- 2024an, 15 motorzale hil ziren trafiko-istripuz Euskadin; aurten, orain arte, 9
375 motorzalek parte-hartu dute Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailak antolatu duen MotoFormakzioa prestakuntza-programan. 125 cc-tik gorako motozikletak gidatzen dituzten pertsonei zuzendutako formakuntza izan da, beren trebetasunak eta abileziak hobetzen laguntzeko eta, horrela, errepidean zaurgarrienetako bat den kolektibo horretan bide-ezbeharrak prebenitzeko helburuarekin.
Prestakuntza iraileko eta urriko sei asteburutan eman da. Hasiera batean, prestakuntza 16 saiotan banatzea aurreikusita zegoen (8 zirkuitu itxian eta beste 8 bide irekietan), baina asteburu honetarako, urriaren 25erako eta 26rako, aurreikusita zeuden bide irekietako bi saioak bertan behera geratu dira eguraldi txarraren iragarpenagatik.
Motorzaleek erakutsitako interesa handia izan denez eta motorzaleei segurtasunez gidatzeko trebetasunak eskuratzen laguntzeko beharrizana dagoela ikusita, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak ekimen honi jarraipena emango dio datorren urtean egingo den deialdi berri batekin eta, ziurrenik, saioak uda aurretik eta ondoren eskainiko dira.
Bi modalitate
MotoFormakzioa prestakuntza-programak, doakoa eta maila guztietara egokitua izan denak, saio teoriko-praktikoak eskaini ditu bi modalitatetan: zirkuitu itxian eta zirkulazioari irekitako bideetan. Zirkuitu itxiko prestakuntza Arkauteko Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren gidatze-pistetan egin da. Eta, bestalde, zirkulazioari irekitako formakuntzarako, Ertzaintzarekin lankidetzan, Trafiko Zuzendaritzak errepide irekietako hainbat ibilbide diseinatu ditu lurralde historiko bakoitzerako, motozaleentzako izan dezaketen prestakuntza-balioagatik aukeratuak.
Ekimen hau, Bide Segurtasuneko eta Mugikortasun Seguru eta Jasangarriko 2025erako Plan Estrategikoan jasota dagoen Eusko Jaurlaritzaren konpromisoari erantzunez antolatzen da. Horren arabera, formakuntzako, prebentzioko eta sentsibilizazioko programak bultzatuko dira kolektibo zaurgarrien istripuak saihesteko.
Profila eta balorazioa
Parte-hartzaileen artean, gizonen presentzia handiagoa izan da emakumeena baino. Zirkuitu itxiaren modalitatean parte-hartzaileen %92 gizonak izan dira eta %8 emakumeak; irekitako bideen modalitatean, %85 izan dira gizonak eta %15 emakumeak.
Parte-hartzaileen %70 baino gehiago 46 urtetik gorakoak ziren. Erdiek baino gehiagok asteburuetan eta oporraldietan bakarrik erabiltzen dute motorra, eta %60,3k dio ez duela inoiz bide-istripurik izan. Prestakuntza-saio hauetan izena emateko arrazoien artean, % 75ek baino gehiagok adierazi du beraien segurtasuna eta gidatze-maila hobetzea dela arrazoi nagusia.
Gogobetetze-mailari dagokionez, parte-hartzaileen puntuaziorik handienak irakasleen profesionaltasunerako eta prestakuntza-gaitasunerako, ariketa praktikoetarako eta antolakuntzarako izan dira; jarraian, oso hurbil, erabilitako metodologiak ere puntuazio handia lortu du. Gutxien baloratu diren alderdiak, berriz, prestakuntza-saioaren iraupena eta ordutegia izan dira.
Motozaleen ezbehar-tasa
Iaz, 2024an, 15 motozale hil ziren Euskadin zirkulazio-istripuz. Hau da, gure errepideetan hil ziren pertsonen %40 baino gehiago motozaleak izan ziren. Urte horretan bertan, 526 moto-istripu izan ziren, eta 447 pertsona zauritu ziren. Aurten, urtea hasi denetik, 9 dira hildako motozaleak.
2024aren amaieran, Euskadin 163.790 motozikleta zeuden erregistratu






