Gaur goizaldean, Etxebarriko industrialde batetik irteten ari zen ibilgailu susmagarri batek ez die jaramonik egin ertzainek bere martxa gelditzeko emandako argibideei. Ertzainak ikusterakoan, ibilgailuak ihes egin du, eta modu arriskutsuan gidatu du, patruila atzetik zuela, errepidetik irten den arte. Patruila-autoak istripua izan duen ibilgailuarekin talka egin du.
Autoaren barruan, hankan igeltsua zeraman gizon bat (gidaria), emakume bat eta adingabe bat (guztiak espainiar nazionalitatekoak) zihoazen. Gidaria eta adingabea zauritu egin dira, eta Gurutzetako eta Basurtuko ospitaleetara eraman behar izan dituzte. Bilboko Udaltzaingoa arduratu da istripuaz eta eginbideez, eta ihes egindako ibilgailuaren gidaria ikertzen ari da trafiko-segurtasunaren aurkako delitu baten ustezko egile gisa.
Istripuaren ondoren, eta ohiko protokoloari jarraitu ondoren, ibilgailua gidatzen ari zen agenteari alkohol eta droga-test bat egin diote, eta positibo eman du drogetan. Agenteak odoleko kontraste-proba bat eskatu du. Ertzaintzak antolaketa neurriak hartu ditu, eta, kautelaz, agente horrek ez du polizia-lanik egingo kalean. Inplikatutako agenteak barne-lanak egingo ditu odoleko kontraste-probaren emaitzak jaso eta gertatutakoa argitu arte.
Gertakarian inplikatutako bi agenteak bajan daude mutuatik igaro ondoren.






