Emakundek genero-ikuspegia Europako Funtsetan txertatzeko jardunbide egokiak aurkeztu ditu

0
  • Miren Elgarresta zuzendariak Europar Batasuneko funtsetako Berdintasun Politiken Estatuko Sarearen 19. osoko bilkuran parte hartu du
  • Europako finantziazioa duten Euskadiko proiektuetan berdintasun-helburuak txertatzeko erakundeen arteko lana koordinatzen du Emakundek

Miren Elgarresta Emakundeko zuzendariak Europako Funtsetan genero-ikuspegia txertatzeko Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunerako Politiken Sarearen 19. osoko bilkuran hitz egin du Euskadik dituen jardunbide egokiak aurkezteko.

Elgarrestak gogora ekarri du Euskadik azken hamarkadan arlo horretan egin duen lana, Emakundek sustatu eta koordinatutako «Berdintasuna Euskal Autonomia Erkidegoko Egitura Funtsetan» (GTTIFE) erakunde arteko talde teknikoaren bidez artikulatzen dena. Eta aurten egindako aurrerapenak ere azaldu ditu, batera finantzatutako eragiketen egikaritze- eta jarraipen-faseetan genero-ikuspegia txertatzen lagunduz.

Zehazki, Emakunde FSE+en, Europako Gizarte Funtsa Plus-en, gizarte- eta toki-erakundeek kudeatutako enpleguko eta ekintzailetzako 15 proiektutako taldeei laguntzen ari zaie.

Eskualde Garapeneko Europako Funtsari dagokionez, Bizikleta Bideetako Berdintasun Taldean aurrera egin da. Esperientzia pilotu hori hiru Foru Aldundiekin bultzatu da, eta «genero-ikuspegia txertatzea gehien kostatzen den sektoreetan ere aplika daitekeela erakusten du», azpimarratu du Emakundeko zuzendariak.

FEADER – Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsaren esparruko esperientzia pilotua NPBren Euskadi 2023 – 2027rako Plan Estrategikoari buruzko tailer praktikoetan oinarritu da.

Miren Elgarrestak nabarmendu duenez, taldeek konpromisoa hartu dute genero-ikuspegia aplikatzeko, «parte-hartzean oinarrituta lortzen baita arrakalak ixtea eta gizonen eta emakumeen arteko benetako berdintasuna lortzea».

Amaitzeko, zuzendariak gogorarazi du «genero-ikuspegiaren zeharkako aplikazioak, politika publikoak eta horiek ahalbidetzen dituzten taldeak etengabe hobetzeak pertsona guztien beharrei erantzutea” duela helburu.