Eusko Jaurlaritzak material erradioaktiboa errepidez garraiatzean izandako istripu baten simulakroan parte hartu du

0
  • Ariketa teorikoa Euskadiko Larrialdiak Koordinatzeko Zentroan egin da, eta istripu hipotetikoan material erradioaktiboa zeraman ibilgailu batek zama galdu du.
  • Simulakroak parte-hartzaile guztien gaitasunak ebaluatzeko eta horrelako egoeretan behar den koordinazioa entrenatzeko aukera eman du.

Eusko Jaurlaritzako Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzak eta Garapenaren eta Industria Administrazioaren Zuzendaritzak “mahaiko” simulakro batean parte hartu dute gaur, bertan errepidez material erradioaktiboa garraiatzen zuen ibilgailu baten istripua simulatu da, eta antolatzailea Segurtasun Nuklearreko Kontseilua izan da.

Simulakroa inpaktu handiko trafiko-istripu batean oinarritu da, bertan material horrekin kargatutako ibilgailu batek zamaren zati bat galdu du eta bide erdian sakabanatuta geratu da. Erabakiak hartzeko ariketa teoriko horrek, besteak beste, mota horretako larrialdi batean inplikatutako eragileen eraginkortasun- eta koordinazio-maila egiaztatzeko aukera eman du.

Segurtasun Nuklearreko Kontseiluko Material Erradioaktiboaren Garraio Arloko eta Europako Ingurumen Politikarako Institutuko arduradunez gainera, ariketan ETSA − Salgai arriskutsuen garraiorako operadoreak eta CURIUM PHARMA zama jaso behar zuen instalazio hipotetikoak ere parte hartu dute.

Ariketa

Simulakroaren gidoiaren oinarria izan da Frantziatik bidali den eta CURIUM PHARMA konpainiak Espainiako lurraldean dituen beste egoitza batzuetan hainbat geldialdi programatuta zituen garraio hipotetikoa, eta geldiari horietako lehenengoa enpresa horrek Galdakaon dituen instalazioetan zuen.

Baina, zehaztu gabeko arrazoiengatik, lehenengo helmuga horretara iritsi aurretik, A-8 autobidearen 100. irteeran, ibilgailua irauli egin da eta bidean gurutzatuta geratu da, eta zama erradioaktiboaren zati bat erori eta inguruan sakabanatuta geratu da.

Ariketan zehar, parte-hartu duen organizazioetako bakoitzak bere jarduketa azaldu eta zehaztu du, eta barne-komunikazio batzuk simulatu dituzte, baita Segurtasun Nuklearreko Kontseiluko Larrialdietako Gelarekin izandakoak ere.

Koordinazioa

Simulakroak istripu-egoera baten aurrean egindako aurreikuspenak eta erabilitako prozedurak, garatutako operazioak, erantzuteko erabilitako denborak, inplikatutako eragileen arteko komunikazio-fluxuak eta horien arteko koordinazioa aztertzeko balio izan du, betiere bateratze-lana eta hobekuntza-lerroak bilatuz.