Sorkuntzan, gainera, irudi esferiko eta abstraktu eskudun batzuk ikus daitezke, adibidez, ordenagailu eramangarri batekin lan egiten edo kerik gabeko gunearen proposamena besarkatzen.
(1) Minbiziaren aurkako informazio-mahaien egutegia
- Urriak 24, ostirala LETREN FAKULTATEA 11:00-13:00
- Urriak 29, asteazkena INGENIARITZA ESKOLA 11:00-13:00
- Azaroak 5, asteazkena HEZKUNTZA ETA KIROL FAKULTATEA (Hezkuntza) 11:00-13:00
- Azaroak 7, ostirala HEZKUNTZA ETA KIROL FAKULTATEA (Kirola) 11:00-13:00
- Azaroak 10, astelehena TOMÁS ALFARO UNIBERTSITATE EGOITZA 17:00-19:00
- Azaroak 25, asteartea ERIZAINTZA ETA MEDIKUNTZA FAKULTATEA 11:00-13:00
- Azaroak 26, asteazkena Esperientzia Gelak HEZKUNTZA FAKULTATEA 17:00-19:00
- Azaroak 28, ostirala FARMAZIA FAKULTATEA 11:00-13:00
- Abenduak 12, ostirala LAN HARREMANAK ETA GIZARTE LANA FAKULTATEA 11:00-13:00
- Otsailak 6, ostirala ELURRETAKO ERAIKINA 11:00-13:00
- Otsailak 20, ostirala EKONOMIA ETA ENPRESA FAKULTATEA 11:00-13:00






