“Puntu ona” leloarekin, SIGREk sentsibilizazio-kanpaina berri bat aurkeztu du, zeinak umorea baliatzen baitu sendagaiak egoki erabiltzeari buruz ditugun ohituren inguruan gogoeta eginarazteko, kontuan izanik erabilera egoki hori botika-hondarrak SIGRE puntuan uzten direnean bakarrik amaitzen dela.
Eusko Jaurlaritzako Industria, Energia Trantsizio eta Jasangarritasun Sailak babestua da ekimen hori. Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren zuzendari Nikolas García-Borregueroren hitzetan, “euskal herritarrak gehiago birziklatzera animatu nahi ditugu, baita sendagai-hondarrak hobeto birziklatzera ere. Herritarrak kontzientziatuta daude sendagai-hondarrak zaborretara edo komunean behera botatzea kaltegarria dela ingurumenerako. Hain zuzen ere, halaxe erakusten dute datuek: sendagaien birziklapena % 5 hazi da Euskadin aurtengo lehen seihilekoan, aurreko urteko aldi berarekin alderatuta. Hala ere, gaur aurkezten dugunaren moduko kanpainak beharrezkoak dira aurrera egiten jarraitzeko”.
Kanpainak, tonu hurbilean eta eguneroko egoeretan oinarrituta, gogorarazten digu garrantzitsua dela etxeko botika-kutxa sei edo hamabi hilean behin berrikustea. SIGRE puntura eraman behar dira iraungitako sendagaiak, beren kaxan sartuta, prospektu eta guzti. Beste horrenbeste egin behar da jada erabiltzen ez direnekin, egoera txarrean daudenekin edo beroaren edo argiaren ondorioz behar bezala kontserbatu ez direnekin ere.
“Sendagaien erabilera egokia oso gai serioa bada ere, garrantzia baitu gure osasunerako eta ingurumenerako, umore burutsua oso modu egokia da herritarrak kontzientziatzeko eta konpromiso handiagoa sortzeko”, adierazi du Miguel Vega SIGREko zuzendari nagusiak.
Kanpaina estatu osoan zabalduko da urrian eta azaroan, zenbait formatutan: telebista, irratia, zinemak, tren-geltokiak, hedabide inprimatuak eta aktibazio digitalak, bai onlineko hedabideetan, bai sare sozialetan.
Gainera, Espainian dauden 22.200 farmazia-bulegoetatik egunero hurbiltzen diren 2,3 milioi herritarrek kanpaina horri buruzko informazioa izango dute, SIGRE puntuetan eskura ditzaketen liburuxkei esker. Liburuxka horiek EAEko 842 farmaziatan egongo dira eskuragarri, eta, zalantzarik izanez gero, farmazialariari galdetzera ere animatzen dute, funtsezkoa baita osasun-profesional horien zeregina; izan ere, herritarrei sendagaiak egoki erabiltzeari eta kontsumitzeari buruzko aholkuak eta informazioa emateaz gainera, ingurumen-lan handia egin dute, pazientea hondakin horiek behar bezala birziklatzera animatzen baitute, farmazietako edukiontzi zurian utzita.
Milagros López de Ocáriz Euskal Autonomia Erkidegoko Farmazialarien Kontseiluko presidenteordeak azpimarratu duenez, erabakigarria da farmazia-bulegoek SIGRE puntuaren arrakastan duten rola, eta herritarren, osasun-sistemaren eta ingurumenaren arteko lotura zuzena baitira. “Farmazia-bulegoak eta farmazialari komunitarioak, nire ustez, SIGRE sistemako funtsezko eragileak gara; ez bakarrik bilketa-gune logistiko gisa (sendagaiaren alderantzizko sistema), baizik eta hezitzaile, jardunbide egokien preskribatzaile eta ingurumen-zaintzaren bermatzaile gisa”, adierazi du.
Ildo horretan, López de Ocarizek gogorarazi du farmaziak direla sendagai- eta ontzi-hondakinak biltzeko baimendutako kanala: “Konfiantzazko eta hurbileko espazioak dira, eta funtsezko rola dute osasun- eta ingurumen-hezkuntzan, etxean sendagaiak maneiatzeko ohitura arduratsuak garatzen laguntzen baitute (erabiltzea, kontserbatzea eta deuseztatzea). Hala, aktiboki laguntzen dute ekonomia zirkularrean oinarrituriko eredu bat lortzen, eta farmazia-sektorearen ingurumen-aztarna murrizten laguntzen dute. Lan horrek indartu egiten du sendagaiaren osasun-, gizarte- eta ingurumen-dimentsioa”.
Umorea eta hurbiltasuna baliaturik, beldurrari edo katastrofismoari ihes egiten dien kanpaina
Kanpaina hau osatzen duten hiru iragarkietako irudietan, hiru pertsonaren istorioa kontatzen da. Offeko ahots batek galderak egiten dizkie pertsona horiei, sendagaiak egoki erabiltzearekin lotutako ohitura txarrei buruz:
- Ikusi dituzu tiraderan urteak eta urteak daramatzaten botika-kaxak eta blisterrak?
- Botika bat iraungitzen bazaizu, ez du zentzu handirik hura hartzeak, ezta?
- Aizu, medikuak esandako antibiotikoak bukatzen dituzunean, zertarako gordetzen dituzu soberan gelditutakoak? Badaezpada ere?
Ahots horrek berak, aholku on gisa, azaltzen die “puntu ona” dela ontzi hutsak edo sendagai-hondarrak farmaziako SIGRE puntuan uztea, ezabatu egiten duela soberan edo iraungita dauden sendagaiak kontsumitzeak osasunerako duen arriskua, eta saihestu egiten duela zaborretara edo komunean behera botaz gero gure ibai eta lurzoruetan sortutako kutsadura. Eta, aldi berean, aukera ematen duela bildutako ontzien materialak birziklatzeko.
Birziklatzea ondo dago, baina hobe prebenitzea
Urtetik urtera hazten ari da herritarrek sendagaiak birziklatzeko duten konpromisoa. Hala erakusten dute SIGREk aurkeztutako azken datuek, 2025eko lehen seihilekoan % 5 igo baita Euskadin farmazietako edukiontzi zurietan biltegiratutako ontzi hutsen edo sendagaien hondarren kopurua, aurreko urteko aldi berarekin alderatuta.
Alabaina, ez da ahaztu behar sortzen ez dena dela hondakinik onena. Zeregin horretan laguntzen du farmazia-industriak sendagai-ontzien ingurumen-inpaktua minimizatzeko egindako ahaleginak, gero eta jasangarriagoak eta birziklagarriagoak izatea ari baitira lortzen.
- urteaz geroztik, konpainia farmazeutikoek 3.500 ekodiseinu-ekimen baino gehiago ezarri dituzte ontzietan. Etengabeko ahalegin horri esker, eta legeak mugak dituen arren, urtero 500 milioi botika inguru (hirutik bat) jartzen dira Espainiako merkatuan ontzian ingurumen-hobekuntzaren bat egin ondotik.
SIGREri buruz
SIGRE Medikamentua eta Ingurumena irabazi-asmorik gabeko erakunde bat da, farmazia-industriaren ekimenez 2001ean sortua, eta, farmazia-banaketarekin eta farmaziekin lankidetzan, ontzi hutsen edo etxeko sendagai-hondarren ingurumen-kudeaketa egokia bermatzeko lan egiten du.
SIGREk helburu bikoitza du:
- Ingurumenarekin loturikoa: ekodiseinu-neurriak aplikatzea sustatuz, hondakin-sorrera murrizteko eta sortutako sendagai-hondakinak biltzeko eta haiei ingurumen-tratamendu egokia bermatzeko.
- Osasunarekin loturikoa: etxeko botika-kutxa aldian-aldian berrikustea sustatuz, etxeetan sendagaiak alferrik metatzea saihestea du xede, bai eta herritarrak sentsibilizatzea ere, sendagai horiek desegoki erabiltzeak dituen osasun-arriskuen inguruan.
2025eko urtarrilaren 1etik, SIGREk sendagai-ontzi komertzial eta industrialetara zabaldu du bere jarduera-eremua, eta, hala, indartu egin du farmazia-sektoreak jasangarritasunarekin eta ekonomia zirkularrarekin duen konpromisoa.






