Ricardo Ituartek «Euskadiko Segurtasun Pribatuaren VII. Kongresua» inauguratu du

0

Ricardo Ituarte Segurtasuneko sailburuordeak «Cuadernos de Seguridad» aldizkari espezializatuak antolatzen duen «Euskadiko Segurtasun Pribatuaren Kongresua» inauguratu du gaur goizean Bilboko Bizkaia Aretoan. Urtero erreferentziazko profesionalak biltzen dituen topaketa honek, segurtasunaren ikuspegi integral batetik, sektorearen erronkak aztertu, konponbideak partekatu eta joerak aurreratzen ditu.

Sailburuordeak, bere aurkezpenean, lankidetza publiko-pribatua indartzearen garrantzia nabarmendu du, «gure segurtasun-ereduaren ardatz nagusi gisa.” “Euskadi markaren beste ezaugarri bereizgarri bat da. Elkarrekin bidea eginez, informazioa, estrategiak eta helburuak partekatuz, segurtasuna herritarrentzako funtsezko zerbitzu gisa indartzen da» adierazi du Segurtasuneko sailbururodeak. Ituartek gaineratu duenez, segurtasun pribatuaren kongresua «aukera ezin hobea da segurtasun moderno, jasangarri, teknologiko eta gizatiarrarekin dugun konpromiso kolektiboa berresteko. Segurtasun integral bat. Babesten gaituen segurtasuna, baina baita prebenitzen, hezten eta konfiantza sortzen duena ere».

Kongresuak gaur egun osoa iraungo du, eta Asier Erkoreka Segurtasuna Koordinatzeko zuzendariak eta Karmelo Martínez Ertzaintzako Prestakuntza eta Hobekuntzarako komisario buruak ere parte hartu dute.