EUDELek eta Emakundek ekimen bat abiarazi dute tamaina txikiagoko udalerriak EAEko Berdintasun Legearen aurrerapenetan batzeko

0
  • Bi erakundeek bultzatutako Berdinsarearen bitartez, 7.000 biztanle arteko udalerriek prestakuntza eta aholkularitza estrategikoa jasoko dute beren berdintasun-egiturak antolatzeko eta beren eskalara egokitutako berdintasun-politikak hedatzeko
  • Eredu erreferentea mankomunitateak, kuadrillak eta udalaz gaindiko beste elkarte batzuk dira, hiru lurraldeetan ezarpen handia dutenak, lankidetza eta politika eta zerbitzu publikoen kudeaketa partekatua bultzatzen dutenak

Gaur goizean, Iurretan, EUDELek eta Emakundek “Berdinsare(H)abian” programa aurkeztu dute, 7.000 biztanle arteko udalerriei berdintasunaren aldeko tokiko politikak ezartzen eta finkatzen laguntzeko ekimen bateratua. Helburua da Euskadiko lurralde osoan Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Legea benetan bete dadin erraztea, eta, hala, euskal herritarren % 100i estaldura ematea.

Esther Apraiz, EUDELeko elkarteburu eta Derioko alkatea, eta Miren Elgarresta, Emakundeko zuzendaria, Oskar Koka Iurretako alkatearekin batera, 7.000 biztanle arteko 194 udalerrietako ordezkaritza politikoarekin (EAEko biztanleen % 76) egindako topaketaren buru izan dira. Horietako asko Arabako kuadrilletan biltzen dira, edo, Bizkaiaren eta Gipuzkoaren kasuan, mankomunitateetan eta beste elkarte batzuetan.

Berdintasunerako Euskal Legeak ezartzen duenez, tokiko erakunde guztiek, edozein tamainatakoak direla ere, berdintasuna bultzatzeko berariazko egiturak izan behar dituzte, langile tekniko espezializatuekin, dedikazio egokiarekin eta behar besteko baliabideekin. Hala ere, baldintza horiek erronka handia dira populazio txikieneko udalerrientzat. Egoera horri erantzuteko, EUDELek eta Emakundek, Berdinsarea udalerrien sarearen bitartez, laguntza eta babes hobea emango diete udalerri txikiei, beren berdintasun-egiturak antolatzen eta beren eskalara egokitutako politika publikoak hedatzen laguntzeko eta horiek babesteko.

Oro har, Berdinsareak sareko lana sustatzen du, eta udalerri txikiei taldean lan egitea gomendatzen die. Hiru lurraldeetan, gero eta udal gehiago dira ahaleginak, langileak eta baliabideak partekatzeko hautua egiten dutenak. Esperientzia horiek frogatzen dute udalen arteko lankidetza dela araudiak eskatzen dituen kalitate-estandarrak lortzeko biderik eraginkorrena, berdintasun-politika egonkorrak eta benetako eragina dutenak bermatuz.

EUDELeko elkarteburu eta Derioko alkate Esther Apraizek nabarmendu du “udalerri txikiek komunitatearen kontzientzia handiagoa dutela, eta berdintasun-politiketarako berrikuntza-guneak izan daitezkeela, bizikidetzako eta tokiko eskalako herritartasun inklusiboko laborategiak”. “Berdinsarearen bidez, EUDELek eta Emakundek gure konpromisoa berresten dugu, udalerri guztiek parte har dezaten berdintasunaren euskal estrategiaren aurrerapenetan; pertsona guztiek, bizi diren tokian bizi direla, ekitatea, erantzukidetasuna eta indarkeria matxistaren prebentzioa sustatzen duten tokiko politiken onura jaso dezaten”, nabarmendu du Esther Apraizek.

Emakundeko zuzendariak, Miren Elgarrestak, EAEko biztanleria txikieneko udalerrietan berdintasuna bultzatzeko xedez Berdinsareak hasieratik egindako lana azpimarratu du. Nabarmendu du Berdinsare(H)abian 7.000 biztanletik beherako udalerriei zuzentzen zaiela, haiek baitute baliabide gutxien eta zailtasun gehien beren berdintasun-politikak garatzeko eta finkatzeko.

Miren Elgarrestak gogorarazi duenez, Berdintasun Legeak aurreikusten du autonomia-erkidegoko administrazioak eta foru-administrazioek ahalmen gutxiagoko udalerriei laguntzea berdintasun-arloan dituzten eskumenak gauzatzen.

Berdinsare(H)abian

Ekimen berri hori dagoeneko berdintasunerako egiturak dituzten udalentzat da, baina baita, bereziki, horiek eratzeko prozesuan daudenentzat ere, eta honako hauek eskaintzen ditu:

  • Prestakuntza eta berrikuntza: online trebakuntza-pilulak eta urteko topaketak (networking), praktika aurreratu eta berritzaileak partekatzeko.
  • Antolaketa-laguntza: berdintasun-estrategia kudeatzeko formula partekatuak diseinatzeko eta adosteko laguntza teknikoa eta metodologikoa, hainbat tresnaren laguntzarekin: udalerri bakoitzaren egoeraren azterketa eta baliabideen diagnostikoa; akordio-ereduak, finantzaketa-formulak, etab.

Formula berritzaileak hiru lurraldeetan

Gaur, Aiarako Kuadrillaren, Txorierriko Mankomunitatearen eta Legorreta, Segura eta Zaldibiako udalerrien esperientzia zehatzak aurkeztu dira. EAEn dagoeneko funtzionatzen duten esperientzietan oinarritzen da programa, baliabideak partekatzeak tokiko ekintzarako gaitasuna biderkatzen duela eta politika publikoen irismena handitzen duela erakusten dutenetan:

  • Araban, kuadrillek lanaldi osoko berdintasunerako teknikari plazak finantzatzen dituzte, eta horrek estaldura bermatzen du 7.000 biztanletik beherako udalerrietan.
  • Bizkaian, zenbait mankomunitatek (Txorierri, Enkarterri eta Uribe Kosta) ahaleginak batzea eta langile tekniko komunak izatea erabaki dute.
  • Gipuzkoan, Lezon, Usurbilen eta Seguran, esaterako, udal-teknikarientzako plazak sortu dituzte, eta beste batzuk udalaz gaindiko egituren bidez hasi dira langileak partekatzen.

DATUAK:

194 udalerri EAEn <7 mila biztanleko: (EAEko %76)

7 mila biztanle arteko udalerriak Biztanleria (biztanleak)* Egoera
ÁLAVA/ARABA 48 52.857 Kuadrilla guztiek dute teknikaria
BIZKAIA 82 137.889 19 udalerrik, 3 mankomunitatetan bilduta, berdintasun-teknikaria dute
GIPUZKOA 64 116.285 Zortzik baino ez dute teknikaria, eta horietako bi Urola Garaiko Mankomunitatekoak dira
Guztira 7.000 biztanle 194 307.031  
EAE 252 2.230.452 *Iturria: INEk argitaratutako datuak 2024/12/12