Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailak 9,17 milioi euro eman ditu EREIN 2025 programan, Euskadiko landa-eremuak sustatu eta garatzeko laguntzetan

0
  • 116 dirulaguntza eman zaizkie udalei eta administrazio-batzarretako proiektuei
  • Landa-inguruneko azpiegiturak eta oinarrizko zerbitzuak hobetzeko proiektuetarako dira, hala nola hornidura-sareak handitzeko, espazio publikoak berritzeko, energia-eraginkortasunerako edo zerbitzuak digitalizatzeko

Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapena, Nekazaritza eta Arrantza Sailak Euskadiko landa-eremuak sustatu eta garatzeko laguntzak emateko EREIN 2025 programaren barruan toki-erakundeek egindako eskabideen ebazpena argitaratu du. 116 dirulaguntza eman zaizkie Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako udalei eta administrazio-batzarrei, 9.170.052 euro guztira, Finantzaketa Nazional Gehigarriaren bitartez finantzatu direnak oso-osorik.

Laguntzak landa-eremuko oinarrizko zerbitzuak eta azpiegiturak hobetzeko proiektuetara bideratuta daude, hala nola hornidura-sareak handitzera, espazio publikoak berritzera, energia-eraginkortasuna hobetzera, zerbitzuak telektura- eta digitalizazio-sistemak instalatzera, komunitate-ekipamenduak egokitzera edo landa-inguruneko hiri-berroneratzeko jardueretara. Ekimen horiek guztiek landa-guneetan bizi diren pertsonen bizi-kalitatea indartzen eta lurralde horien garapen ekonomiko eta soziala bultzatzen lagunduko dute.

Laguntza hauek Eusko Jaurlaritzak landa-inguruneko bizi-baldintzak hobetzeko duen konpromisoaren erakusgarri dira. EREIN programaren bidez, udalerri txikiek eta administrazio-batzarrek oinarrizko zerbitzuak hobetzen dituzten, jasangarritasuna bultzatzen duten eta Euskadiko lurralde-kohesioa indartzen duten proiektuei ekiteko aukera izan dezaten laguntzen dugu” adierazi du Amaia Barredok, Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapena, Nekazaritza eta Arrantza sailburuak.

Deialdi honetan 247 laguntza-eskabide aurkeztu dira; horietatik 102 Arabako lurralde historikokoak izan ziren, 78 Bizkaikoak eta 67 Gipuzkoakoak. Eskabideak zuzentzeko errekerimendu-fasearen ondoren, 25 atzera egite zenbatu dira, horietatik zortzi zuzenketa-fasean eskatutako dokumentazio osoa ez bidaltzeagatik eta gainerako hamazazpiak uko egiteko idazkia aurkeztu ondoren. Horrela, 222 espediente aztertu dira.

Aztertutako espedienteetatik, 116 onartu dira, eta diruz laguntzeko moduko zenbatekoa 37.404.099,50 eurokoa da guztira. Hala ere, emandako zenbatekoa 9.170.052 eurokoa izan da, Aginduan ezarritako balorazio-irizpideen arabera. Bestalde, 106 eskabide ukatu dira.