Indarkeria politikoak eta terrorismoak eragindako Giza Eskubideen urraketen ondorioen inguruan hausnarketa, Zarautzen

0

Zarauzko Udalean ordezkatuta dauden alderdi politiko guztiek elkarlanean, 2025ean zehar hainbat ekimen prestatu dituzte indarkeria politikoak eta terrorismoak eragindako Giza Eskubideen urraketen ondorioen inguruan hausnarketa sustatzeko.

Hori dela eta, urte luzeetan pertsona askok bizi izandakoa gertutik ezagutzeko aukera zabaldu nahi du Udalak; beraien egunerokotasunean giza eskubideak urraturik ikusi zituztelako eta bizi izandako sufrimendu asko isilpean eraman zituztelako beraiek eta kasu askotan, beraien senideek ere.

Sufrimendu guztiek eragindako ondorioak pairatu, eta oraindik ere pairatzen dituzten pertsonen, beraien familien eta kolektiboen errealitatera gerturatzea da ekimen sorta honen helburua.

Horretarako, 3 ekimen ezberdin antolatu dira:

•    “Hurrengoa zu.  En la diana” erakusketa. Urriaren  28tik azaroaren 9ra bitartean, Merkatu plazako 1. solairuan, Gipuzkoako Foru Aldundiak sustatu eta Baketik Fundazioak osatutako ikerketarekin buruturiko erakusketa bat izango da ikusgai. Bertan ezagutu ahal izango dira bereziki Gipuzkoan izandako jazarpen indarkeria eta mehatxu larriak. Irekiera ekitaldia urriaren 28an bertan izango da, 18:00etan, eta, hurrengo egunetan, 18:00etatik 20:00etara bisitatu ahal izango da. Erakusketa honako egunetan egongo da zabalik: urriaren 29tik 31ra eta azaroaren 4tik 7ra.

•    “Herriak ez du barkatuko” liburuaren aurkezpena. Azaroaren 6an udaleko Batzar Aretoan, 18:30ean, Irati Goikoetxea Asurabarrenak bere eleberria aurkeztuko du. Saio honetan, solaskide izango du  Pili Zabala Artano. Indarkeriak azken hamarkadatan eragindako sufrimenduez, orainaz eta etorkizunaz arituko dira. Sarrera irekia izango da aretoa bete arte.

•    Memoria eguna. Urtero bezala, Memoriaren Egunaren baitan, azaroaren 9an, 12:00etan, Zarauzko Udalak memoria ekitaldia gauzatuko du Arrosategi parkean. Zarauzko biktima oro aitortzen duen ekitaldia da hau eta, irekia izango da Zarauzko herritar guztientzat.

Zarauzko Udalak antolatutako ekimen guzti hauetan parte hartzera animatu nahi ditu herritarrak.