- Mugiment Mahaiaren izaera zeharkakoa da: euskal erakundeez eta Jarduera Fisikoaren sektoreko eragileez gain, euskal gizartearen ongizatearekin konprometituta dauden sektore ezberdinetako eragileek ere osatuko dute.
- Mugiment Mahaiaren lehen batzar honetan, Eusko Jaurlaritzak 2025-2030 Mugiment Ekintza Planaren zirriborroa aurkeztu du, ekarpenak jasotzeko asmoz.
- Mahaiaren helburu nagusia da Planean jasotako konpromiso eta ekintzak Aurrera eramatea, modu koordinatu eta parte-hartzailean, eta horien jarraipena egitea aplikazio informatiko berri baten bidez.
Lehen lehendakariordeak eta Kultura eta Hizkuntza Politika sailburuak, Ibone Bengoetxeak, Zornotzako Zelaieta zentroan aurkeztu du gaur Mugiment Mahaia: Jarduera Fisikoaren sustapena eta euskal gizartearen ongizate integrala helburu dituen foroa.
Aurkezpen ekitaldian ehun pertsona inguru elkartu dira; horietariko askok aurrerantzean Mugiment Mahaia osatuko dute: euskal erakundeetako ordezkariak, Jarduera Fisikoaren sektoreko eragileak eta, berrikuntza modura, eta mahaiaren zeharkako izaera dela eta, euskal gizartearen ongizatearekin konprometituta dauden sektore ezberdinetako eragileak.
Lehendakariordeak bere hitzartzean azaldu duenez, Eusko Jaurlaritzaren jarduera ardatz nagusietako bat da pertsonak erdigunean jartzea eta, horretarako, legegintzaldi honetan hartutako konpromiso nagusietako bat da ekintzak martxan jartzea euskal gizartea ongizatean hazteko, modu integral batean: “Pertsonen ongizate integralak osasun fisikoa eta emozionala hartzen ditu barne, eta horrek gidatu behar du gure Agenda datozen urteetan. Gure helburua aldaketa sozial erreala eragitea da, ekintzarako aukera eskainiz, sinergiak sortuz eta inplikatutako eragileekin modu koordinatu batean lan eginez. Hori da Mugiment programaren izaera eta, marko horren baitan sortzen da, gaur, Mugiment Mahaia.
Zentzu honetan, lehendakariordeak azpimarratu du Mugiment Mahaia ”koordinaziorako eta aholkularitzarako foro bat izango da, eta honek bermatuko du 2025-2030 Mugiment Ekintza Planean jasotako konpromiso zehatz eta neurgarriak eztabaidatzen direla, lehentasunak ezartzen direla eta betetze mailaren jarraipena egiten dela”. Plana dagoeneko Gobernu Kontseiluan eta Eusko Legebiltzarrean partekatu du Jaurlaritzak eta, orain, Mahaiari aurkeztu zaio, ekarpenak jasotzea xede.
Bengoetxeak azaldu duenez, Mahairen funtzionamendua bi motatakoa izango da, nagusiki: banakako batzarrak izango dira eragile bakoitzarekin, baita taldekako bilerak, gai zehatzen arabera eztabaidatzeko eta lanketak egiteko. Mahaia, bere osotasunean, gutxienez urtean bi aldiz batzartuko da, urteko jarraipen eta ebaluaketa txostenen argitalpenarekin bat eginez.
Berrikuntzak 2025-2030 Mugiment Ekintza Planean: konpromisoen jarraipen interaktiboa egiteko aplikazio informatikoa aurkeztu da
Lehendakariordearekin batera, aurkezpenean parte hartu du Gorka Iturriagak, Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zuzendariak.
Zuzendariak aurkeztu dizkio Mahaiari 2025-2030 Mugiment Ekintza Planaren oinarriak eta, era berean, Planean inplikatutako eragile guztiek hartutako konpromisoen jarraipen interaktiboa egiteko balioko duen aplikazio informatikoa aurkeztu du. Momentuz, aplikazioak Eusko Jaurlaritzako departamendu eta zuzendaritza ezberdinetatik hartutako konpromisoak daude jasota aplikazioan. Helburua da datozen hilabeteetan eragile eta erakundeak Planera batzea, euren konpromisoak txertatzen aplikazioan eta, modu honetara, jarraipen eta ebaluazio pertsonalizatua egin ahal izatea konpromisoen betetze mailari dagokionean.
Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren zuzendariak, Gorka Iturriagak, azpimarratu duenez bere hitzartzean “gaur hemen elkartu garen erakundeetako ordezkari eta eragile guztiok aukera dugu gure jakituria, gure baliabideak eta elkarlana ekarpena egiteko aukera dugu. Tresna berri honek maila guztietan hartzen diren konpromiso eta ekintza guztiak leku berean batuta izateko aukera ematen digu, eta, hala, herri-ikuspegi bat izateko aukera izango dugu”.
Datozen hilabeteetan, Eusko Jaurlaritza banaka batzartuko da Mugiment Mahaia osatzen duten eragile eta erakunde guztiekin Planari egiteko dituzten ekarpenak jasotzeko eta laguntza-teknikoa eskaintzeko konpromiso eta ekintzak aplikaziora igotzeko. Era berean, mahaia 2026 urteko lehen hiruhilekoan elkartuko da berriz, Eusko Jaurlaritzak urteko txosteneko datuak partekatzeko.






