-
- Hauek dira: Faustino Aguado Serrano, Ciudad Realekoa, eta Manuel Guillén Expósito, Miguel Fuertes Molina eta Antonio Monge Crucera Badajozkoak hirurak
- Dagoeneko familiak jakinaren gainean daude eta datozen asteetan berreskuratuko dituzte senideen gorpuzkiak
- Identifikazio berri horiekin, Urduñako hilerritik ateratako 93 presoren gorpuzkietatik, 22 dira identifikatutakoak
- Urduñako kontzentrazio-esparruan eta espetxean hil ziren 225 pertsonetatik ia erdiak Extremadurakoak ziren
- Informazio gehiago: https://labur.eus/orduna
Gogora Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuak genetikoki identifikatu ditu Urduñako espetxe frankistako sei biktimaren gorpuzkiak, herriko hilerritik berreskuratuak 2014, 2022ko eta 2024ko desobiraketa kanpainetan.
Hauek dira: Faustino Aguado Serrano, Tomellosokoa (Ciudad Real), Manuel Guillén Expósito, Badajoz hirikoa, eta Miguel Fuertes Molina, Mirandillakoa, eta Antonio Monge Crucera, Medellingoa, azken bi hauek ere Badajozeko probintziakoak.
Datozen asteetan, María Jesús San José Justizia eta Giza Eskubideetako sailburua, Alberto Alonso Gogorako zuzendaria eta Institutuko memoriaren eta giza eskubideen teknikari bat joango dira bertara, identifikatuen familiekin bildu, gorpuzkiak eman eta ehorzketetan laguntzeko.
Identifikazio berri horiekin, dagoeneko 22 dira identifikatu eta 93ren familiei eman zaizkien gorpuzkiak.
Antonio Monge: Urduñako Duintasunaren Kolunbarioko «identifikatu gabeko» bat
Azken hilabeteetako identifikazioei esker, harremanak estutu dira beste erkidego batzuetako erakundeekin, probintzia eta herri mailan, bai eta elkarteekin, familiarekin eta partikularrekin ere; guztiak Urduñako espetxeko biktimen ondorengoak aurkitzeko mobilizatzen ari dira azken hilabete luzeetan.
Hori da Monge familiaren kasua. Badajozeko probintzian familiak bilatzeko egin den ahaleginari esker izan zuen kasuaren berri. Gogora Institutuarekin harremanetan jarri zen udan, laginak eman eta identifikazio-prozesuari ekiteko, analisi genetikoa eginez. Laginak DNA Bankuan gordetzen diren hezur-hondakinekin erkatuta, identifikatu ahal izan dira.
Antonio Mongeren gorpuzkiak 2014an berreskuratu ziren Urduñako hilerrian, lehenengo kanpainan. Ezin izan zirenez identifikatu, Urduñako kolunbarioan lurperatuak izan ziren 2022an, eta han atseden hartu zuten identifikatuak izan diren arte.
Senideak aurkitzeko, Gogora Institutuak biktimak zein erakundetan bizi ziren edo nondik eraman zituzten aztertzen duten erakundeen, ikerketa-taldeen eta elkarteen laguntza du. Preso horiek hil zirenetik igarotako denborak senideak aurkitzea zailtzen du, eta identifikazio genetikoa ere zailtzen du. Izan ere, hezur-hondarretatik atera daitekeen DNAren kalitateak eta DNA erauzten zaion senidearen ahaidetasun-mailak erabakitzen dute azkenean identifikazio genetikoa lortzea.
Identifikazioaren gakoak: dokumentazioa eta DNA
Joseba Egiguren ikerlari lokalak egindako lanari esker, Gogora Institutuak 225 hildakoren zerrenda[1] bat du, 1937 eta 1941 artean, Urduñako espetxean hil ziren pertsonen izen-abizen eta jatorria dituena. Berreskuratutako gorpuzkiak genetikoki identifikatzeko pertsona horien ondorengoak aurkitu eta haien DNA lagina lortzea da helburua, hezur-hondarretatik ateratakoekin erkatzeko.
Identifikazio genetikoa posible izan dadin, beharrezkoa da hildako pertsonen ondorengoen DNA laginak berreskuratutako hezur-hondakinetatik ateratako laginekin alderatzea.
Familiei dei egiten zaie Gogora Institutuarekin harremanetan jar daitezen: gogora@euskadi.eus | +34 944 032845
Urduñari buruzko informazio guztia www.labur.eus/orduna helbidean kontsulta daiteke.
Gerra Zibilean Desagertutako Pertsonak Bilatzeko eta Identifikatzeko Programa
Gogora Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuaren Gerra Zibilean desagertutako pertsonak bilatzeko eta identifikatzeko programaren barruan sartzen dira Urduñako hilerriko 93 biktimak berreskuratzeko lanak eta biktima horiek identifikatzeko ahaleginak. Aranzadi Zientzia Elkartearen eta UPV/EHUko Biomics laborategi genetikoaren bitartez egiten du, DNA Bankuko laginak erkatuz identifikazio genetikoa egiteko ardura baitu.
[1] Begiratu www.labur.eus/orduna






