Euskal Herriko gazta eta esnekien IV. lehiaketa, azoka, dastaketak eta familia osoarentzako jarduerak
ESNEKI Euskal Herriko Gazta eta Esnekien Azoka Berezia azaroaren 8an izango da Tolosan. Tolosako Udalak, Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailak eta HAZIk antolatzen dute, Basque Culinary Center, Mantala Basque Gastronomy, Leartiker Esne Zentroa, EFRIFE, GIFE eta Tolomendi erakundeen laguntzarekin. Esnekik euskal esnekigintzaren aniztasuna eta kalitatea erakutsiko ditu, sektorearen ikusgarritasuna handitzeko eta ekoizleei bultzada emateko asmoz.
Azaroaren 8an goizez egingo da IV. ESNEKI Euskal Herriko Esne, Gazta eta Jogurt Txapelketa, Beotibar frontoian. Euskal Herriko zazpi lurraldeetan ekoiztutako esne, gazta eta jogurt mota guztien lehiaketa da. Aurten, 38 gaztandegiren 86 erreferentziak baino gehiagok hartuko dute parte. 111 erreferentzia aurkeztu ziren hasiera batean, baina kategoria batzuetan ez denez gutxieneko izen-ematerik izan, azkenean ezingo dute lehiatu. Esne erosleetan gertatu da hori: ez da lehiaketarik izango inongo mailatan.
Esperientzia gastronomikoak eta publiko guztientzako jarduerak
Lehiaketak irauten duen bitartean, Euskal Herriko Gazta eta Esnekien Azoka Berezia egingo da Trianguloa plazan eta San Frantzisko pasealekuan. Aurten, 24 ekoizle izango dira, eta bisitariek askotariko gaztak eta esnekiak erosteko eta dastatzeko aukera izango dute, 09:00etatik aurrera, goiz osoan zehar.
Gainera, aurreko urteetan arrakasta handia izan duen Euskal Herriko Gazta Mahaia errepikatuko da: azokako eta txapelketako gazta aukera zabala ezagutzeko eta jateko dastaketa gidatua egingo da Beotibar frontoian bertan. Ordu erdiko 4 txanda eskainiko dira (10:00etan, 10:45ean, 11:30ean eta 12:15ean), gehienez ere 20 pertsonako taldetan banatuta. Saioak euskaraz izango dira, 11:30ean egingo dena izan ezik; hori gazteleraz izango da. Leartikerreko adituek emango dituzte gazta bakoitzaren ezaugarriei buruzko azalpenak. Txartelak www.tolosakoazoka.eus/esneki webgunean eskuratu daitezke, 8,89 euroren truke. Gainera, haurrak dituzten familiei bideratutako bi tailer egingo dira azaroaren 6an eta 8an.






