- Akordioak indartu egiten du erakundeen arteko lankidetza eta egokitu egiten ditu estatistika prozedurak teknologia berrietara, jaiotzei, ezkontzei eta heriotzei buruzko datu fidagarriak eta eguneratuak bermatzeko
Eustat – Euskal Estatistika Erakundeak eta Estatistikako Institutu Nazionalak (INE) lankidetza hitzarmen berri bat sinatu dute Euskadiko Biztanleriaren eta Heriotzen Mugimendu Naturalaren estatistikak egiteko, heriotza kausaren arabera. Gaurko Gobernu Kontseiluan onartutako akordio horrek helburu du prozedura estatistikoak eguneratzea, izandako aurrerapen teknologikoak tarteko, eta, era horretan, jarraipena ematen zaio bi erakundeen artean 1996an hasitako lankidetzari.
Euskadiren eta Estatuaren arteko koordinazioa zehazten du hitzarmenak, jaiotzei, ezkontzei eta heriotzei buruzko datuen bilketan eta tratamenduan, erregistro zibiletatik eta sanitarioetatik datorren informazioaren estaldura, kalitatea eta puntualtasuna bermatuz. Gainera, sistema automatizatuak ditu heriotza kausak kodetzeko, eta tresna informatiko aurreratuak erabiltzea aurreikusten du; hala nola, Eurostat – Europar Batasuneko Estatistika Bulegoaren IRIS plataforma.
Bi erakundeek konpromisoa hartu dute datuak babesteko eta estatistika sekreturako neurri zorrotzak hartzeko, indarrean dagoen Europako eta Estatuko araudiaren arabera, eta segurtasun arrakala oro jakinarazteko gehienez ere 24 orduko epean. Hitzarmenak lau urteko indarraldia izango du hasieran, eta beste lau urtez luzatu ahal izango da.
Halaber, jarraipen batzorde tekniko bat eratuko da Eustateko eta INEko ordezkariekin, eta horrek akordioa betetzen dela bermatuko du. Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratuko da hitzarmena. Akordio horrekin, Eustatek eta INEk sendotu egin dute euskal gizartearentzat eta Estatu osoarentzat baliagarriak diren estatistika ofizialak egiteko konpromisoa.






