Imanol Pradalesek Areiltza Doktorearen Anbulatorioa bisitatu du Bilbon, Osasuneko sailburuarekin eta Osakidetzako zuzendari nagusiarekin batera, eta gogorarazi du txertoak markatzen duela aldea, jasotzen duenarentzat ez ezik gainerako herritarrentzat ere
Lehendakariak dei egin dio gizarteari ez lasaitzeko gripearen eraginaren aurrean, eta txertaketa-erritmoa handitzeko, aurten bere intzidentzia aurreratu egin baita EAEko herritarren artean, batez ere Bizkaian. Hala, Imanol Pradalesek gogorarazi du txertoak markatzen duela aldea, jasotzen duenarentzat ez ezik gainerako herritarrentzat ere, “zenbat eta pertsona gehiago egon txertatuta, orduan eta txikiagoa izango baita eragina gizartearen osasunean”. Mezua argia da: txertoa jarri behar da, adierazi du. “Txertoa jarrita urteroko gripea saihets dezakegu. Txertoa jarrita ondoezik eta ohean astebetez egotea saihets dezakegu. Eta txertoak, ez dezagun ahaztu, bizitza salbatu ahal digu”.
Lehendakariak Bilbon egin ditu adierazpen horiek gaur goizean, gripearen kanpainan, Indautxuko Areiltza Doktorearen anbulatorioan egindako bisitan. Ondoan izan ditu Alberto Martínez Osasuneko sailburua, Lore Bilbao Osakidetzako zuzendari nagusia, Jesús Larrañaga Bilbao Basurto ESIko zuzendari gerentea, Magdalena Presmanes Arreta Integratuko zuzendaria eta osasun-zentro horretan kanpaina zuzenean daramaten Erizaintzako eta Administrazioko arduradunak.
«Aurten gripea lehenago hasi da eta ohi baino indar handiagoarekin sartu da. Gizarte gisa, erantzun bateratu bat eman behar dugu eta neurri sendoak hartu. Horregatik ireki dugu Txertaketa Indartzeko Zentroa La Casillan”, gogorarazi du lehendakariak. Zentroak joan den ostiralean ireki zizkien ateak 14 urtetik gorako herritar guztiei, eta erantzuna masiboa izan da hiru egun hauetan. Guztira 4.799 pertsona immunizatu dira gripearen aurka (1.600 ostiralean, 1.680 larunbatean eta 1.519 atzo igandean). Nabarmentzekoa da Bilbo-Basurtu ESIko erizaintzako eta administrazioko profesionalek zentro horretan egin duten ahalegina langileen errefortzuan, hurbildu diren pertsona guztiei arreta emateko eta itxaronaldiak arintzeko.
Asistentzia-datu orokorrei dagokienez, egungo gripe-kanpainaren 20tik 26rako astean, Osakidetzak 583 kasu erregistratu ditu, aurreko asteko 533 kasuak gaindituta eta birusaren transmisioan gorakada argia berretsita. Txertaketaren lehen lau asteetan metatutako kasuen kopuruak (1.735) aurreko urteetako zifrak hirukoiztu ditu (573 aldi berean), eta hilabete bat lehenago iritsi da beste kanpaina batzuetako ohiko mailetara.
Era berean, ospitalizazio metatuak 192 izan dira, aurreko urtean 21 izan ziren bitartean, eta horrek eragin handiagoa izan du ospitaleetan. ZIUn ere ikusten da igoera: 8 pertsona ospitaleratu dira kanpaina hasieratik, aurreko urteetan 1 eta 3 izan ziren bitartean. Itxura guztien arabera, beraz, kutsatzeen kurba aurreratu egin da eta iaz erregistratutakoa baino lau bat aste lehenago izan du eragina asistentzian. Klima eta txertaketaren erritmoa bezalako faktoreak erabakigarriak izango dira gripeak datozen egunetan izango duen bilakaeran.
Bizkaia da gaur egun intzidentzia handiena duen lurraldea (118 kasu 100.000 biztanleko), ondoren Gipuzkoa (45,24) eta, azkenik, Araba (15,22). Euskadi osoan, 100.000 biztanleko 78,58koa da intzidentzia. Gripeak eragindako larrialdiak guztizkoaren % 0,88 dira; Santa Marina Ospitalea nabarmentzen da, % 3,53rekin. Ospitaleetako oheen batez besteko okupazioa % 75etik gorakoa da lurralde guztietan, eta aurreikusita dago jarduera kirurgiko gehiago iristearekin batera handituko dela. Santa Marina ospitalean, Bizkaian, esaterako, % 85etik gorakoa da okupazioa.
Patologiak dituzten 15 urtetik beherakoei txertoa jartzeko deia
Txertaketa-kanpainak erritmo onean jarraitzen du: 299.017 dosi eman dira dagoeneko (biztanleriaren % 13,06), 60 urte edo gehiagoko pertsonen % 34. Egoitzetan, pertsonen % 71k jaso dute gripearen aurkako txertoa, eta % 60 inguruk COVIDaren aurkakoa. Haurren artean, 11.856k hartu dute txertoa dagoeneko, hau da, % 17,67k 6-59 hilabeteko tartean, baina Araban % 26koa da haurren estaldura. Hala ere, oraindik txikia da txertoa hartuta duten 15 urtetik beherakoen ehunekoa (% 5,12), eta, beraz, Osasun Sailak eta Osakidetzak babes hori lehenestera bultzatzen dituzte familiak.
Datozen egunetan egoerari aurre egiteko, Osasun Sailak eta Osakidetzak adierazi dute aste honetan Bizkaian aurretiazko hitzordurik gabeko txertaketa indartzen jarraituko dela Bilbon (08:00etatik 20:00etara astelehenetik igandera), eta Bizkaiko eta Gipuzkoako osasun-zentroetan txertaketa astebete aurreratzeko aukera aztertzen ari direla, aurretiazko hitzorduarekin herritar guztientzat. Araban egungo planari eutsiko zaio, eta intzidentziaren bilakaeraren arabera egin daitezkeen doikuntzak baloratuko dira.






