Justizia eta Giza Eskubideen Sailak bizikidetza eta giza eskubideen arloko 48 proiektu bultzatzen dituzten 31 udalerriri laguntzak eman dizkie

0

Arlo horretan proiektuak egiten dituzten udalerrientzako eta toki-erakundeentzako Laguntza Planak 250.000 euroko aurrekontua du, eta 2025 eta 2026 artean garatutako tokiko ekimenei lagunduko die

 

Justizia eta Giza Eskubideen Sailak, Giza Eskubideen eta Biktimen Arretarako Zuzendaritzaren bitartez, Euskadiko 31 udalerri eta toki-erakunderi laguntzak eman dizkie, Euskal Autonomia Erkidegoko udalerrietan eta irabazi-asmorik gabeko gainerako toki-erakundeetan bizikidetza-kultura eta giza eskubideekiko errespetua sustatzeko Laguntza Planari esker.

Aurten, planak 250.000 euroko aurrekontu-partida izango du 48 bizikidetzako eta giza eskubideen proiektu bultzatzeko. Erakunde onuradun bakoitzak gehienez 15.000 euro jaso ahal izango ditu proiektu bakoitzeko, eta erakunde bakoitzak gehienez 50.000 euro jaso ahal izango ditu. Lurraldearen arabera, laguntzak horrela banatuko dira: Araban 2 udalerri, guztira 18.768 €; Gipuzkoan 14 udalerri, guztira 100.292 €; eta Bizkaian 15 udalerri, guztira 130.933 €.

Arritxu Marañon Giza Eskubideen, Memoriaren eta Bizikidetzaren sailburuordeak azaldu duenez, laguntza horiek udalerrientzat dira, “herritarrengandik hurbilen dauden eta tokiko errealitatea hobekien ezagutzen duten” erakundeak direlako. Haien inplikazioa “funtsezkoa” da bizikidetza eta giza eskubideen errespetu politikak txoko guztietara iritsi eta benetako eragina izan dezaten, erakundeen arteko konplizitateari eta elkarlanari esker. Plan horren bitartez, María Jesús San José sailburuaren Sailak “elkarrekiko errespetuan eta biktima guztien aitortzan” oinarritutako gizartearekiko konpromisoa indartzen du.

Hauatutako proiektuak 2025eko urtarrilaren 1etik 2026ko irailaren 1era bitartean garatu ahal izango dira, eta jarduteko hiru eremu handitan egituratzen dira: Bizikidetza eta Giza Eskubideak, Biktimak eta Gizartea, eta Elkartasuna.

Besteak beste, honako ekimen hauek lagundu dira: giza eskubideen arloan parte hartzeko eta gizarte-hezkuntzako programak, terrorismoaren eta giza eskubideen urraketen biktimei laguntzeko ekintzak, eta arrazakeria prebenitzeko, elkartasuna sustatzeko eta gizarte-inplikazioko proiektuak. Laguntza horiek aniztasunaren, elkarrizketaren eta bizikidetza demokratikoaren balioak indartzen laguntzen dute, bai eta gizarte bidezkoagoa, inklusiboagoa eta giza eskubideekin konprometituagoa sendotzen ere.