Javier Hurtado Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuak Urban Commerce Kongresuaren edizio berria inauguratu du Gasteizen. Kongresu horren bidez, Arabako hiriburua merkataritza biziberritzeko politiken eta hiriko merkataritzaren berrikuntzari eta modernizazioari buruzko esperientzien trukeen epizentro bihurtzen da urtero.
“Merkataritza-hiriak birdiseinatzen: inspiratzen duten tokiak” izenburupean, espazio publikoak, teknologiak eta giza harremanek bat nola egin dezaketen hausnartuko dute kongresuan, saltokiei, kaleei eta auzoei bizi berria emateko.
Hitzaldian, sailburuak nabarmendu du espazio publikoaren, digitalizazioaren eta pertsonen hiru ardatz horiek erabateko gaurkotasuna dutela. “Gaur egun, esperientziak bilatzen ditugu. Erosketak egitera joatea eta gure hirietan mugitzea sentitzen dugun zerbait izatea nahi dugu. Etorkizuneko saltokiek zerbitzua, arreta pertsonalizatua eta teknologia izan behar dute oinarri, pertsonen zerbitzura dagoen tresna gisa”, adierazi du.
Gainera, azpimarratu du garrantzitsua dela hiri-espazioak pertsonentzat berreskuratzea. “Paseatzera gonbidatzen duen kalea, topaketez betetako plaza bakoitza eta istorio bat kontatzen duen erakusleihoa hiri bizi eta askotarikoaren arimaren parte dira. Giza merkataritzarako giza espazioak sortzea da helburua”, adierazi du. Hiri-jasangarritasunak, bizi-kalitatea hobetzeaz gain, merkataritzak gizarte-kohesioan duen zeregina indartzen du. Hiri gizatiarragoak, eraginkorragoak eta jasangarriagoak egiteak eragin zuzena du pertsonen ongizatean eta gure auzoetako dinamismo ekonomiko eta sozialean.
Ildo horretan, Gasteiz ekonomiaren, ingurumenaren eta bizi kalitatearen arteko orekaren adibide dela adierazi du. “Gure hiriak frogatzen du hiri-plangintza jasangarria lorgarria ez ezik, desiragarria eta errentagarria ere badela”, nabarmendu du.
Sailburuak gogorarazi du tokiko merkataritzak funtsezko garrantzia duela euskal ekonomian: 135.000 langile ditu, hau da, Euskadiko enpleguaren % 14. Tokiko merkataritza babestea ez da erabaki ekonomikoa soilik: gizarte-kohesioan, ongizatean eta gure hiri eta herrien bizi-kalitatean inbertitzea da. Merkataritza eta gure kale eta komunitateak ezin dira bereizi. Gure hiriak gizatiartuta, bizia ematen dieten negozioak ere indartzen ditugu.






