Askabidek 40 urtetan emakumeen gizarte bazterkeriaren aurka egindako lana goraipatu du Emakundek

0
  • Berdintasunaren aldeko 2020ko Emakunde Saria jaso duen elkarteaK prostituzio-inguruneetan dauden emakumeen bizitza hobetzeko lan egiten du
  • Miren Elgarrestak elkarteak lau hamarkada hauetan egindako lana errepasatu den jardunaldi batean parte hartu du

Miren Elgarresta Emakundeko zuzendariak Askabideren 40. urteurrenaren ospakizunean parte hartu du gaur. Euskadiko prostituzio-testuinguruetan edo gizarte-bazterkeriako egoeran dauden emakumeen egoera hobetzeko lan egiten duen elkartea da Askabide.

Miren Elgarrestak erakundearen lana eskertu du, «gizarte-bazterkeriaren aurkako konpromisoa ekintzekin erakusten duten hirugarren sektoreko elkarteen zereginaren adibide delako, pertsonen premiarik premiazkoenei eta oinarrizkoenei erantzuna emanez».

Emakundeko zuzendariak azpimarratu du Askabidek ahalduntze indibidualeko eta kolektiboko prozesuetan egiten duen lana, «ezinbesteko tresna delako autonomia emateko eta prostituzioan aritzen diren emakume gehienek bizi dituzten egoerak konpontzeko».

Gaur Bilbon egindako jardunaldian 1985ean sortu zenetik Askabiderekin lotura duten pertsonek protagonismoa izan dute, beren esperientziak partekatu eta urte hauetako hainbat proiektu errepasatu baitituzte.

Gaur egun, Emakundek Euskadin sexu-esplotaziorako emakumeen eta nesken salerosketaren aurkako Erakunde arteko Mahaia bultzatzen eta koordinatzen du. Mahai horretan Askabidek ere parte hartzen du, hirugarren sektoreko beste erakunde batzuekin batera. Emakundeko zuzendariak gogorarazi duenez, «jarduera-proposamen zehatzak abian jartzeko agertoki ezin hobea da».

Horien artean, nabarmentzekoa da sexu-esplotaziorako salerosketaren biktima dela egiaztatzeko prozedura abian jartzea. Prozedura horretan, lehenengo fasean, elkarte espezializatuek detekzio-txosten bat egiten dute, eta, bigarrenean, erakunde egiaztatzaile batek, kasu honetan Emakundek, administrazio-egiaztapeneko dokumentu bat ematen du. Egiaztagiri horrek indarrean dagoen legeriaren arabera aurreikusitako eta araututako baliabide eta zerbitzuetarako sarbidea ematen dio biktimari.

Salerosketaren biktimei arreta integrala emateko programaren bidez, salerosketaren biktima diren emakumeen harrera, babesa eta jarraipena bermatu nahi da, haien integrazioa eta berreskuratze-prozesua erraztuz, bai eta ardurapean dituzten seme-alaba adingabeena ere. Lehenik eta behin, beren premiazko premiei erantzunez eta aldi baterako lehen harrerako ostatu bat emanez.

Askabidek Berdintasunaren aldeko Emakunde Saria jaso zuen 2020an, egoera zaurgarrietan dauden emakumeen bizi-kalitatea hobetzen laguntzeagatik