Bizkaiko Foru Aldundiak, Gobernu Kontseiluan, 2025eko Enplegu-Eskaintza Publikoaren bigarren fasea onartu du, guztira 41 plazarekin. Horrela aurten Foru Erakundeak onartutako Enplegu-Eskaintza Publikoa 72 plazakoa da. Gaur goizean onartu diren plazak honela banatuta daude: 39 plaza suhiltzaile/gidarientzat, plaza horien % 10 emakumeentzat erreserbatuz, arkitektoaren plaza bat eta beste plaza bat herritarren eskubideen erdi mailako teknikarientzat. Horiei beste 28 plaza gehitu behar zaizkie, barne-sustapenaren bidez kabo lanpostura igotzeko aurreikusita daudenak.
2025eko EEParen bigarren faseari dagozkion plaza hauek aurtengo Enplegu-Eskaintza Publikoaren lehen fasean onartutako 31 plazei gehitzen zaizkie. Plaza hauek honela banatzen dira: 22 plaza administrazio orokorreko teknikarientzat, 4 plaza artxibo-teknikarientzat, 2 plaza liburutegiko teknikarientzat eta 3 plaza baso-agenteentzat.
2025eko Enplegu-Eskaintza Publikoaren bigarren fase honetan deitutako plaza-kopurua birjarpen-tasak ezarritako legezko mugei dagokienez aurreikusitakoaren araberakoa da. Sarrera berriak arlo horietan dauden lanpostu hutsak betetzeko pentsatuta daude, zerbitzu publikoa hobeto eta era egokiagoan emateko. Gainera, lanaren ikuspegitik, plantilla gaztetzeko eta egonkortzeko aukera emango du, eta enplegu publiko iraunkorra eta kalitatezkoa bermatuko du.
Bizkaiko Foru Aldundiaren helburua 2025eko Enplegu-Eskaintza Publikoaren bigarren fase honetarako deialdia urte honen amaierarako egitea da; Prebentzio, Suhiltzaile eta Salbamendu Zerbitzuan sartzeko lehen probak, berriz, 2026ko lehen seihilekoan egitea aurreikusten da.






