Bi Nafarroen Mintegiak XX. edizioa ospatu du Baigorrin

0

Nafarroako Gobernuko lehendakariorde eta Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako kontseilari Ana Ollok Bi Nafarroen XX. Mintegiaren amaiera ekitaldian parte hartu du gaur goizean. Mintegia 2005etik egiten da, txandaka, Pirinioen alde batean eta bestean, eta aurtengo edizioan Baxe-Nafarroako Baigorrin (Saint-Étienne-de-Baïgorry) izan da.

Mintegiaren amaiera ekitaldian Ollo lehendakariordeak adierazi duenez, «gure lan instituzionalean, askotan, lurraldeak ez ditu mugak ulertzen». Ildo horretan, Ollok gure hizkuntza komuna, euskara, eta kultura zein historia zaintzera gonbidatu ditu, mugaren bi aldeetako nafarrek partekatzen dituzten altxor gisa. Antton Curutcharry Baigorriko alkateak ongi etorria eman die bertaratuei eta, gerora, jardunaldiari amaiera eman ere.

Nafarroako Gobernuak sustatuta, Nafarroa Behereko udalerri nagusiekin eta kultur entitateekin batera, ‘Terres de Navarre’ elkartea kasu, ekimen honek mugaz gaindiko harremanak estutzeko eta bi lurraldeetako ezagutza historikoak, kulturalak eta hainbat esperientzia partekatzeko aukera ematen du. Joan den edizioa 2024ko urrian izan zen, Altzuzako Oteiza Museoan.

Era berean, Ollo lehendakariordeak bere hitzaldian adierazi duenez, «Nafarroako Gobernuak konpromisoa hartu du bi lurralde hauen arteko harremanak bultzatzen jarraitzeko, lotura historiko eta kultural sendoekin; izan ere, bi lurraldeek, zailtasunak zailtasun, elkarrekiko estimu eta errespetu harremana izan dute beti, eta luzaroan estatu beraren parte izan ziren, Nafarroako Erresumaren parte». Ollok hizkuntza komunaren balioa ere azpimarratu du, «euskara, lokarri bezala».

Bestalde, Europako mugaz gaindiko eta eskualdeko lankidetzaren aldeko apustua ere egin du Ollok, «gure Komunitatearentzat, eragile sozioekonomikoentzat eta herritarrentzat estrategikoki positiboa dela uste dugulako. Horregatik, gure presentzia Akitania-Euskadi-Nafarroa Euroeskualdean eta Pirinioetako Lan Komunitatean, baita Lankidetzarako Esparru Akordioa ere Pirinio Atlantikoetako Departamentuarekin». Azkenik, Ollok mugaz gaindiko lankidetzaren garrantzia gogorarazi nahi izan du, Nafarroako Kanpo Ekintzako II. Planaren ardatzetako bat den aldetik.

XX. edizioko hitzaldiak

Jardunaldian zehar, Pirinioetako bi aldeetako adituek egindako hitzaldiak entzuteko aukera izan dute Baigorrira bertaratutakoek.

Marie Hirigoyen Bidart ikerlariak «Zer leku du Nafarroak XX. mendearen lehen erdian bildutako soinu-artxiboetan?» hitzaldia eman du. Ondoren, Baigorriko Arrola Dantza Taldeak «Euskaldunak-Sorginak» dantzaren erakustaldia egin ondoren, Mikel Aranburuk «Portuen gainetik hegan egiten duten eta Nafarroa kohesionatzen duten dantzak eta musikak» hitzaldia aurkeztu du. Ondoren, Baigorriko Plaza Xokon elkartutakoek bisita gidatu batean parte hartzeko aukera izan dute herrian zehar.

Ana Ollo lehendakariordearen hitzaldiaren ondoren, Antton Curutcharry Baigorriko auzapezak hartu du hitza, bertaratu diren guztiei eskerrak eman eta ekitaldiari amaiera emateko.