Euskadik berretsi egin du Europan elikagaien kalitatearen eta eskualdeetako marken balioaren defentsan duen lidergoa

0
  • AREPOren helburua jatorri-deiturek eta adierazpen geografikoek babestutako kalitateko nekazaritzako elikagaiak sustatzea eta defendatzea da.
  • Elikadura eta Landa Garapeneko sailburuorde Raúl Pérez Iratxetak Eusko Label bezalako eskualde-markak defendatu ditu, lurraldea indartzeko motor gisa.

Eusko Jaurlaritzak Europako Jatorrizko Produktuen Eskualdeen Elkartearen (AREPO) Batzar Nagusian parte hartu du, eta elikagaien kalitatearen euskal eredua eta Eusko Label bezalako marka publikoek elikadura jasangarri, seguru eta tokiko jatorriko baten sustapenean duten zeregina nabarmendu ditu.

Batzar horretan izan da Raul Perez Iratxeta Elikadura eta Landa Garapeneko sailburuordea, Euskadiren izenean hitz egin duena. «Kalitatezko eskualde-markak tresna indartsua dira lurraldea indartzeko, gure tokiko ekoizpenak babesteko eta nekazari, abeltzain eta arrantzale txikien lanari balioa emateko«, azpimarratu du Perez Iratxetak.

Eusko Labelaren esperientzia aurkeztu da, Eusko Jaurlaritzak 1989tik kudeatutako berme-marka publikoa, nekazaritzako elikagaien eta arrantzako produktuen 18 familiaren jatorria eta kalitate gorena ziurtatzen dituena. 3.000 ustiategi eta 400 enpresa baino gehiago daude gaur egun sare horretan, kontsumitzaileentzako konfiantzaren eta lehen sektorearentzako harrotasunaren ikur.

Era berean, batzarraren esparruan, Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailak bere konpromisoa berretsi du euskal nekazaritzaren eta abeltzaintzaren bihotza diren eta Eusko Label bezalako markei esker errekonozimendua, ikusgarritasuna eta balio erantsia aurkitzen duten ustiategi txiki eta ertainekin.

Eusko Jaurlaritzak AREPOn parte hartzeak berretsi egiten du Euskadik landa-eremuko Europa indartsu, kohesionatu eta jasangarri bat eraikitzeko duen konpromisoa, tokiko ekoizpenaren eta kalitate bereiziko elikagaien funtsezko zeregina aitortuko duena.

Pérez Iratxetak gogorarazi du Euskadi elikagai-politiken eta landa-garapenaren arloan lankidetza bultzatzen duten Europako eskualdeen nukleo aktiboaren parte dela.