Hondarribiko Udalak urrats garrantzitsua eman du herritarren ongizatea eta gazteen heziketa sendotzeko: urte luzez iraungita egon den prebentzio komunitarioaren kontratua esleitu du. Urte baterako kontratu berriak babes juridiko sendoa eta egitura finkoa ekarriko ditu, eta horri esker, gazteekin eta komunitate osoarekin egiten den lanaren jarraikortasuna bermatuko da.
Udal gobernu berria kargura iritsi zenean, zerbitzuaren kontratua 2009ko apirilaren 30etik iraungita zegoela aurkitu zuten. “Udalaren aldetik zerbitzuarekiko kontrol falta nabaritu genuen gobernura iritsi ginenean, eta honen ondorioz informazio eza. Garrantzitsua zen egiaztatzea eskaintzen zen zerbitzua benetan eskaintzen ari ote zen: ez zen horrela, programetako batzuk ez ziren praktikan garatzen, beste baten bat ez zituen bere helburuak betetzen” azaldu du Lupe Queiruga Gazteria arloko zinegotziak. Era berean, Queirugaren hitzetan “ez genuen datu zehatzik zerbitzuaren jarduerari buruz, eta urte eta erdi baino gehiago behar izan dugu azterketa sakon bat egiteko. Ez genuen behar adina informaziorik kontratazio-prozesua gobernura iritsi bezain laster abiarazteko”.
Egoera hori ikusita, Udalak zerbitzuaren berrantolaketa sakona abiatu zuen. “Zerbitzuaren azterketa sakona egin eta prebentzio-zerbitzu batengandik zer espero dugun zehaztu ondoren, hiru jardun-lerrotan oinarritutako pleguak prestatu ziren: prebentzio unibertsala ikastetxeetan, sentsibilizazio-kanpainak —sareen eta komunikabideen bidez herritarrengana iristeko— eta kale hezitzaileen esku-hartzea.
“Hori da gure indargunea: aztertu, berrantolatu eta helburu argiak ezarri ditugu. Hondarribia bere garaian erreferente eta aitzindari izan zen prebentzio komunitarioaren arloan, bai Gipuzkoan, bai Euskadin, eta orain berrantolaketa honen bidez, berriro ere erreferente bihurtzea dugu helburu, gazteen heziketa eta herritarren ongizatea ardatz hartuta”. “Hondarribian gaztetatik emozioen kudeaketa, gatazken ebazpena, sexu-heziketa eta harreman osasuntsuen inguruko edukiak modu integralean lantzen jarraitzea da gure xedea”, gehitu du Izaskun Arana Gazteria saileko teknikariak.
Kontratu berria irailaren 1ean sinatu da urte baterako, beste urtebetez luzatzeko aukerarekin. “Epe laburreko kontratua da, berrantolaketak ematen dituen emaitzak baloratu ahal izateko eta etorkizunean behar diren egokitzapenak egiteko aukera izateko”, azaldu du Queirugak.
Udalaren arabera, prozesu hau ez da soilik administratiboa izan, hausnarketa estrategiko baten emaitza baizik. “Prebentzio komunitarioa funtsezkoa da gazteen garapen osasuntsurako. Orain egitura sendoagoarekin, askoz eraginkorrago jardungo dugu”, nabarmendu du Aranak.






