Ertzaintzak diskoteketako ikuskapenak areagotu ditu Halloween ospakizuna dela-eta

0
  • Esku-hartzearen barruan, Euskadin zortzi areto ikuskatu ditu
  • Festa horietan diskoteka barruko nahiz inguruko araudia betetzen den ere zainduko dute

Nire Aldayk, Eusko Jaurlaritzako Joko eta Ikuskizunen zuzendariak, eskatuta, Ertzaintzako Joko eta Ikuskizun Unitateko agenteek aste honetan, Halloween ospatu aurretik, dispositibo berezi bat jarri dute martxan 700 lagunetik gorako edukiera duten eta gaualdi tematikoa egingo duten Euskadiko diskoteka guztiak ikuskatu eta kontrolatzeko. Operatibo berezi honen helburua aretoaren funtzionamenduan egin ahal izan diren aldaketak edo indarrean dagoen araudia beteko ez lukeen dekorazioa instalatu den detektatzea da.

Guztira zortzi ikuskapen egin dituzte, lau Bizkaian, bi Gipuzkoan eta beste bi Araban.

Ikuskapen horiek lokalen arduradunekin batera egin dituzte eraginkorrak direla bermatzeko, eta horien helburua zen instalazioei eta establezimendu horietan lan egiten duten langileei eskatutako lege-neurriak betetzen diren zaintzea, ikuskizunen garapen zuzena eta lokalean dauden bezeroen eta langileen segurtasuna bermatzeko.

Besteak beste, egiaztatu dituzte ebakuazio-bideak (egokiak diren eta seinaleztatuta dauden), suteen aurkako babes-baliabideak (horien egoera, kokapena eta seinaleztapena) eta sarbideak eta edukiera kontrolatzeko bitartekoak. Lan hori hainbat fasetan egiten da:

  • Lokala ireki aurretik bisita egiten dute, hautemandako gabeziak konpontzeko edo zuzentzeko behar besteko aurrerapenarekin.
  • Bigarren bisita jarduera garatzen den bitartean egiten dute, eta instalazioak eta langileen eginkizunak aztertzen dituzte eta adingaberik dagoen eta edukiera kontrolatzen dituzte.

Gainera, urriaren 31ko gauean, Joko eta Ikuskizun Unitateko agenteak zaintza- eta kontrol-lanetan arituko dira ertzain-etxeetako herritarren babeseko agenteekin batera, diskoteken eta dantzalekuen inguruan prebentzio moduan.